Ikerketaren arabera, ezbeharra izan zen pasabideko torlojuak oso herdoilduta zeuden
Bocal inguruan izandako istripuaren ondorioz Polizia Zientifikoak egindako ikuskapenaren arabera, euskarriak eta torlojuak herdoilak janda zeuden.
Duela astebete, Santanderren, itsaso ondoko pasabide bat erori zen, Bocal inguruan, eta ezbehar horren ondorioz sei gazte hil ziren. Polizia Zientifikoak egindako ikuskapen-aktan jasotzen denez, egituraren euskarriak eta torlojuak "erabat herdoilduta" zeuden, eta "herdoilak janda zegoen, degradatuta".
El Diario Montañes egunkariak aurreratu duenez, agenteek martxoaren 3an hasi zuten jarduera, 17:00etan, gertakaria jazo eta gutxira, eta egun horretako 22:30ean amaitu zuten.
Aktaren arabera, Polizia Nazionalaren 091 zenbakiak dei bat jaso zuen Bocal hondartzatik gertuko pasabide bat erori zela ohartarazteko, eta bertan "uretan hainbat gorpu" zeudela jakinarazi zuten.
Istripuaren ondorioz, 19 eta 22 urte bitarteko sei gazte hil ziren: hiru Bizkaikoak ziren, bat Kantabriakoa, beste bat Almeriakoa eta beste bat, Guadalajarakoa. Gainera, beste gazte bat, arabarra, ospitalean dago ordutik.