Europako tenperaturak batezbestekoak baino beroagoak izan ziren 2025ean, eta aurrekaririk gabeko bero boladak eta suteak izan ziren
Copernicus zerbitzuak eta Munduko Meteorologia Erakundeak elkarlanean egindako "Europako Klimaren Egoera 2025ean" txostenaren arabera, glaziarrek izotz masa galdu zuten, inoiz baino hektarea gehiago erre ziren eta itsasoetako gainazaleko tenperatura inoizko beroena izan zen.
2025eko udan Leonen izandako baso-suteetako bat. Artxiboko argazkia: Europa Press
Iaz, ia Europa osoan (% 95) urteko tenperaturak batezbestekoak baino beroagoak izan ziren. Gainera, aurrekaririk gabeko bero-boladak erregistratu ziren Artikotik Mediterraneora, glaziarrek izotz masa galdu zuten eta itsasoetako gainazaleko tenperatura inoizko beroena izan zen.
Copernicus zerbitzuak eta Munduko Meteorologia Erakundeak gaur argitaratutako "Europako Klimaren Egoera 2025ean" txostenak panorama "atsekabegarria" aurkezten du. Hori uste du Samantha Burgess Epe Erdirako Aurreikuspen Meteorologikoetarako Europako Zentroko klima estrategia arduradunak. Horren esanetan, klima-aldaketa ez da etorkizuneko mehatxua, gaurko errealitatea baizik.
Esaterako, Europaren historiako bigarren bero-boladarik luzeena erregistratu zen uztailean Fennoskandia eskualdean —Eskandinaviako penintsula, Finlandia eta Kola penintsula barne hartzen dituena—.
Espainia hego eta ekialdean 32 gradutik gorako tenperaturak neurtu ziren 50 egun baino gehiagotan.
Europako eskualde hotzenak —Artikoa eta Alpeak barne— azkarrago epeltzen ari dira, eta izotz eta elur gutxiago egiten du. Ildo horretan, iaz Europako glaziarrek izotz masa galdu zuten.
Iaz 1.034.550 hektarea inguru erre ziren —Ziprek hartzen duen eremua baino handiagoa—, inoiz baino gehiago. Txostenaren arabera, beroak eta lehorteak aurrekaririk gabeko baso-suteak eragin zituzten.
Europako itsasoetako gainazaleko tenperatura inoizko altuena izan zen iaz, eta, laugarren urtez jarraian, markak hautsi zituen. Halaber, ibaien % 70ek ohi baino ur emari txikiagoa izan zuten, eta 1992tik izandako hirugarren urterik lehorrena izan zen.
Ekaitzek eta uholdeek milaka pertsonari eragin zieten Europa osoan, baina muturreko euriteak eta uholdeak ez ziren azken urteetan bezain orokorrak izan.
Zure interesekoa izan daiteke
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak