Euskadik gazteen indarra berreskuratu du: 25 urtean izandako daturik altuena
Euskal Autonomia Erkidegoan 10 eta 19 urte bitarteko 220.000 gazte daude, 1999tik izandako kopururik altuena. Nafarroan, ez zegoen horrenbeste nerabe 90eko hamarkadaren hasieratik. Hego Euskal Herrian, guztira, 300.000 bat nerabe daude.
Euskadin ez dira horrenbeste nerabe izan aurreko mendearen amaieratik. Horixe, Eustaten azken datuetatik atera daitekeen ondorioetako bat. Estatistika institutuaren arabera, gaur egun 10 eta 19 urte bitarteko 220.000 gazte daude EAEn, 1999az geroztik izan den kopururik handiena. Hortaz, mende laurden egin behar da atzera antzeko kopurua izateko.
Nerabezaroaren definizio objektibo baten faltan, Osasunaren Mundu Erakundeak 10-19 adin tarte horretan kokatzen du. Hortik ateratzen da kopurua: 220.000. Gizarte mailan, hala ere, koxka bat geroago kokatu ohi da, 13-19 adin tartean (teenager ikuspegi anglo-saxoiarekin bat eginez). Hor ere, EAE goi-goian dago nerabeen kopuruari dagokionez: 13 eta 19 urte bitarteko 158.520 herritar daude, 2000. urtetik izandako kopururik handiena.
Nafarroaren kasuan, joera are nabarmenagoa da. Foru erkidegoan 10 eta 19 urte bitarteko 77.000 lagun inguru daude, 90eko hamarkadaren hasieratik izan den kopururik handiena. Hau da, Hego Euskal Herrian 300.000 gazte inguru daude 10-19 adin tartean; duela bi hamarkada 225.000 ziren, eta, hortaz, % 33tik gorako hazkundea izan da.
Mende hasierako jaiotzen hazkundea
Baliteke datuok inor harritzea, Euskal Herrian jaiotzen krisia bolo-bolo dabilelako eta ez delako askotan aipatzen jaiotzek izandako gorakadaz duela gutxi. 2000-2017 urteen artean gertatu zen, eta 2011an goia jo zuten. Urte hartan jaiotza kopurua altuena izan zen 1984az geroztik, eta, oro har, urteotan buelta eman zitzaion 90ko hamarkadan izan zen jaiotzen krisiari.
Gorakada horrek azaltzen du, hein handi batean, nerabeen gaurko kopuru handia. Hala azaldu du Itziar Aguadok, Ekonomian doktore eta Giza Geografiako irakasleak Euskal Herriko Unibertsitatean: “Jaiotzen hazkundea iraunkorra izan zen urte haietan Euskadin. Talde hori orain ari da nerabezarora iristen, eta horrek zuzenean azaltzen du 10-19 urte bitarteko piramidea zabaltzea”.
Migrazioaren eragina
Horrez gain, bigarren faktore batek “osagarri moduan eragiten" du: immigrazioa. “2000ko hamarkadatik Euskadira iritsi ziren migrazio fluxuek lan adinean zeuden biztanleak ekarri zituzten, baina seme-alabak zituzten familiak ere bai. Batzuk ume zirela ailegatu ziren eta beste batzuk hemen jaio ziren. Fluxu horrek bi modutan eragin du: batetik, zuzen-zuzenean, hasierako hazkundean eraginez; eta bestetik, amen ugalkortasunari esker. Izan ere, atzerriko nazionalitatea duten amen batez besteko adina baxuagoa da, eta ugalkortasun tasa zertxobait handiagoa”.
Aldaketa nabarmena izan da bi faktore horien ondorioz. EAEn 2005-2010 urteetan baino 50.000 nerabe gehiago daude gaur (% 27 gehiago). Nafarroan, berriz, duela bi hamarkada baina ia 24.000 nerabe gehiago daude (% 40 gehiago).
