Burdineria korrosioak jota zegoelako erori zen El Bocaleko pasabidea, perituaren esanetan
Peritu judizialak azaldu duenez, loturetako batean izandako akatsak beste loturen gaineko karga handitu zuen, eta horrek lehen eta bigarren mailako habeen arteko lotura guztiek huts egitea eragin zuen, eta taula erorarazi. Gainera, ondorioztatu duenez, ez dago egituraren mantentze-planik egin den ebidentziarik.
Behera etorritako pasabidea. EFE.
Egiturazko burdineria korrosioak jota zuelako etorri zen behera Santanderko kostaldeko bidexkako pasabidea, aditu judizialaren txostenaren arabera. Joan den martxoaren 3an gertatu zen ezbeharrean sei gazte hil ziren.
Bigarren mailako eta lehen mailako habeen berme-burdineriek korrosio-zantzu nabarmenak dituzte, pasabidea azpialdetik edo albotik begi soilez ikuskatuta "oharkabean pasako ez zen" neurrian. Deskribapen hori dakar perituak martxoaren 24an magistratuak eskatutako txostenak.
Perituak ondorioztatu duenez, pasabidea behera etortzearen arrazoi nagusia bigarren mailako habeak lehen mailakoen gainean sostengatzeko berme-loturaren akatsa izan zen, "korrosioaren ondorioz funtsezko zati bat galdua" zuelako burdineriak.
Azaldu duenez, lotura baten akatsak karga handitzen du gainerako loturen gainean, eta, azkenean, bigarren mailako habeen eta lehen mailako habeen arteko lotura guztien akats kateatua eragiten du, eta, ondorioz, taula erortzen da.
Aurrena zein estribuk huts egin zuen ondorioztatzea zaila dela dioen arren, hipotesirik probableena da hegoaldeko habearen gaineko euste-pieza izan zela.
Azaldu duenez, hain zeuden hondatuta estribuak, ezen lurretik burdineria-pieza bat jaso eta eskutan desegin egin baitzitzaion.
Ez zen ikuskapenik egin
Adituak ondorioztatu duenez, gainera, "ez dago egituraren mantentze-plan bat egon den ebidentziarik, egindako mantentze-lanak ez ziren nahikoa izan eta ikuskapen-lana arduragabea izan zen, horrelakorik egin bazen".
2024ko uztailean Itsasertz Mugarteak egindako konponketa barandetan zentratu zen, baina ez zen inolako jarduketarik egin zurezko egituran, burdinerian eta egiturazko loturen torlojuetan.
"Azken batean, pasabidearen albotik erortzeko arriskua saihesteko egin ziren lanak, baina ez zen inolako lanik egin pasabidearen egiturazko segurtasuna bermatzeko", adierazi du.
Gainera, uste du ez zela 2012ko jatorrizko proiektua bete, eta arrastelak hamar metroko luzerako pieza bakar batean egin beharrean, elementu bakoitza luzera horren erdiko bi piezatan banatu zela, hau da, bost metroko bi pieza.
Bere ustez, lehenengo proiektuan jaso bezala gauzatu izan balitz, "haustura pixka bat motelagoa izango zen, ez hain zakarra".
Pasabidea haustearen ondorioz, 19 eta 22 urte bitarteko sei gazte hil ziren, hiru Euskal Herrikoak, bat Kantabriakoa, bat Guadalajarakoa eta bat Almeriakoa, eta Arabako beste neska bat ospitaleratu zuten, guztiak ikaskideak.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera