Atharratzetik Bilbora, Korrikak euskararen paisaia guztiak zeharkatuko ditu
Euskararen aldeko ekimenak hizkuntzaren errealitate guztiak zeharkatuko ditu 11 egunez eta 10 gauez. 2.175 kilometro inguru egingo ditu Korrikak eta 460 herritatik igaroko da.
Zuberoako herri txiki batetik Euskal Herriko ingurune metropolitar nagusira. Ekialdetik mendebaldera. Atharratzetik Bilbora. Gaurtik hasi eta hilaren 29ra arte, Korrikak euskararen paisaia guztiak zeharkatuko ditu 11 egunez eta 10 gauez. AEK-k antolatutako ekimenak 2.175 kilometro egingo ditu euskararen alde eta milaka lagun bilduko ditu. Helburua da hiztunak aktibatzea eta ahalduntzea, ez dakitenei ikasteko grina piztea eta, oro har, hiztun komunitatea handitu eta trinkotzea. Behar duen arnasa eta astindua ematea.
Euskararen aldeko ekimenik jendetsu eta ezagunenak 45 urte bete ditu aurten, 24. ediziora helduz. Aurten, 2.175 kilometro baino gehiagoko ibilbide horretan zehar, 3.436 lekuko hartze izango dira, inoiz baino gehiago, eta 460 herritatik igaroko da.
'Euskara gara' izango da aurtengo lema, eta antolatzaileek ediziorik jendetsuena izatea espero dute. Lasterketa guztia EITBn jarraitu ahal izango da. Telebistako eta irratietako programazio guztia bustiko du euskararen aldeko lasterketaren olatuak. Halaber, tarte nabarmena izango du ORAIN albiste zerbitzuan eta EITBren YouTube kanalean. ETB On plataforman 24 orduko etenik gabeko emisioa eskainiko da.
Horrekin batera, mundu osoko 50 hiritara zabalduko da Korrika Munduan ekimena: Helsinkitik Buenos Aireseraino, eta Boisetik Sidneyeraino.
Euskararen paisaia guztiak eta erronkak
Aurtengo abiapuntu eta helmuga euskarak aurrean dituen erronka anitzen adierazgarri da. Atharratzek 600 biztanle inguru ditu, eta, portzentualki, euskal hiztunen kopuru altua du; hiztun gehienek, gainera, etxean jaso dute euskara. Alabaina, urteak dira euskara apaltzen ari dela Zuberoan. Familia transmisioa aspaldi moteldu zen, eta belaunaldirik euskaldunenak zaharrenak dira. Gainera, euskara ez da ofiziala Ipar Euskal Herrian.
Helmugan, bestelakoak dira erronkak. Lehen Korrika Bilbon amaitu zenean, 1980ko abenduan, euskal hiztunen kopurua % 7koa zen Bizkaiko hiriburuan. Orain, % 30aren gainetik dago: 100.000 bilbotar baino gehiago.
Atharratzen ez bezala, euskara hizkuntza gaztea da Bilbon. Belaunaldi gazteenak dira, alde handiz, euskaldunenak. Alabaina, Bilboko euskal hiztun gehienek familiatik kanpo jaso dute euskara, bigarren hizkuntza moduan. Eta gauza jakina da erraztasunak eta ohiturak nabarmen eragiten dutela erabileran. Inertziek agintzen dute, eta euskararen erabilerako gune erosoen falta nabaria da.
Atharratzen zein Bilbon, erronka ugari. Eta Xiberutik mendebalderako bide horretan, euskarak bestelako errealitate eta paisaiak ere ezagutuko ditu. Euskara arnasten den herri eta eskualdeak, eta oso apal dagoen errealitateak. Euskara nagusi den inguruneak, tarteko posizioan daudenak eta dena irabazteko dutenak. Guztietan, baina, Korrikaren bultzada zinez eskertuko dute.
Hasiera eguna
Badira 41 urte Korrika ez dela igarotzen Basabürua eskualdetik, Atharratze hiriburu duena. Aurten, 1985ean bezala, han izango da abiapuntua, eta ekitaldi ugari antolatu dira, bai Atharratzen bertan bai Maulen. Goizeko 10.00etan Korrika Ttipia abiatuko da, eta hortik aurrera hainbat ekimen izango dira: antzerkiak, musika emanaldiak, kale-animazioa.
