Horrelakoak dira euskal gazteak: prestatuak eta toleranteak, baina emantzipatzeko arazo handiak dituzte
Gazteen Euskal Behatokiak argitaratutako 'Gazteen Adierazleak' txostenak euskal gazteen erradiografia interesgarria eskaini du. Gazteen % 72,6k seme-alabak izan nahi dituzte, baina atzeratu beharko dutela uste duenak inoiz baino gehiago dira.
Gazte talde bat, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media
Euskal gazteria inoizko prestatuena da, alde handiz, eta orain dela hamarkada bat baino hobeto sartzen ari da lan merkatuan. Gazteek, baina, talka egiten dute tamainako arazoekin gurasoen etxetik alde egiteko orduan edo familia bat osatu nahi izaten dutenean.
Gazteak, halaber, toleranteagoak dira, gehiago erabiltzen dute euskara, feministagoak dira eta inoiz baino interes handiagoa agertzen dute politikaren inguruan; baina askok osasun mentalari lotutako arazoak pairatu dituzte eta gehienek uste dute euren gurasoek adin berean izan zuten egoera baino okerragoa dutela gaur.
Horiek dira, besteak beste, ‘Gazteen Adierazleak’ txostenetik atera daitezkeen ondorioetako batzuk. Dokumentua Gazteen Euskal Behatokiak argitaratu du, eta 125 adierazleri buruzko datuak biltzen ditu, bai Behatokiaren ikerketetatik, bai bigarren mailako iturrietatik jasotakoak (Eustat, Eusko Jaurlaritzako sailak eta abar). Informazioa Euskal Autonomia Erkidegoko 16 eta 34 urte bitarteko gazteei buruzkoa da, nahiz eta adin-tarteak adierazlearen arabera aldatu.
Ikasketak eta prestakuntza
Gazteen formakuntzaren inguruko datu ugari jaso du txostenak. Eta ondorio argi bat atera daiteke: gaurko gazteak inoizko prestatuenak dira.
Eskola modu goiztiarrean uzten dutenen tasa inoizko baxuena da. Horrela, 18 eta 24 urte bitarteko gazteen % 5ek soilik ez dute bigarren hezkuntzako bigarren etapa amaitu. Datu hori Espainiako batez bestekoa (% 13) baino 8 puntu txikiagoa da, eta baxuena da erkidego guztien artean. Hego Euskal Herri osoari erreparatuz, Nafarroan eskola modu goiztiarrean uzten dutenak % 9 dira.
Goi-mailako tituludunen ehunekoa ere inoizko altuena da. EAEko 25 eta 34 urte bitarteko gazteen % 61,2k goi-mailako tituluren bat dute (goi-mailako lanbide-heziketako zikloak, unibertsitate-graduak etab). Nafarroan, antzekoa da datua (% 60,4). Estatu mailan, berriz, gazteen % 52,6k dute goi mailako titulu bat.
Euskara eta ingelesa
Euskararen ezagutzari eta erabilerari dagokionez, txostenak datu positiboak dakartza. 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 80k ondo hitz egiten dute euskaraz. Aldea nabarmena da orain dela urte batzuetako datuekin alderatuta: 1989an, gazteen % 24,2k esaten zuten euskara ondo hitz egiten zutela, eta 2004an % 52k. Gaur, 15-19 adin-taldeari erreparatuz, % 85ek hitz egiten dute ondo euskaraz.
Lagunen artean euskaraz nagusiki hitz egiten dutenen ehunekoa ere handitu da, nahiz eta lurraldeen arteko aldeak oso esanguratsuak izan. Gipuzkoan % 63,6k hitz egiten dute nagusiki euskaraz lagunen artean (duela hamarkada bat baino 4 puntu gehiago eta 2001ean baino 20 gehiago), Araban % 27,5ek (2001ean baino ia 20 puntu gehiago) eta Bizkaian %24,5ek (2006ko ehuneko bera). Dokumentuak ez du Nafarroari eta Iparraldeari buruzko daturik jaso atal honetan.
Ingelesaren ezagutzari dagokionez, 15 eta 29 urte bitarteko gazteen %66,5ek ondo hitz egiten dute ingelesez; 1989an %12,1 ziren eta 2004an %28,6.
Enplegua eta soldata
Gazteen Euskal Behatokiaren txostenak gazteen egoera ekonomiko eta laboralari buruzko informazio ugari ere eskaintzen du. Langabezia-tasa % 10,9an dago, azken hamarkadetako mailarik baxuenetako bat; aldea nabaria da 2014ko % 29,5arekin erkatuta.
