Epaileak beste 13 lekuko deitu ditu deklaratzera El Bocaleko pasabidearen auzian
Instrukzio epaileak deklarazio gehiago gehitu ditu instrukzio fasean: pasabidearen proiektua sinatu zuen ingeniariak deklaratuko du, baita Udaltzaingoko eta 112 zerbitzuko buruek, obrako buruak eta 2024an ezbeharra izan zuen pasabidean esku hartu zuten beharginek ere.
Santanderko El Bocaleko pasabideko istripua argitzeko auzia bideratzen ari den instrukzio epaileak 13 lekuko gehiago deitu ditu deklaratzera apirilaren 24rako; besteak beste, pasabidearen proiektua sinatu zuen ingeniaria eta Santanderko Udaltzaingoaren burua eta 112 zerbitzukoa deitu ditu. Ezbeharrean sei gazte hil ziren (horietako hiru bizkaitarrak) eta zazpigarren bat zauritu zen.
Epaileak probidentzia bat eman du ostiralean, eta apirilaren 24ko 9:30etik 13:00etara deklaratzera deitu ditu, besteak beste, 2024an egindako lanetan obrako burua eta pasabidean esku hartu zuten beharginak.
Ebazpen horretan, halaber, Santanderko Udalari eskatu dio argitu dezala ea zehapen-espedienterik ireki dion 112 telefono-zenbakiaren abisua jaso zuen udaltzainari, bizilagun batek pasabidea egoera txarrean zegoela ohartarazi ziolako gazte horiek istripua izan zuten egunaren bezperan.