Korrikak 2.175 kilometro egingo ditu 11 egunean
AEKk 24. Korrikaren ibilbidea aurkeztuko du gaur, ostegunarekin. Korrika Laguntzaileek izango dute lehenik ibilbide osoaren berri, primizian, eta 09:30ean zabalduko dute guztientzat. Euskararen aldeko lasterketa hiriburuetara noiz iritsiko den aurreratzen dizuegu EITBn.
Tipi-taparen dardara gero eta nabariago da; martxoaren 19an abiatuko da euskararen aldeko ekimen hunkigarria, Atharratzetik. Jakina zen Korrikak Errigora omenduko duela eta ZETAK taldeak egin duen kantua belarriz belarri ari da bidea egiten. Gaur, ostegunarekin, ibilbidea eta ordutegia zabalduko ditu AEKk, 09:30etik aurrera.
Lehenago, Korrika Laguntzaileek izango dute ibilbidea jakiteko abantaila, primizian, Korrikaren aplikazioaren bitartez. Aplikazio horretan, gainera, furgonetaren geolokalizazioa eskainiko da, Korrika garaiz, aurrerapenez edo atzerapenez datorren jakiteko, furgonetako zuzeneko irudiak emango dira 24 orduz.
EITBk, nolanahi den, 2.175 kilometro eta 3.436 lekuko hartzeko ibilbidea hiriburuetan noiz izango den jakin du.
Hiriburuak
Atharratzetik irtenda, Maule bisitatuko du lehenik Korrikak, martxoaren 19an bertan 16:45ean, eta biharamuneko ordu txikietan (hilak 20, 02:50ean) iritsiko da Donibane Garazira.
Iruñera martxoaren 22an iritsiko da, igandearekin, 14:30ean, eta handik Baionara egingo du, Lapurdiko hiriburua martxoaren 24an (20:30) jotzeko. Donostian martxoaren 25ean, asteazkena, ibiliko da, 08:15etik aurrera, eta martxoaren 27an, ostiralarekin, Gasteizek hartuko du lekukoa.
Azken metroak Bilbon egingo ditu 24. Korrikak, martxoaren 29an, Bizkaiko hiriburuan 07:20an sartuta. Ohi bezala, jai handia izango da hiri horretan, egun osoan.