BIZKAIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Aske utzi dute Barakaldon udaltzain baten tiroa jaso zuen ustezko lapurra

Gizonak arma zuri batekin egin zien mehatxu poliziei, eta udaltzain batek hanka batean tiro egin ostean atxilotu zuten.

Ostiralean Barakaldon udaltzainei arma zuri batekin mehatxu egin zien eta hanka batean udaltzain baten tiroa jaso zuen gizona aske utzi dute, larunbatean epailearen aurretik igaro ostean, Udaleko iturriek baieztatu dutenaren arabera.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi zuenez, ostiralean gertatu zen guztia, 19:40an. Barakaldoko udaltzainak Karmen auzoko merkataritza establezimendu batera joan ziren, indarkeriaz egindako lapurreta bat egiten ari zirela jakin ondoren.

Establezimenduaren kanpoaldera iritsi zirenean, labana batekin mehatxuka ari zen gizon bat topatu zuten udaltzainek. Agenteak gizona geldiarazten saiatu ziren, eta taser pistola bat erabili zuten, baina jarrera oldarkorra erakusten jarraitu zuen. Horren aurrean, agente batek tiro egin zion hanka batean, mendean hartzeko. Atxilotuak aurrekari ugari ditu antzeko gertakariengatik. 

Osasun zerbitzuek bertan artatu zuten zauritua, eta Gurutzetako Ospitalera eraman zuten jarraian, baina egonkor eta arriskutik kanpo zegoen. Indarkeriaz egindako lapurreta delitua eta agenteen aurkako atentatua egotzi dizkiote. 

Larunbateko azken orduan epailearen aurretik igaro ostean, aske geratu da, Barakaldoko Udaleko iturriek baieztatu dutenez.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X