Olentzero eta Errege Magoek Mendizorrotzan egingo dute ikuskizuna
Errege Magoek eta Olentzerok eta Mari Domingik Gasteizko haurrei harrera egingo diete bi ikuskizunetan. Ikuskizun horiek hainbat emanaldi izango dituzte, eta edukiera mugatua izango dute, koronabirus pandemiaren ondorioz. Ikuskizun horiek Mendizorrotzako kiroldegian egingo dituzte.
Osasun-egoeragatik ezin denez espazio publikoan desfilerik egin, Kultura Zerbitzuak beste aukera bat prestatu du, Errege Magoak eta Olentzero eta Mari Domingi urtero bezala Gasteizera irits daitezen eta egungo araudiak onartzen duen haur-kopuru handienarekin elkartzerik izan dezaten leku seguruan.
Oletzerok eta Mari Domingik Hator Hator ikuskizuna eskainiko dute abenduaren 23an eta 24an, eguneko lau emanaldirekin. 30 minutukoak izango dira emanaldiok, goizez eta arratsaldez eskainiko dira eta 400 laguneko edukiera izango dute.
"Musika, dantza, abestiak eta ilusioa" ez dira faltako, Udaleko Folklore Akademiaren eta Udalaren erraldoien konpartsen parte-hartzearekin, besteak beste.
Sarrera doakoa da, baina aldez aurretik hitzordua eskatu behar da. Gonbitak abenduaren 17an, 9:00etatik aurrera, eskuratu ahalko dira udalaren webgunean edo telefonoz (945 16 16 18, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara).
Abenduaren 24ko azken emanaldia, 18:00etakoa, streaming bidez ikusi ahalko da zuzenean, udalaren webgunean, eta ikusgai izango da Eguberrietan, herritar orok atsegin hartzerik izan dezan.
Bestalde, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Gasteizen izango dira urtarrilaren 4an eta 5ean, Badatoz Errege Magoak ikuskizunarekin. Ikuskizun horren sei emanaldi eskainiko dituzte egunero, goizez eta arratsaldez, eta 400 laguneko edukiera izango du bakoitzak.
Olentzerorekin bezala, gonbidapen bat eskuratu behar da. Abenduaren 28tik aurrera, web orriaren eta udalaren telefonoaren bidez eskura daitezke. Era berean, azken emanaldia internet bidez emango da, zuzenean, eta datozen egunetan egongo da eskuragarri.
Estibaliz Canto Kultura zinegotziak zehaztu duenez, gehienez 5 gonbidapen jaso ahal izango dira, eta adingabe bakoitzarekin heldu bat sartu ahal izango da. Horrez gain, heldu bakar bat haur batekin baino gehiagorekin joan ahal izatea eskatu du, "adingabeen sarrera errazteko", edukiera murrizketa dela eta.
Haurrentzako ikuskizunen erakustaldia
Halaber, abenduaren 26tik 30era, haurrentzako ikuskizunen XVII. erakustaldia izango da Mendizorrotzan. Aurten handitu egin da programa, eta bost ikuskizunen 10 emanaldi izango dira.
Abenduaren 26an Txiki Rock ikuskizunak abiaraziko du programa. Euskaraz izango da eta txikienak euskal rockean murgiltzen hastea nahi du. Bi emanaldi izango dira, 16:30ean eta 19:30ean. Abenduaren 27an, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen azken lana, Amaren intxaurrak, eskainiko da, 12:00etan eta 18:30ean.
Abenduaren 28an, haurrentzako El lago de los cisnes opera eskainiko da, 12:00etan eta 18:30ean, gaztelaniaz. Abenduaren 29an, berriz, Kantu kolore. Zuzeneko musika, koreografia, umorea eta energia txiki eta helduentzat; 12:00etan eta 18:30ean.
Azkenik, abenduaren 30ean, Naviland, el musical. El lugar donde viven los Reyes Magos programa izango da, 12:00etan eta 18:30ean. Gaztelaniaz.
Sarrerek 5 euro balioko dute, eta abenduaren 9an, 9:00etatik aurrera, erosi ahal izango dira udalaren webgunean edo telefonoz (945 16 16 18, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara).
Abesbatzen kontzertuak
Gasteizko Eguberrietako programan ohikoak izaten dira abesbatzak, eta aurtengoan ere izango dira, baina beste modu batera antolatuta, osasun-krisia dela eta. Gizarte etxeetako ekitaldi-aretoetan egingo dira, abenduaren 19tik urtarrilaren 3ra bitartean. Hauxe da programa:
Nurat: abenduaren 19an, Aldabeko gizarte etxean
Urkanta: abenduaren 20an, Salburuko gizarte etxean
Urkanta: abenduaren 21ean, Ariznabarreko gizarte etxean
Mairu: abenduaren 22an, Salburuko gizarte etxean
Tantak: abenduaren 23an, Zabalganeko gizarte etxean
Samaniego: abenduaren 26an, Arriagako gizarte etxean
Mairu: abenduaren 30ean, Araneko gizarte etxean
Ausartak: urtarrilaren 3an, Arriagako gizarte etxean
8 kontzertuak 19:00etan hasiko dira, eta gonbitak abenduaren 5etik aurrera erreserbatu ahalko dira, gizarte-etxeetan edo udalaren webgunean.
