EUSTAT-EN IKERKETA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Ordaindu gabeko etxeko lana EAEko BPGaren ia % 28 da

Ordaindu gabeko etxeko lanak sexuaren arabera banatzeari dagokionez, funtsean emakumezkoa da horietaz arduratzen dena. Etxeko lanen % 67,2 emakumeek egiten dituzte.
Pertsona bat bazkaria prestatzen.
Pertsona bat bazkaria prestatzen. Argazkia: PIXABAY

Ordaindu gabeko etxeko lanen balioa EAEko barne produktu gordinaren (BPGa) % 27,7 da; 2018an 21.296 milioi eurora iritsi zen.

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak Etxeko Lanaren Kontu Satelitearen seigarren edizioa egin du. Helburu nagusia da etxeetan egindako ekoizpen-jardueren irudi globala ematea eta haren balio ekonomikoa kalkulatzea.

Azken 25 urteetako datuak aztertzen baditugu, nabarmentzekoa da ordaindu gabeko etxeko lanen balioaren partaidetzaren ehunekoak behera egin duela BPGan, 1993ko % 46,2tik 2018ko % 27,7ra.

Eustatek azaldu duenez, agerian geratu da etxeko ekoizpena kontraziklikoa dela; izan ere, krisi-garaietan gora egiten du, baliabideak merkatu-ekonomiatik ordaindu gabeko etxeko ekonomiara transferitzearen ondorioz, eta murriztu egiten da oparoaldietan.

2018an, funtzioen araberako banaketak ez zuen alde handirik izan 2013. urtearekin alderatuta, garrantziaren araberako ordenari eusten baitzaio proportzio handiena duten lanetan: lehenik eta behin, janaria (% 40,4) eta ostatuari (% 29,6) loturiko lanak daude; ondoren, zaintza eta hezkuntzari loturiko lanak (% 22,5), eta, azkenik, arropa eta bestelakoak (% 7,5).

Hala ere, nabarmendu behar da gero eta pisu handiagoa hartzen ari dela zaintza eta hezkuntzari loturiko lana; 2008an % 15,5 izatetik 2018an % 22,5 izatera igaro da, janaria emateko eginbeharren kaltetan, 2008an % 44,7 izatetik 2018an % 40,4 izatera igaro baita.

Datuok, antza, biztanleria-piramidearekin bat egiten dute, gero eta adineko gehiago baitaude, eta etxeetan zainketa gehiago behar baita, Eustaten arabera.

Sexuaren arabera

Ordaindu gabeko etxeko lanen balioa sexuaren arabera banatzeari dagokionez, funtsean emakumezkoa da lan horietaz arduratzen dena, ordaindutako merkatuan gertatzen den bezala. Etxeko lanak norbere bertan egiten direnean, % 67,2 emakumeek egiten dituzte.

Funtzioei dagokienez, 2018an gizonezkoen ekarpen handiena ostatuan eta etxebizitzan (% 38) eta zaintza eta hezkuntzan izan da, batik bat (% 34,7).

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pertsona bat erietxera eraman behar izan dute Baionan gertatu den sute baten ondorioz

Sua 14:15ak inguruan piztu da garra Baiona Tipiko Kupelgileak karrikako eraikin batean. Suhiltzaileek eraikina hustu dute bertaratu orduko.  Hirugarren solairuan zegoen gizonezko bat larrialdi zerbitzuen laguntzarekin atera behar izan dute eta Baionako erietxera eraman dute kea arnastuta.  Garrak itzali badituzte ere, auzo guztiko elektrizitatea eta gasa moztu dituzte, prebentzio neurri gisa. Eraikinak kalte ugari izan ditu eta bere egoera hurrengo orduetan aztertu beharko da. Bizilagunek gaua etxetik kanpora igaroko dute. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X