Nor da Bermeoko portuko argazkiko neska? Hibai Agorria argazkilariak Madrilen aurkitu du erantzuna
Madrilgo zakarrontzi batean agertutako argazki negatibo batzuek Urdaibai, Elorrio eta Madril arteko istorio eder bat berreskuratzea ahalbidetu dute.
Bermeoko portuko neskatila nor den argitu da
Madrilgo zakarrontzi batean aurkitutako argazkien negatibo zahar batzuek istorio eder bat azaleratu berri dute. Istorioa osatzeko, baina, 16 urte behar izan dira, 2010ean dokumentuak agertu zirenetik ezinezkoa izan baita protagonista identifikatzea. Azkenean izena jarri diote: Elena deitzen da. Negatibo horietan Urdaibai inguruan agertzen bada ere, Madrilen bizi izan da beti. Eta argazkietako neskatila 80 urteko emakume bat da gaur egun.
Istorioak hiru tokitan ditu hari-muturrak: Madrilen, Urdaibain eta Elorrion. Eta hariak hiru momentu lotzen ditu: 1954, 2010 eta 2026.
Aurkikuntza, Madrilen
Duela 16 urte, Madrilgo Rastro inguruan gertatutako kasualitate batek istorio honetako piezak elkartzea ahalbidetu du, Hibai Agorria argazkilari gernikarrak azaldu duenez. “Dani Asua Madrilen bizi zen orduan. Rastro inguruko zakarrontzi batean, ehundik gora argazki negatibo zituen kutxa bat aurkitu zuen. Erretratuok arakatzean, iruditu zitzaion argazki batzuk bere herrian, Gernikan, aterata zeudela”.
Negatibo horiek Asuaren etxeko kaxoi batean geratu ziren zenbait urtez, harik eta duela sei urte Agorriari kontatu zion arte. Hark eskaneatu eta errebelatu zituen. Beste garai bateko argazki-sorta zoragarria osatzen zuten: Gernikan, Sukarrietan, Mundakan, Bermeon eta Elorrion ateratako irudi ederrak.
Hilabeteetan, baita urteetan ere, Asua eta Agorria saiatu ziren argazkietako familiaren arrastoa aurkitzen. Ate asko jo zituzten, eta tokiko historialariekin ere hitz egin zuten. Alferrikakoa izan zen.
“Orduan, pentsatu genuen interesgarria izan zitekeela Gernikako herriak bilaketa honetan parte hartzea. Erakusketa bat antolatu genuen irudiekin”, azaldu du Agorriak. ‘Non ote zaude’ izena jarri zioten, eta urtarrilean abiatu zen, Gernikako Kultur Etxean.
Erakusketako irudi nagusia Bermeoko portuan agertzen den neskatila baten argazkia da. Bildumako erretratu askotan agertzen zen bera, eta erakusketak oihartzun handia izan zuen. Nazioarteko hedabideetan ere jaso zuten bilaketaren berri.
“160 argazkietatik asko Elorrion aterata zeuden, pistak handik etor zitezkeelakoan geunden. Inauguraziora Elorrioko neska bat etorri zen, eta erakusketako irudiei argazkiak atera zizkien. Gero, bere irudiak Elorriora eraman zituen. Hilabete baten buruan, handik deia jaso genuen. Norbaitek familia identifikatu zuen, eta ordutik aurrera protagonistarekin harremanetan jartzea besterik ez zen falta”, azaldu du Agorriak.
Carmenen testigantza
Hor, ezinbestekoa izan zen pertsona bat agertu zen, Carmen. Elorriokoa da eta gaur egun Bilbon bizi da. Bermeoko portuko neskatilaren lehengusina zela azaldu zien Agorria eta Asuari. Eta, horrela, izena jarri zioten neskatilari: Elena. Madrilen bizi dela ere jakin zuten, eta 80 urte dituela.
Elena beti bizi izan da Madrilen, baina 50ko hamarkadako udatan Elorriora joaten zen bere familia bisitatzera. “Elorriora joaten ziren, eta kostaldera bisitak egiteko aprobetxatzen zuten. Uda haietako argazkiak dira. Inoiz ez ziren inprimatu, negatiboetan geratu baitziren”, azaldu du Hibai Agorriak.
Kasualitate bitxi batez, Elenak gordeta zituen oroitzapen horien arrasto fisikoa agertu zen, 70 urte geroago.
