Azken bost urteko batez bestekoa baino 3.000 heriotza gehiago izan dira iaz, covid-19aren eraginez batez ere
2020. urtean 24.247 heriotza izan ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, 2019an baino % 12,5 gehiago. Horietatik 3.096 covid-19ak eragindakoak izan ziren, heriotza guztien % 12,8 hain zuzen.
Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera, Araban izan da heriotzen gorakada nabarmenena (%19,3), eta ondoren Gipuzkoan (% 12,8) eta Bizkaian (% 10,7).
2015etik 2019ra bitarteko bost urteetan 21.000 heriotza inguru izan ziren urtero erkidegoan. Iaz, berriz, covid-19aren eragina nabarmena izan da heriotza kopuruetan eta, ohiko heriotzei, ezohiko faktore berri hau gehitu zaie. Azken bost urteko batez bestekoa baino 3.000 heriotza gehiago izan dira iaz, covid-19aren eraginez gertatutakoak, batez ere.
Covid-19ak eragindako heriotzak bi taldetan sailkatzen dira: analisi bereziaren bidez egiaztatutako covid-19aren ondoriozkoak (2.775) eta ustezko covid-19aren ondoriozkoak, kasu horiek analisi bidez egiaztatu ez badira ere, parte medikoan koronabirusa heriotzaren kausa nagusi gisa agertzen da (321).
Termino absolutuetan, Bizkaia izan zen covid-19aren ondoriozko heriotza kopuru handiena izan zuena (1.629), eta ondoren Gipuzkoa (872) eta Araba (595). Koronabirusak eragindako heriotzak Araban guztira izandako heriotzen % 18,2 izan ziren, Bizkaian % 12,3 eta Gipuzkoan % 11,3.
Hiriburuetan, Bilbo nabarmendu zen (626 heriotza covid-19aren ondorioz, heriotza guztien % 13,9), eta ondoren Gasteiz (496 heriotza, % 20,3) eta Donostia (252 heriotza, % 11,6). Bizkaiko Barakaldo, Basauri eta Getxo ere nabarmendu ziren, koronabirusagatik 161 (% 12,7), 99 (% 17,9) eta 92 (% 11,6) hil baitziren herri horietan, hurrenez hurren.
Covid-19aren ondorioz 2020an hil zen gizonen kopurua handiagoa izan zen emakumeena baino: 1.582 gizon eta 1.514 emakume. Adinaren arabera, 80 urtetik gorakoenak izan ziren koronabirusaren ondoriozko heriotza guztien % 72,8.
Hilen arabera, apirilean gertatu ziren covid-19aren ondoriozko heriotza gehien (1.065), baina hilen araberako bilakaera desberdina izan zen lurralde eta olatu bakoitzean. Araban, koronabirusagatiko heriotza kopuru handiena martxoan eta apirilean izan ziren; Bizkaian, apirilean, irailean eta abenduan; eta Gipuzkoan, apirilean eta azaroan.
81 urteko bizia, bataz beste
Covid-19aren ondorioz emakumeak baino gizon gehiago hil diren arren, oro har, 2020an emakume gehiago hil dira gizonezkoak baino, 12.191 emakume eta 12.056 gizon, hain justu. Hildako pertsonen batez besteko adina 81 urtekoa izan zen, 2010ean 78,1 urte izan bitartean; alegia, azken hamarkadan 2,9 urtez luzatu da bizitza, batez beste.
Haurren heriotza tasa dela eta, urtebeteko 39 adingabe hil ziren 2020an EAEn. Jaioberrien heriotza tasari dagokionez, lehen 28 bizi egunetan 27 heriotza egon ziren, horietatik lau lehen 24 orduetan eta beste 13 lehen astean zehar.
Halaber, 2020an, 100 urte edo gehiagoko 409 pertsona hil ziren (1920an edo lehenago jaioak), eta haien artean %82,4 emakumeak izan ziren. 100 urtetik gorako pertsonen artean 31 heriotza gehiago egon ziren 2019an baino.
Hazkuntza begetatiboa negatiboa izan zen, jaiotzak baino 9.508 heriotza gehiago egon baitziren. Lurraldeen arabera, saldo negatiboak izan ziren hiru lurraldeetan: Bizkaian 5.925 pertsona, Gipuzkoan 2.714 eta Araban 869.
Aurreko urtearen aldean, saldo negatibo hori %54,8 igo da, eta gorakada hori ia osorik da covid-19agatiko heriotzen ondoriozkoa; izan ere, heriotza horiek kenduz gero, hazkuntza begetatibo negatiboa 6.412 da.
