Epaia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

La Gilda del Norteko jabeak 18.000 euroko isuna ordaindu beharko du, egoera irregularrean zeuden langileak enplegatzeagatik

Isunaz gain, 7.500 euro ere ordaindu beharko ditu erantzukizun zibil gisa. Epaiaren arabera, langileei ohartarazi zien ikuskapenik egonez gero ezkutatu egin beharko zutela.

Bilbao_-_Palacio_de_Justicia_1

Bilboko Justizia Jauregiaren aurrealdea. Argazkia: EITB Media

La Gilda del Norte enpresako jabeak 18.000 euroko isuna ordaindu beharko du, “lan baimenik gabeko atzerritarrak enplegatzeagatik modu errepikatuan”. Gainera, Bizkaiko Auzitegiak 2.500 euroko kalte ordaina ezarri dio erantzukizun zibil gisa akusazio partikularra aurkeztu duten hiru langileetako bakoitzarentzat; hortaz, beste 7.500 euro ere ordaindu beharko ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, Bizkaiko Auzitegiko Bigarren Sekzioak frogatutzat jo duenez, akusatuak 2018ko abendutik 2021eko maiatzera bitartean “behin eta berriz kontratatu zituen egoera irregularrean zeuden atzerritarrak”.

Ezkutatzera behartuak

Pertsona horiek ez zuten lan baimenik eta ez zeuden Gizarte Segurantzan alta emanda; enpresaren jabeak, gainera, saihestu egin zuen Espainiako agintariei pertsona horiek bere enpresako langile zirela jakinaraztea. Epaiak dioenez, gainera, enpresako jabeak langileei ohartarazi zien ikuskapenik egonez gero instalazioetan ezkutatu beharko zutela.

“Frogatuta dago akusatuak modu ohikoan edo errepikatuan Espainian egoera irregularrean zeuden pertsonak enplegatzen zituela lan baimenik gabe. Horren ondorioz, eta bizirauteko beharraren eraginez, eskaintzen zizkien lan baldintzak onartzera behartuta zeuden, ahulezia egoeran baitzeuden lurraldetik kanporatuak izateko mehatxuaren ondorioz”, epaiaren arabera.

Lan eskubideen aurkako delitua

La Gilda del Norteko jabeak 18.000 euroko isuna ordaindu beharko du “langileen eskubideen aurkako delitu baten egile” gisa; beste 7.500 euroak, berriz, eragindako kalte moralengatik ordainduko ditu, erantzukizun zibil gisa.

Bestalde, Bizkaiko Auzitegiak enpresaburuaren alaba absolbitu du, ez baita frogatu “parte hartu zuenik bere aitaren enpresan langile ilegalen kontratazioan”, ezta “sozietate horretako gerente gisa jardun zuenik” ere.

Epaia ez da irmoa, eta helegitea aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X