Hasiera ekitaldia arratsaldeko 15.00etan izango da, eta ordu erdi beranduago abiatuko da Korrika. Antolatzaileek hainbat gomendio eman dituzte Atharratzera gerturatuko direnentzat; izan ere, herri txikia da Atharratze eta jendetza espero da. Arratsaldeko 17.00ak baino lehentxoago helduko da Korrika lehen hiriburura, Maulera, eta ekitaldi ugari antolatu dira bertan.
Lasterketak, baina, ez du denbora askorik beharko bigarren hiriburua zapaldu arte: ostegun eta ostiral bitarteko goizaldean helduko da Donibane Garazira, 03.00ak aldera.
Ibilbidea
Hortik aurrera, Zuberoako irteera horretatik aurrera, Korrikak ez du etenik izango. Lehen asteburua Nafarroa Garaian emango du, Pirinioetatik (ostiralean) Erriberara (larunbatean), harik eta igandean Iruñera iritsi arte. Eguerdia baino lehenago Txantreara helduko da, eta arratsaldeko 16.00ak arte hiri buruzagian zehar ibiliko da, auzoz auzo. Iruñean ere ekitaldi ugari antolatu dira Korrikari ongietorria emateko. Eta hortik aurrera, Lizarraldera.
Astelehenean zehar Vianatik Tolosaldearaino egingo du bidea, Arabako Lautadatik ere igaroz. Eta asteartean, Andoainetik Lapurdiraino egingo du, Bortziriak eta Baztan zeharkatu ondoren. Baionara gaueko 22.00ak baino lehenago helduko da.
Asteazkenean, kostaldeko bidea egingo du, Lapurditik hasi eta Bizkaiko mugaraino. Donostiara goizeko 9.00etarako helduko da, eguna Lekeition amaitzeko. Osteguna ere kostaldetik emango du, Lea-Artibaiko arnasguneetatik Enkarterriraino.
Azken txanpa, baina, barnealdetik etorriko da. Ostiralean, Aiaraldetik Arratiara eta Gorbeialdetik Gasteizera egingo du. Arabako hiriburura iluntzean iritsiko da (21.00etarako Mendizorrotzan izango da), eta gauerdira arte ez da irtengo Arabako hiriburutik. Larunbatean, egun jendetsua espero dute antolatzaileek Gipuzkoa barnealdeko bailaretan. Eta igandean, azkenik, Ibaizabalen bidea egingo du Korrikak, Durangaldetik Bilboraino.
Amaiera eguna ia osorik emango du Bizkaiko hiriburuan. Goizeko 7.00etan Enekuritik sartuko da eta bukatu arte ez da hiriaren mugetatik aterako. Amaiera ekitaldia Bilboko Udaletxean izango da, 12.15ean.
Abestia eta ‘Errigora’
Aurtengo edizioaren kanta Pello Reparazek egin du, Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorenarekin batera. ‘Xiberutikan Mendebaldera’ abestian, mugimenduan dagoen komunitate bat islatzen saiatu da musikari nafarra.
Bestalde, Mirokutana ekoiztetxea eta AEK/Korrika dokumental bat grabatzen ari dira, eta Korrikan parte hartuko dutenei bideo-testigantzak bidaltzeko gonbita luzatu diete.
Aurreko edizioetan bezala, Korrikak bere aplikazioa izango du. Bertan, Korrika nondik nora dabilen kontsultatzeko aukera egongo da, eta zuzeneko irudiak ere ikusi ahal izango dira.
