Zaldibarko zabortegia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Zaldibarko ingurumen kalteen erantzule "bakar" izatea baztertu du Verterrek

Zaldibarko zabortegiaren jabea den Verter Recycling enpresak zorroztasun handiagoa eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, uretan eta lurzoruan eragindako kaltea berari egotzi ostean.
Zaldibarko zabortegia
Zaldibarko zabortegia. Artxiboko argazkia: EFE

Zaldibarko zabortegiaren jabe den Verter Recycling enpresak "zorroztasun handiagoa" eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, luiziak inguruko lurzoruetan eta gainazaleko zein lurpeko uretan sortutako kalteen erantzukizunak esleitzerakoan. Edozein kasutan, ukatu egin du erantzule bakarra izatea.

Enpresak gaur zabaldutako ohar batean dioenez, Eusko Jaurlaritzak igorritako ebazpenak Verter enpresari egotzi dio zabortegian gertatutako luiziaren gaineko ingurumen-erantzukizuna, instalazioko operadorea den aldetik, eta luizi horren ondorioz gertatu diren ingurumen-kalteak konpontzeko betebeharra ezartzen dio. Gainera, hamar eguneko epea (bost eguneko luzapenarekin) eman dio Zaldibarren eragin zituen ingurumen arazoak onbideratuko dituen proiektu bat aurkezteko.

Salatu duenez, "Eusko Jaurlaritzak prozedura-berme egokirik gabe eman du ebazpen hori,  eta kalteak zenbatzeko eta haien  garrantzia zehazteko ezarritako metodologiak eta gidak alde batera utzita".

Gainera, Verterrek gaitzetsi egin du erantzukizun guztia "esklusiboki" egoztea, "inplikatutako beste eragile batzuk" ere erantzule izan litezkela iritzita. 

Enpresak zorroztasun  handiagoa  eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, "bai jarraitu beharreko prozedurari dagokionez, bai ebazpen horren amaierako ondorioei dagokienez ere".   

Bestalde, ingurua konpontzeko eta egonkortzeko konpromisoa erakutsi du, baita Joaquin Beltranen gorpua aurkitzeko ere.

Zure interesekoa izan daiteke

Portavoz del Gobierno de Navarra, Javier Remírez
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Nafarroako Gobernuak esan du "protokoloaren arabera" jokatu duela tutoretzapeko zentro batean adingabe bati ustez egindako sexu-erasoaren inguruan

Javier Remirez bozeramaileak "agente, komunikabide eta alderdi politiko guztiei erantzukizuna" eskatu die, "adingabeen babesgabetasun-egoerak sortzen dituzten informazio zehazgabeei bide ez emateko". Ildo horretan, "eskuin muturrak" egoera aprobetxatu nahi duela gaitzetsi du, "adingabe jakin batzuk jatorriaren edo nazionalitatearen arabera estigmatizatzen dituen diskurtso faltsu bat markatzeko".

Gehiago ikusi
Publizitatea
X