Premiei erantzutea
Hala, haur gutxi dauden arren, bereziki 0-5 adin tartean, nerabe asko daude. Eta fenomenoak ondorioak ditu, EHUko irakaslearen arabera.
“Gazte kopuruaren hazkundeak ondorioak ditu hainbat esparrutan, populazioaren zahartzeak bezala, baina nerabe kopuruaren hazkundeak eztabaida publiko apalagoa sortzen du. Nerabe gehiago izateak eskaera areagotzen du arlo batzuetan: hezkuntzan, aisialdi jardueretan… Baina eskaera kudeatzeaz harago, garrantzitsuena da talde horren premiei erantzutea. Gazteen osasun mentala, teknologiarekiko harremana eta sexu heziketa, besteak beste, instituzioen arreta jasotzen hasiak dira, oraindik modu erreaktiboan bada ere”, azaldu du.
Bestalde, joera horrek ondorio demografikoak ere izango ditu, eta epe ertainean jaiotzen handitzea ekar dezake, Itziar Aguadok azaldu duenez.
“Gazte gehiago egoteak etorkizuneko ondorio bat dakar, eta hori askotan ez da kontuan hartzen. Ugaltzeko adinera iristean, eta ugalkortasun tasak aldatzen ez badira (2024an, emakumeko 1,17 seme-alaba; 1990eko hamarkadaren 0,97ren aldean), jaiotzen kopuru absolutua handitu egingo da. Ez portaera indibidualak aldatuko direlako, baizik eta seme-alabak izateko adinean egongo diren herritarrak gehiago izango direlako. Horrela jokatzen dute demografiaren inertziek, diskurtso negatiboek kontrakoa iradokitzen duten arren”.
Etxebizitza, prekarietatea eta zaintza, jaiotza tasa areagotzeko gakoak
Nerabeen kopuruaren hazkundeak gaur egungo jaiotza tasaren egoera ulertzeko balio du, Itziar Aguadoren ustez. Izan ere, gaurko egoerak iraganeko ugalketa erabakietan dauka sorburua, eta egungo jaiotzen beherakadak, neurri handi batean, 90eko jaiotzen krisian du azalpena. Horrek ugaltzeko adinean dagoen biztanleriaren bolumena zeharo murriztu zuen.
“Jaiotzen beherakadari buruzko titular alarmisten aurrean, komeni da datuek benetan zer dioten. Jaiotzen kopuru absolutua baxua da. Jaiotza tasa gordina jaisten ari da, neurri batean, ugaltzeko adinean dauden emakume kopurua murrizten ari delako. Baina ugalkortasun indize sintetikoak —efektu hori neutralizatzen duenak— erakusten du emakumeek gaur egun duela hiru hamarkada baino seme-alaba gehiago dituztela, batez beste”, dio Aguadok.
EHUko irakaslearen ustez, arazoa bideratzeko faktore material jakin batzuei heldu behar zaie, gazteek seme-alabak “nahi luketen unean eta kopuruan” izatea eragozten ari baitira: “Emantzipazio berantiarrari, lan prekarietateari, etxebizitzaren prezioari eta zaintza lanen benetako banaketari heldu behar zaie. Aukera kostu handia dakarte, eta bereziki emakumeen gain erortzen da”.
Aguadoren iritziz, gakoak ez du izan behar, berez, jaiotzak sustatzea, baizik eta “bizi proiektuak oztopatzen dituzten faktoreak deuseztea”. Eta, horretarako, egiturazko politikak eskatu ditu: “Haur txekea eta pizgarri fiskalak maila asistentzialean eragiten dute, eta efektu mugatua dute. Benetan eraginkorra dena da guraso izateak bizimodu penalizaziorik ez ekartzea, bereziki emakumeei. Horrek egiturazko politikak eskatzen ditu: etxebizitza eskuragarria, benetako kontziliazioa ahalbidetzen duen lan merkatua eta zaintza lanen benetako banaketa”.