AEK erakundeak, azkenik, Errigora omendu nahi izan du aurten, “euskaratik, euskararentzat eta euskaraz” egiten duten lanagatik. Antolatzaileek adierazi dutenez, “txikitasuna erdigunean” jarri nahi dute, "gutako tanta bakoitzak blaitzen duelako". Eta hori bera egin nahi dute egunotan Korrikaren bidez. Euskal Herria tantaz tanta blaitu. Euskararen paisaia guztiak kilometroz kilometro josi, euskararen hariaz
Zure interesekoa izan daiteke
ELAk berretsi du CCOOko kide batzuek euskaldunen kontrako hizkuntza eskubideen aurkako kanpaina abiatu dutela
ELAk babes osoa adierazi dio AEKri, Korrikaren antolatzaileari, eta CCOOko zuzendaritza lasterketatik baztertzeko erabakia babestu du. ELA sindikatuak “euskararen aurka antolatutako kanpaina” baten parte izatea leporatu dio CCOOko kide batzuei, eta, zentzu horretan, erabat "koherentea" iruditzen zaio Korrikan parte ez hartzeko erabakia hartu izana.
CCOO Korrikatik kanpo geratu da AEK-k lekukoa ez eramateko erabakia hartu ostean, "euskararen aurkako jarrerak sustatzeagatik"
Ohar baten bidez, AEK-k argitu duenez, AEKren Nazio Kontseilua CCOO Euskadiko ordezkariekin bildu zen astelehenean, eta Argia aldizkariak argitaratutako informazioari "sinesgarritasun osoa" emanda, CCOOko kideei jakinarazi zieten "bateraezinak" zirela "euskararen aurkako jardunbide horiek sustatzea eta Korrikan lekukoa eramatea".
Donostiako Arrazakeriaren aurkako Martxak erroldatzeko eskubidea aldarrikatuko du, igandean
29. edizioak Trintxerpe eta Donostia zeharkatuko ditu, Erroldarik gabe ez naiz existitzen lelopean.
% 77,8ra igo da Euskadi plurala izan dadin nahi duten herritarren kopurua
Ikuspegiren azken txostenaren arabera, herritarren % 24,2k adierazi dute azken urtean diskriminazio-egoeraren baten lekuko izan direla eta % 14,6k diskriminazio motaren bat jasan dutela aitortu dute, lanpostu edo alokairu bila izan direnean batez ere. Kolektibo diskriminatuenak ijitoak eta migratzaileak dira, inkestaren arabera.
Medikuek grebaldian jarraitzen dute, estatutu propioaren alde
EAEko medikuak aste honetan bigarrenez kalera irten dira Osasun Ministerioak adostutako estatutu orokorraren aurka. Medikuek lan baldintzak negozioatzeko ahalmena izatea eskatzen diote Osasun Ministerioari. Gutxieneko zerbitzuak ostiralera arte ezarriko dira, medikuen eskubideak aldarrikatzeko.
Ane Elordi: “Ez dugu bateragarri ikusten CCOOren jardunbidea eta 'Euskara gara' aterkipean egingo dugun Korrikan parte hartzea”
Euskadi Irratiko "Faktoria" irratsaioan egindako elkarrizketan Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak adierazi duenez, Errenteriako Lan Deialdi Publikoan gertatu dena "mugarria" izan da Korrikako antolatzaileen ustez. Hortaz, sindikatuko kideekin egindako bileran, azaldu zieten ez zutela bateragarri ikusten haien jardunbidea eta 24. Korrikan parte hartzea.
'Aita Mari' Italiako Vibo Valentiako portura iritsi da, erreskatatutako 32 migratzailerekin
Aita Mari ontzia astearte honetan iritsi da Italiako Vibo Valentiako portura, erreskatatutako 32 migratzailerekin. Mediterraneo erdialdeko uretan topatu zuten ontzia igandean, jendez gainezka, "oso baldintza eskasetan". Erreskatatutako lagunen artean bederatzi adingabe eta haurdun dagoen emakume bat daude.
Zabalik dago AP-8 autobidea, Iurreta parean, istripu baten ondorioz itxita egon ondotik
Kamioi bat irauli da gaur goizean AP-8an, Iurreta parean eta Donostiarako noranzkoan. Istripuaren ondorioz, bi errei itxi dituzte.
Baionan desagertutako 50 urte inguruko gizon baten bila ari dira
Larunbatean ikusi zuten azkenengoz, Lapurdiko hiriburuan, goizaldeko ordu bata pasata.