Heriotzaren zergatiak
Orotara, 2020an EAEn izandako heriotzen % 25,7 tumoreen ondoriozkoak izan ziren (6.223 heriotza), % 23,1 zirkulazio aparatuko gaixotasunen ondoriozkoak (5.611 heriotza), % 12,8 covid-19aren ondoriozkoak (3.096), eta % 7,3 buruko eta portaeraren nahasmenduen ondoriozkoak (1.774).
Heriotzen motiboak desberdina izaten jarraitu zuen sexuaren arabera. Horrela, gizonen artean, tumoreek gainditu egin zituzten zirkulazio aparatuko gaixotasunak, eta emakumeen artean, kausa nagusia gaixotasun kardiobaskularrak izan ziren, eta ondoren, tumoreak. Gainera, buruko eta portaeraren nahasmenduen ondoriozko heriotzen artean emakumeen ehunekoa handiagoa da, eta kontrakoa gertatzen da kanpo kausek eragindakoetan, hor gizonen ehunekoa handiagoa baita.
Era berean, heriotza kausa aldatu egiten da adinarekin. Urtebetetik beherakoetan, heriotza ohikoenak jaiotza inguruko denboraldian sortutako gaixotasunen eta sortzetiko malformazioen ondoriozkoak izan ziren; urtebetetik 39 urtera bitartean, heriotza kausa nagusiak kanpo kausak izan ziren, besteak beste, istripuak eta suizidioak; 40 eta 79 urte bitartean tumoreak izan ziren lehen heriotza kausa; eta 80 urtetik aurrera, zirkulazio sistemako gaixotasunak.
Zure interesekoa izan daiteke
Picassoren margolan bat, 100 euroren truke: Alzheimerraren ikerketa finantzatzeko ekimena
Tête de femme (1941) Pablo Picassoren lan original honen zozketa apirilaren 14an egingo da, Parisen, eta oraindik milaka partaidetza daude saltzeko. Ekimen solidario honek mundu osoko parte-hartzaileak erakarri ditu.
Epailearen esku utzi dituzte Gasteizen adingabe bat sastatzea leporatuta atxilotutako zazpi gazteak
Ostegunean jazo zen erasoa, 18:30 aldera, bost gizonek adin txikikoa sastatu eta ibilgailu batean ihes egin zutenean. Atxilotuek 19 eta 21 urte bitartean dituzte, baina ikerketak zabalik jarraitzen du.
Aske utzi dute Barakaldon udaltzain baten tiroa jaso zuen ustezko lapurra
Gizonak arma zuri batekin egin zien mehatxu poliziei, eta udaltzain batek hanka batean tiro egin ostean atxilotu zuten.
EHUn ke poteak jaurti eta pankartak jarri direla eta, epelkeria ukatu eta salbuespenak direla esan du Bengoetxeak
EHUko errektoreak azaldu duenez, jarduera protokolo bat prestatzen ari dira, hezkuntza komunitate osoaren ekarpenak bilduta, erakundearen barruan errespetua eta bizikidetza sustatzeko.
Beste bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen, adingabe bat sastatzea leporatuta
Aurretik atxilotutako bost gazteek bezala, 19 eta 20 urte bitartean dituzte. Ertzaintzak labanak eta mailuak zituen poltsa bat topatu zuen horien autoan, eta konfiskatu egin zizkieten.
Behin-behinean aske utzi du epaileak Basaurin bikotekidearen heriotzarekin zerikusia zuelakoan atxilotutako gizona
45 urteko gizona 15:00ak aldera eraman dute epaitegira, eta epaileak behin-behinean aske utzi du baina egunero auzitegira joateko aginduarekin. Pasaportea ere kendu diote.
Basauriarrek bigarrenez gaitzetsi dute Amaiaren hilketa matxista
Udalak deituta, elkarreratze isila egin dute eguerdian Azaroak 25 plazan, sortzez Berangokoa zen 44 urteko emakumearen hilketa salatzeko. Hain justu, Berangoko Udalak beste bilkura bat deitu du astearterako.
Gizon bat atxilotu dute Basaurin, bikotekidea hiltzea egotzita
Biktima, 44 urteko emakume bat, ondoezik jarri ostean hil zen. Medikuek egindako lehen azterketen arabera, indarkeria zantzuak zituen. Ikerketaren iturriek EITBri baieztatu diotenez, urruntze agindu bat zegoen indarrean, baina atxilotuak askotan urratzen zuen.
17 urteko mutil batek polizia-kontrol batetik ihes egin du asegururik eta IATrik ez zuen auto batekin, Beriainen
Adingabeak giltzak ostu zizkion amari, eta jazarpen arriskutsu baten ostean, egindakoa "Instan argitaratuko ote zen" galdetu zien agenteei.
Adingabe bat sastatzeagatik Murgian atxilotutako bost gazteek polizia-etxean jarraitzen dute
Erasoa ostegun arratsaldean gertatu zen, Gasteizko Oto etorbidean.