Zure interesekoa izan daiteke
Osakidetzak arreta oftalmologikoa indartuko du Larrialdietan, eklipsearen ondorioei aurre egiteko
Euskal Osasun Sistemak etengabe jarraituko du asistentzia-jarduera eklipsearen egunean eta ondorengoetan, baliabideak egokituz eta espezialistak aktibatuz.
Villalibado, NASAk eklipsea ikusteko aukeratutako herria
NASAko eta San Frantziskoko Exploratoriumeko 30 bat ikertzailek Villalibado hartu dute, Burgosko probintziako herri erdi abandonatu bat, eguzki-eklipsea jarraitzeko. Fenomeno astronomikoa aztertuko dute eta, gainera, zuzenean emango dute, 10 milioi pertsonak baino gehiagok ikusteko aukera izan dezaten.
Kezka nagusi Euskadin bizi diren kolonbiarren artean: "Komunikazioak kolapsatuta daude"
Johana Garcia Osorio Euskal Herrian bizi diren 19.000 kolonbiarretako bat da. Lurrikara gertatu zenetik, ez dute izeba baten berririk.
Jaurlaritzak LABI alerta-fasean ezarriko du, eguzki-eklipsea eta tenperatura altuengatik
Dispositibo berezia asteazken honetako 15:00etan abiatuko du. Eklipsea gertuko leku batetik behatzea, joan-etorriak saihestea eta betaurreko homologatuak bakarrik erabiltzea gomendatu du Jaurlaritzak.
Asteazkenean hegazkinez bidaiatuko duzu? Hona hemen eklipsea airetik ikusiko duten hegaldiak
19:30etik 20:45era bitartean, dozenaka hegaldik zeharkatuko dute penintsula. Hona hemen eklipsearen den unean airean egongo diren hegaldien zerrenda.
Euskal Herria ilunpetan jarriko duen eklipse historikoaz segurtasunez gozatzeko gida
Asteazken honetan, abuztuak 12, eguzki-eklipse osoa izango da, 1905etik izan ez dugun fenomenoa. Hemen hainbat jakingarri azalduko ditugu: non ikusi, ordutegiak eta begiak nola zaindu, besteak beste.
Euskal Herrian eguzki eklipse osoa Fiteron ikusiko da luzaroen
Tokiaren arabera ezberdin ikusiko da eklipsea; osoa toki batzuetan, partziala besteetan. Eta itzalaldiaren iraupena ere aldatu egingo da aukeratutako parajearen arabera. Euskal Herrian gertakari astronomiko honetaz gozatzeko tokirik onena Fitero izango da, Nafarroan. 86 segundo iraungo du eta ikusmin handia dago bertan.
Ander Lopez Lerena (Bogota): 'Gosaltzen ari ginela hasi da lurra mugitzen, baina hemen ez da hainbesterako izan'
Lurrikara izan den unean, Kolonbian zen EITBko gure lankide Ander Lopez de Lerena. Hiriburuan, Bogotan nabaritu du astindua. Medellinen ere nabaritu da astindua eta baita Venezuelan, Ekuadorren eta Panaman ere.
Huelvako Niebla inguruan piztutako suteak kontroletik kanpo jarraitzen du, 20.000 hektarea kiskali ostean
Huelvako baso sutea kontrolatu ezinik jarraitzen dute suhiltzaileek. Niebla inguruan piztutako garrek aurrera jarraitzen dute eta dagoeneko 20.000 hektareako eremua kiskali dute. Ehunka lagun atera behar izan dituzte etxetik.
Donostiako Piraten Abordatzearen unerik onenak
Ehunka gaztek osatu dute piraten abordatzea, Donostiako portutik Kontxako hondartzaraino. Ontzi batzuk uretara sartu eta berehala hondoratu dira, baina beste batzuk jai giroan iritsi dira helmugara, eta, tradizioak dioen bezala, ez dira falta izan bandera piratak eta baimendutako 'ontzien lapurreta'.