Horrela, lan-merkatuan sartzeko datuak hobeak dira, baina aldi baterako kontratuen tasa oraindik handia da (% 40) eta hileko batez besteko soldata garbia 100 eurotan baino ez da handitu 2010etik, prezioek gora egin duten arren. Gaur, 18 eta 34 urte bitarteko gazteen batez besteko soldata 1.564 eurokoa da; 18-29 urtekoen soldatari erreparatuz, baina, 1.381 eurora jaisten da.
Emantzipazioa eta etxebizitza
Soldata baxu horiek, etxebizitzen prezioekin batera, eragin nabarmena dute gazteen emantzipazioari dagokionez, eta atal horretan Euskadi Europaren atzetik dago.
Kapitulu honetako datuak kezkagarriak dira. Emantzipazio-tasa % 32,3koa da, krisi ekonomikoaren urteetan baino okerragoa eta Espainiako batez bestekoa baino zertxobait txarragoa.
Egoera are larriagoa da Europako datuekin alderatuta. Finlandian edo Danimarkan, esaterako, % 82tik gora dago gazteen emantzipazio-tasa, Euskadin baino 50 puntu gehiago, eta Frantzian edo Estonian % 60,1 gainditzen du. Europar Batasunean, emantzipazio-tasa % 50,8koa da.
Etxebizitza eskuratzeko kostua da emantzipazio berantiar hori eragiten duen faktore garrantzitsuenetako bat. Merkatuko errentaren eta alokairuko gehieneko errenta onargarriaren arteko aldea 350 eurokoa da, inoizko handiena. Gauza bera gertatzen da gazte batek alokairura bideratu beharko lukeen soldataren ehunekoarekin (% 52,4). Egoera horren ondorioz, gazteen % 11,9k baino ez dute nahiago alokairua erostea baino; 2015ean ehuneko hori % 58,2koa izan zen.
Familia eta ugalkortasuna
Soldata mugatuen, etxebizitzen prezio altuen eta emantzipazio berantiarraren baturak testuinguru zaila sortzen du jaiotza-tasaren ikuspegitik.
Gazteen % 72,6k seme-alabak izan nahi dituzte; hala ere, amatasun eta aitatasun geroratuaren indizea mailarik altuenean dago: gazteen % 32k uste dute ezin izango dituztela seme-alabak izan nahi duten adinean. Amatasunaren batez besteko adina 32,4 urtekoa da, Europako eta gainerako erkidegoetako batez bestekoa baino handiagoa.
Atzerrian jaiotako biztanle gehiago
Atzerrian jaiotako gazteen ehunekoak gora egin du azken urteetan. Azken datuen arabera (2025), Euskal Autonomia Erkidegoko 15-29 urteko gazteen % 21,5 atzerrian jaio da, 2010ean baino 6 puntu gehiago.
Atal honetan, hala ere, aldeak daude adin-taldeen arabera. 15-19 urtekoen taldean, atzerrian jaiotakoen ehunekoa % 12,6 da, baina 25-29 urtekoen taldean, berriz, atzerrian jaiotakoen ehunekoa % 30era iristen da.
Osasuna
Osasunari dagokionez, daturik deigarrienak gazteen osasun mentalarekin lotuta daude. Osasun-arazo kronikoen prebalentzia jaitsi da azken urteetan; hala ere, gazteen %18,9k antsietate edo depresio arazoak izan dituzte. Emakumeen artean ehunekoa % 25,6koa da.
Gainera, bakardade-sentimendua nabarmen handitu da. 2018an gazteen % 1,6k esaten zuten bakarrik sentitzen zirela; gaur egun % 7,3 dira.
Bestalde, sedentarismo-tasa 22 puntu jaitsi da 2007tik, eta %10ean dago; tabako-kontsumoa erdira jaitsi da 15 urtean (%36,4tik %17,4ra); eta arriskuzko alkohol kontsumoa eta kanabis kontsumoa inoiz baino baxuagoak dira.
Balioak, politika eta berdintasuna
Gazteen balioei eta jarrerei dagokienez, politikaren inguruko interesa nabarmen igo da. Gazteen % 55ek diote politikan nahiko interesatuta edo oso interesatuta daudela; 2008an, aldiz, % 18 ziren, inoizko daturik apalena.
Horrekin batera, gazteen % 90,9k eutanasia babesten dute, % 92,1 sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen alde daude, eta % 89,5ek abortu boluntarioaren alde egiten dute. Segurtasun-gabeziaren pertzepzioa handitu da, eta gazteen % 45,3k beldurra dute gauez kalean ibiltzeko; duela 20 urte %14k zioten hori.