Jaiotza monumentala
Floridako jaiotza monumentala abenduaren 4an inauguratuko da, 16:00etan, eta urtarrilaren 6ra arte bisitatu ahalko da, 10:00etatik 21:00etara. Segurtasun-neurriak gordetzeko, jaiotzaren barruko bideek noranzko bakarra izango dute, jendea gurutzatzea ekiditeko.
Misterioaren kokalekua izango da aurtengo beste berrikuntzetako bat. Ezingo denez haitzuloaren barruko aldea erabili, haitzuloaren sarreraren kanpoko aldean jarriko dira Ama Birjinaren, San Joseren eta Jesus haurraren irudiak.
Olentzero eta Mari Domingiren etxea
Olentzero eta Mari Domingiren etxea ere beste leku batean jarriko da aurten, Zulueta jauregiaren lorategian hain zuzen ere, jendearentzako espazioa zabalagoa izateko. Senda ibilbidetik izango du sarrera, eta irteera, berriz, Musikaren ibilbidetik. Horrela, nahitaezko noranzkoa duen ibilbide bakarra egongo da.
Olentzero, Mari Domingi eta Astotxoren irudiek 10:00etatik 21:00etara hartuko dituzte hiriko haur guztiak. Abenduaren 4an, 16:00etan, inauguratuko da, eta urtarrilaren 6ra arte egongo da zabalik.
Zure interesekoa izan daiteke
Durango, Palestinaren alde
Musikari ez ezik, bertsolariei eta umoregileei ere ireki die leihoa Oihu bat Palestinara jaialdiak; izan ere, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Txaber Altube eta Nerea Ibarzabal bertsolariek eta Antton Telleria eta Asier K. bakarrizketariek hartu dute parte.
Nafarroako Erribera luze-zabalean zeharkatuta, Iruñerako bidea hartuko du gauerdian Korrikaren lekukoak
13:23an iritsiko da igandean Korrika Nafarroako hiriburura, bere laugarren egunean. Euskararen aldeko pausoek Erribera hartu dute larunbat honetan, korri eginez eta euskaraz bizitzeko aldarria ahotan.
Ehunka lagun elkartu dira Bilbon, "Kuba bizirik. Blokeorik ez!" lelopean
Hegoak plataformak deituta, Kubaren aldeko elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Bilboko Areatzan, "EBk ezarritako itolarri ekonomiko eta energia blokeo politika arbuiatzeko". Habanara iritsiko den konboi solidarioaren alde ere agertu dira. Bilbon bezala, Iruñean ere mobilizatu dira plataforma horrek deituta.
47 urteko gizon bat atxilotu dute Ermuan, anaia sastatzea egotzita
Erasoa 06:00ak aldera gertatu da, San Pelaio auzoko etxebizitza batean. 46 urteko biktima larri eraman dute ospitalera, gorputzeko hainbat lekutan zauriak baitzituen.
12 edukiontzi erre dituzte Getxoko hainbat kaletan
Areeta auzoko bost kaletan eman diete su edukiontziei, eta kalte material ugari eragin. Getxoko Udaltzaingoa pertsona susmagarri bat identifikatzeko lanean ari da.
Gizon batek alaba adingabea hil du Torreviejan
Guardia Zibila indarkeria bikarioko krimen gisa ikertzen ari da bi edo hiru urte zituen haurraren hilketa.
Preso bat hilik aurkitu dute Baionako espetxean
23 urteko gizonak bere buruaz beste egin du. Arazo psikiatrikoak zituen, eta bakarkako ziega batean zegoen preso.
Donostiako Arrazakeriaren aurkako Martxak erroldatzeko eskubidea aldarrikatuko du, igandean
29. edizioak Trintxerpe eta Donostia zeharkatuko ditu, Erroldarik gabe ez naiz existitzen lelopean.
Gizon batek emazte ohia hil du tiroz Zaragozan
Espainiako Gobernuaren ordezkariaren esanetan, gizona emakumearen zain egon da kalean, tiroka hiltzeko.
Garazi eta Jon, maitasunarekin eta euskararekin engaiatuta
Korrikaren 387. kilometroa egin dute, Caparrosotik Valtierrara bidean, trajez eta zuriz jantzita, maitasunarekin eta euskararekin duten konpromisoa erakutsiz. Aurtengo irudi bitxietako bat utzi digu irailean ezkonduko den Zamudioko bikoteak.