LABek salatu du Hezkuntza Sailak ikastetxe publikoetan kamerak jartzea aurreikusten duela
Sindikatuak kritikatu du Hezkuntza Sailak "ikasleen intimitatea urratzen duten gailuak" eskuratu dituela, kamerak ikasgelen "sabaian" instalatu nahi dituztelako, "langileak kontrolatzeko".
LAB sindikatuak salatu duenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak kamerak jarri nahi ditu ikastetxe publikoetan, hezkuntza-komunitateak onartu gabe eta aldez aurretik horren berri eman gabe. Hori dela eta, gailu horiek ez konektatzeko eta ez erabiltzeko eskatu die ikastetxeei.
Ohar baten bidez, sindikatuak kritikatu egin du Hezkuntza Sailak "ikasleen intimitatea urratzen duten baliabideak" erosi izana, "langileak kontrolatzeko".
Gailu interaktibo berri horien instalazioa jartzeko aitzakiarekin, Hezkuntza Saila ikastetxeetako zuzendaritzei "xantaia" egiten ari zaiela salatu du LABek. "Hainbat ikastetxetako zuzendaritza taldeei adierazi die kamerei uko eginez gero ez dutela gela digitaleko gainerako ekipamendurik jasoko", azaldu du sindikatuak.
Ikasgela berri horiek monitore interaktiboa, mahai gaineko ordenagailua, web kamera, hari gabeko mikrofono pertsonala eta gelarako mikrofonoa izango lituzkete. Kamerak ikasgeletako sabaian ezarri nahi dituzte, eta, funtzionatu ahal izateko, mahai gaineko ordenagailura konektatu beharko lirateke.
LABen iritziz, helburu pedagogikorik gabeko tresnak izateaz gain,
"langileak kontrolatzeko" dira aipatu kamerak, eta hezkuntza komunitatearen baimenik gabe eta iritziak kontuan hartu gabe jarri nahi dituzte.
Sindikatuak adierazi duenez, jarduera hori, hezkuntza-komunitatearen "baimenik gabe", "noraeza eta urduritasuna" sortzen ari da, eta "hainbat ikastetxetako klaustroek uko egin diote" jada kamerak instalatzeari.