Cospedalen senar ohiak berretsi du berak aurkeztu ziola Villarejo Genovan
Espainiako Auzitegi Nazionalak asteazken honetan ekin dio berriro auziaren epaiketari. Hamar akusatu daude, tartean Jorge Fernandez Diaz Barne ministro ohia eta Francisco Martinez Segurtasuneko estatu-idazkari ohia, 2013 eta 2015 artean antolatutako ustezko operazioan.
Ignacio Lopez del Hierro enpresaburua, Cospedalen senar ohia, Auzitegi Nazionalera sartu aurretik. Argazkia: EFE
Ignacio Lopez del Hierrok, Maria Dolores de Cospedal PPren idazkari nagusi izandakoaren senar ohiak, baieztatu egin du berak aurkeztu ziola Cospedali Jose Villarejo komisario ohia PPren egoitzan egindako bilera batean, eta adierazi du ez duela gogoratzen zertaz hitz egin zuten, Rita Barbera Valentziako alkate ohiaren aipamenen bat salbu.
Kitchen auzian lekuko gisa emandako adierazpenean, Lopez del Hierrok eutsi egin dio ikertu gisa emandako bertsioari. Azkenean, auzi horretatik kanpo geratu zen, baita Cospedal ere, ez baitzegoen nahikoa indizio egiaztatzeko operazio parapolizial horren berri zutela. Operazioaren helburua zen Luis Barcenas PPren diruzain ohiari alderdirako konprometigarria zen dokumentazioa kentzea, Gürtel auziaren ikerketa betean.
Testuinguru horretan, eta epaimahaiaren presidente Teresa Palaciosen eta Lopez del Hierro lekuko gisa proposatu duen PSOEko abokatu Gloria de Pascualen arteko tirabira gogor baten ondoren (epaiketa honetan ohiko bihurtzen ari da hori), galdeketa Villarejorekin Genova kalean egindako bileretan zentratu da azkenean.
"Behin bakarrik. Nire emaztea aurkeztu nion Villarejo jaunari", erantzun du Lopez del Hierrok, komisario ohiarekin harreman pertsonala zuela adierazi ostean. Haren bertsioaren arabera, komisarioak berak eskatu zion emaztea ezagutzea. "Nire emazteak ez zuen eragozpenik jarri, eta nik aurkeztu egin nion", zehaztu du.
Bilera hori Villarejori enkarguren bat egiteko izan zela ukatzeaz gainera, batzartzeko arrazoi bakarra elkar ezagutzea izan zela esan du. Bileran Poliziari interesatzen zitzaizkion gaiak jorratu zituztela esan du, eta Cospedalek une hartan zituen kezkak azaldu zizkiola, "eta kitto", moztu du.
Espainiako Auzitegi Nazionalak asteazken honetan ekin dio berriro auziaren epaiketari. Hamar akusatu daude, tartean Jorge Fernandez Diaz Barne ministro ohia eta Francisco Martinez Segurtasuneko estatu-idazkari ohia, 2013 eta 2015 artean antolatutako operazioa ikertzeko auzian.
Asteazkeneko saio honetan Jose Garcia Losada Polizia Judizialeko Komisaria Nagusiko arduradun nagusi izandakoak ere deklaratu du. Losadak ukatu egin du Manuel Morocho ikertzaileari bere txostenetatik "M. Rajoy" erreferentziak (Gobernuaren presidente ohiari lotuta) kentzeko eskatu izana, eta akusazioa "zentzugabetzat" jo du.
Javier Iglesias abokatuak ere deklaratu behar zuen gaur. Joan den astelehenean, Barcenasek "PPren mandatari" gisa izendatu zuen Iglesias; diruzain ohiaren esanetan, 2013an 500.000 euro eskaini zizkion PPren B kontabilitateari buruzko paperak faltsutzearen truke, eta mehatxu egin zion emaztea, Rosalia Iglesias, kartzelan sartuko zela instrukzio-fasean deklaratzen bazuen.
Iglesiasek, ordea, ez du deklaratu. PSOEren akusazioak Villarejo ezagutzen duen galdetu dionean, esan du ez zuela erantzungo, sekretu profesionalaren babespean. Magistratuak azalpen gehiago eskatu dizkionean, berriz, tinko agertu da: "Galdera bat ere ez dut erantzungo".
Hori dela eta, epaimahaiak saioa eten du, sekretu profesionalak babesten ote duen aztertzeko.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera