Beste bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen, adingabe bat sastatzea leporatuta
Aurretik atxilotutako bost gazteek bezala, 19 eta 20 urte bitartean dituzte. Ertzaintzak labanak eta mailuak zituen poltsa bat topatu zuen horien autoan, eta konfiskatu egin zizkieten.
Ertzaintzak 19 eta 20 urteko beste bi gizon atxilotu ditu larunbat honetan Bilbon, Ostegun Santuan Gasteizen adingabe bati arma zuriz eraso egitea leporatuta. Hilketa saiakera delitua egotzi diete guztiei.
Ostegunean, 18:30ean, bost gizon gaztek mutil bat sastatu zuten, eta ibilgailu batean ihes egin zuten.
Biktima Txagorritxuko Ospitalera eraman zuten, zauriak artatzera, eta Ertzaintzak haiek bilatzeko dispositibo bat abiatu zuen, bost erasotzaileak aurkitu eta atxilotzeko. Hilketa saiakera egotzita atxilotu zituzten.
Azken bi atxilotuak ertzain-etxera eraman dituzte larunbatean, eta han egongo dira egin beharreko eginbideak amaitu arte, gainerako atxilotuekin batera. Ertzaintzak jakinarazi duenez, ikerketa zabalik dago oraindik.
Aurretik atxilotutako bost gazteak ere 19 eta 21 urte bitartekoak dira. Ertzaintzak labanak eta mailuak aurkitu zizkieten ihes egiteko baliatu zuten autoan, poltsa baten barruan, eta konfiskatu egin zizkieten.