Galdera bat, baina, erantzun gabe zegoen artean: zergatik agertu ziren negatibo horiek Madrilgo zakarrontzi batean 2010ean? Hori ere argitu zuen Agorriak: “Argazkien egilea, aitona, negatiboak agertu ziren garaian hil zen. Hil ostean, familiak etxea garbitu eta kaxa batzuk botatzea erabaki zuen; tartean, negatibo horiek”.
Bota zituzten egun berean Dani Asua zakarrontzi horren albotik pasa zen, eta jakinmina piztu zitzaion. Tartean, bere herria igarri zuen negatiboen artean, era lausoan.
Orain, artxiboa Elenaren familiaren esku dago berriz ere. Hunkituta daude, eta harriduraz jaso dute beren istorioak izan duen oihartzuna. Hibai Agorria Madrilera joango da laster. Bermeoko portuko neskatila izan zen Elena eta bere familia ezagutu eta negatiboak itzultzera.
Zure interesekoa izan daiteke
36 urteko euskal mendizale bat larri zauritu da Asturiasen, eskalatzen ari zela harkaitz bat erorita
Antza denez, harria emakumea zegoen tokitik 300 bat metrora goragotik erori da. Garezurreko traumatismo larria izan du, eta Asturiasko Unibertsitate Ospitale Nagusira (HUCA) eraman dute.
Epailearen aurretik igarotzeko zain jarraitzen du Azpeitiko ustezko hiltzaileak
Ertzaintza haren bila ari zen asteartetik, eta azkenean, larunbat goizaldean, ustezko hiltzaileak bere burua entregatu du Ondarroako ertzain-etxean. Arma bat zeraman soinean, baina oraindik ez dute jakinarazi hilketan erabilitakoa ote den.
Ehunka lagunek harrera egin diote Freedom Flotillako ontziari Euskadin
Asteartera arte (hilak 8), Euskadin egoteko asmoa du. Egun horretan, Vigora abiatuko da, eta, ondoren, Mediterraneoko beste hainbat gunetara jarraituko du. Ontziak Bilbon egingo duen egonaldian, hainbat ekitaldi antolatu dituzte, besteak beste, hitzaldiak, emanaldiak, Palestinako azoka eta flotillako aktibistekin prentsaurrekoa.
25 urteko emakume bat atxilotu dute Eltziegon, bikotekidea harrapatzea leporatuta
Etxeko indarkeriaren esparruan hilketa-saiakera delitua egotzi diote. Gertaera larunbat goizean jazo da, 07:30ak aldera. Atxilotua polizia-etxera eraman dute eta, eginbideak amaitu ondoren, epailearen esku utziko dute.
20 urteko mutil bat hil da Lekeitioko Antzar Egunean, hesi batetik erorita; ospakizuna bertan behera utzi dute
Gaztea portuan zegoen, antzarren proba jarraitzen, eta bi metro inguruko altueratik erori da. Milaka lagun bildu dira gaur Lekeition, eta ekitaldia normaltasunez ari zen garatzen istripua gertatu den arte.
4.000 pertsona inguru bildu dira Donostiako Sagardo Egunean
Gipuzkoako 32 sagardotegitako sagardoak dastatzeko aukera eskaini dute. Trikitilari eta bertsolarien musikaz girotu dute eguna. Une hunkigarrienetako bat Jabier Ansorena eta Marian Matasen omenezko ekitaldia izan da.
Irailaren 5a Tokiko Memoria Demokratikoaren Egun izendatu dute Irunen
Irungo Udalak Tokiko Memoria Demokratikoaren Egun izendatu du irailaren 5a, Udaleko talde politiko guztien babesarekin. Kolpe militarra, gerra eta diktadura sufritu zituzten irundar guztiak oroitu dituzte gaur.
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Urdulizen, hiru pertsonari botilak jaurtitzea leporatuta
06:20 aldera jazo da erasoa, metro geltokitik gertu. 200 bat lagun bildu dira inguruetan. Atxilotua aurretik ere atxilotu dute antzeko gertakariengatik.
Behin-behineko espetxealdia ezarri diote Barakaldoko hilketaren susmagarriari
Barakaldoko lehen auzialdiko guardiako epaitegiak hartu du erabakia.
Hiru pertsona atxilotu dituzte Gernikan, 14 urteko neska haurdun bat ezkontzera behartzea egotzita
Hiru atxilotuak (adingabearen gurasoak eta 27 urteko gizon bat) behin-behinean aske utzi ditu epaileak. Hala ere, auzitegira joan beharko dute deitzen dituztenean. Halaber, 17 urteko mutil baten bila ari dira, haurraren ustezko aita, baina ez dute aurkitu.