Cannabisa da Euskadin gehien atzematen den droga: iaz, 86,3 kilo marihuana eta 58 kilo haxix
Ertzaintzak adierazi duenez, Euskadi “esportatzaile” da marihuanari dagokionez: landarea bertan hazten da eta gero Europan zehar saltzen da.
Cannabisa da Euskadin gehien atzematen duten droga, kokainaren aurretik. Iaz, Ertzaintzak 7.500 marihuana-landare, 86,3 kilo marihuana (kontsumitzeko prest) eta 58,3 kilo haxix inkautatu zituen.
Datu horiek EITB Dataren azken azterlanetik atera dira, cannabisaren kontsumoa Hego Euskal Herrian aztertu duena. Txostenak hainbat ikerketa eta inkestatan jasotako datuak bildu ditu, besteak beste, drogen kontsumoari, mendekotasun arriskuari, legeztatzearekiko jarrerei eta atxiloketen bilakaerari buruzkoak.
Lurralde esportatzailea
Azterlanaren datuok, zein EITBk txostenaren harira egindako elkarrizketek, erakusten dute Euskadi marihuana esportatzen duen lurraldea dela, Hermelo Molero Bilboko ertzain-etxeko Droga Taldeko ertzainak azaldu duenez.
“Marihuana gehiago ekoizten dugu hemen kontsumitzen dena baino. Horren ondorioz, gure lurraldean kokatutako talde kriminalek kanpoan saltzen dute ekoizpena. Europa mailan, zenbat eta iparralderago joan, orduan eta balio handiagoa du”, adierazi du.
Molerok dioenez, talde horientzat “interesgarriagoa” da droga “Frantzian, Alemanian zein Suitzan” saltzea, nahiz eta “Euskadi osoan” kokatuta egon. “Haien jarduera hemen marihuana landatzea da, ez Euskadin banatzeko, baizik eta Europa osoan saltzeko”, azaldu du.
Bilboko ertzain-etxeko ikerketa-buru Asier Jauregik azaldu duenez, “badira talde espezializatu eta profesionalizatuak” Euskadin, eta “marihuana saltzen dihardute”. “Marihuanari dagokionez, Euskadik esportatu egiten du”, adierazi du.