El Bocaleko pasarelaren auziko epaileak ikertu gisa deitu du hirugarren funtzionario bat
Zuhurtziagabekeria astunagatiko seina giza-hilketa eta zuhurtziagabekeria astunagatiko lesio delitu bana egozten zaizkie hirurei.
Zazpi gazte pasatzen ari zirenean erori zen pasabidearen sarrera.
Santanderko El Bocal inguruko egurrezko pasabidea zergatik erori zen ikertzen ari den epaileak hirugarren funtzionario bat ikertu gisa sartu du auzian: Kantabriako Itsasertz Mugarteko erakundean pasabidea ezarri zenetik 2023ra arte Proiektu eta Obren buru izandakoa. Beraz, ikertuen zerrendan hiru pertsona daude, guztira, aurretik beste bi lagun ikertu zituelako: gaur egungo Proiektu eta Obren burua (2023an hartu zuen kargua), eta Kantabriako Itsasertz Mugarteko erakundearen burua.
Pasabidea erortzearen ondorioz, sei gazte hil ziren eta zazpigarren bat larri zauritu zen.
Kantabriako Justizia Auzitegi Nagusiak astearte honetan ezagutzera eman duen autoan, epaileak adierazi du azpiegitura ez mantentzea "arduragabekeria larria" izan daitekeela, eta zuhurtziagabekeria larriko sei giza-hilketa eta zuhurtziagabekeria larriko lesio delitu bat egotzi dizkie.
Era berean, gaineratu du ikertutzat jotako azken funtzionarioak, haren ondorengoak bezala, "pasabidearen egiturazko segurtasuna bermatu egin behar zuela" eta "denbora-tarte horretan beharrezkoak ziren ikuskapen- eta mantentze-jarduerak sustatzeko, agintzeko eta egiaztatzeko betebeharra" izan zuela.
Autoaren arabera, perituak ematen dituen datuekin, pasabidea "irekita zegoen erabilera publikorako, inolako murrizketarik gabe, eta 2014an eraiki zenetik ez zen inolako kontrol-, ikuskapen- eta mantentze-lanik egin, eta, itxuraz, euskarri-habeen burdineriarako erabili zen materiala ez zen egokia estali gabeko egituretan erabiltzeko (are gehiago egitura hori kostaldeko ertzean bertan badago)".
Hiru funtzionarioek maiatzaren 15ean deklaratuko dute ikertu gisa. Saio horretan bertan egingo dira aditu-frogak, bai judizialak (perituak dagoeneko entregatu du bere txostena), bai akusazio partikularrak eta defentsek egindakoak.
Perituaren txostenaren arabera, "ikuskapen eta mantentze egokirik ez egoteak azpiegituraren narriadura progresiboa eragin zuen eta detektatu eta zuzendu ahal izatea sahiestu. Horrek arrisku handia sortu zuen".