Gizon-emakumeen arteko berdintasunari dagokionez, gizonen % 23,1ek uste dute emakumeek aukera gutxiago dituztela lanpostuetara iristeko; emakumeen artean ehunekoa %48,5era igotzen da. Halaber, gizonen % 69,1ek beren burua feministatzat dute, eta emakumeen artean % 85,9k.
Ongizate pertsonalari dagokionez, 15-29 urte bitarteko gazteek 72 puntuko batez besteko balorazioa ematen dute (0-100 eskalan). Puntuazio hori duela bi urte baino zertxobait handiagoa da, baina 2013koa baino baxuagoa (80ra iritsi zen).
Etorkizunarekiko konfiantza-indizea inoizko baxuena da: 56ean kokatzen da (100 arteko eskalan). Honi lotuta, datu esanguratsu bat ageri da: gazteen % 49,6k baino ez dute uste beren gurasoek adin berean zuten egoera baino bizi-egoera hobean daudela. Daturik baxuena da serie historikoan. 2008an lau gaztetatik hiruk uste zuten gurasoak baino egoera hobean zeudela; gaur, berriz, erdiak baino ez.
Zure interesekoa izan daiteke
Santanderko pasabidea hautsi zenetik bila zebiltzan neskaren gorpua topatu dute
Asteartean istripua gertatu zenetik, gorpua agertu den inguruetan ari ziren 20 urteko Guadalajarko neskaren bila. Asteartean bertan topatu zituzten horren bost lau ikaskide eta begiralearen gorpuak (horietako hiru euskal herritarrak), pasabidea igarotzen ari zirela hori hautsi eta uretara erori ziren denak. Neska arabar bat da istriputik bizirik atera den bakarra.
El Bocaleko istripuan erreskatatutako gazteak egonkor jarraitzen du eta kontziente dago
19 urteko gaztea asteartean ospitaleratu zuten, "sabeleko traumatismo larria" zuela. Santanderreko itsaslabar bat zeharkatzen duen pasabide bat haustean, Bocal inguruan, beste sei lagunekin batera metro batzuk erori zen arroka artera. Gaurko egunean zehar, traumatismo horren bilakaera baloratzeko hainbat proba egingo dizkiote gazteari.
Euforia eta emozioa Realeko jarraitzaileen artean, Errege Kopako finalerako txartela lortuta
Realeko milaka jarraitzaile Sevillara begira daude dagoeneko, apirilaren 18ko Errege Kopako finala gertutik bizitzeko ilusioarekin. 2021ean ikuslerik gabe jokatu behar izan zen finalaren ondoren, realzaleek finalaren esperientzia bizi nahi dute.
Garraio eta ostatuen prezioak izugarri igo dira Sevillan Kopako finalaren astebururako
Realak Errege Kopako finalerako txartela lortu du, eta Atleticoren kontra ariko da apirilaren 18an, Sevillan. Zaleek erronka potoloa dute orain, taldeari laguntzera bertara joateko modua aurkitzea eta lotarako leku bat topatzea, ahal bada patrikak hustu gabe, ilusioak seguru asko bilaketan lagunduko badie ere, ez baitu, momentuz, ordaintzeko balio.
62 urteko arrantzale bat hil da Donostian, uretara erorita
Gurutze Gorriko ontzi batek erreskatatu du gorpua.
Bilbon aire zabalean egotea saihestea eskatu dute, Saharako partikulak daudelako airean
Udalak jakinarazi duenez, Saharako hautsa dago airean, eta kontu handiz ibiltzeko aholkatu dute, batez ere arnasketako gaixotasunak edo gaixotasun kardiobaskularrak dituzten pertsonen, txikien eta adinekoen artean.
Uberrek % 20ko deskontua egingo du Gipuzkoako sagardotegietarako joan-etorri bidaietan
Uberrek, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak eta Sagardotegi Elkarteak akordioa lotu dute txotx denboraldi honetarako.
Albiste izango dira: Realzaleak Sevillara begira, Santanderreko tragedia, eta azken ordua Ekialde Hurbiletik
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Elkarretaratzea deitu dute Cintruenigon, familiak eskola-jazarpenarekin lotu duen neska baten heriotza salatzeko
17 urteko neskaren aldeko hileta-elizkizunean irakurritako gutun batean, familiak salatu zuen bullyingak hil duela adin txikiko neska.