Errenteria
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Errenteriako alkateak onartu du krisia dagoela Udalaren eta Kukairen artean, "prozesuari zein konfiantzari dagokionez"

"Gure ustez, krisi honetatik ateratzeko modu bakarra, prozesura itzultzea da: berriz ere, biktimei dagokien zentralitatea ematea", nabarmendu du alkateak. "Bitartean, 2026. urtea, Kukairekiko harremana izoztuta abiatu genuen, eta horrela jarraitzen dugu", esan du.

errenteriako alkatea
18:00 - 20:00

Errenteriako Udalak prentsaurrekoa eman du gaur azken egunetan udalerri horretan ezagutu diren eraso matxistekin inguruko xehetasunak eman, eta horien gainean Udalak egindako kudeaketa azaltzeko.

Iragan ostegunean, Udalak ohar bat argitaratu zuen, maiatzean zehar ezagututako eraso matxistak tarteko, Bertso Eskolaren jarduera bertan behera uztea erabaki zuela publiko eginez, gertaera horiek guztiak irmoki gaitzetsiz, eta biktimekiko erabateko elkartasuna adieraziz.

Bezperan, asteazkenean, Bertso Eskolako ikasleen gurasoekin bilera egin zuten, auzi horren berri, Udalaren bidez eta aurrez jakin zezaten. Bilera horretan, Udalak ezagutzen zituen salaketen eta horien inguruan hartutako erabakien berri eman zieten orduan. 

"Hasieran esan bezala, horren guztiaren berri maiatzean izan zuen Udalak, biktimek egoera salatzeko urratsa eman eta mugimendu feministari eta Bertsozale Elkarteari jakinarazi ziotenean. Eta, egoeraren larritasunaz jabetuta, Udalak maiatzean bertan, lehen unetik hartu ditu erabakiak", adierazi du Aizpea Otaegi alkateak.

"Hemendik aurrera kudeaketa konplexu eta zaila dugu aurretik, gertatutakoa zehatzago ezagutzeko eta eskolaren bueltako gazte eta guraso horiei eragin zaien mina osatzen lagundu ahal izateko", erantsi du.

Jon Mayaren aurkako salaketak

Bertso Eskolako kasuaren publikotasunak baina, bestelako hauts batzuk ere hauspotu ditu, Jon Maya dantzariari lotutakoak.

Gai horri dagokionez, Udalak publikoki adierazpenak egin dituen lehen aldia izan da gaurkoa, lehentasun zutelako bitktimak babestea eta horien borondatea errespetatzea.

Esan dutenez, Errenteriako Udalak 2024ko abenduaren hasieran ezagutu zituen Jon Mayaren kontrako salaketak. 

Orduan, Kukairekin harremanetan jarri zen Errenteriako Udala, eta taldeak hainbat erabaki helarazi zizkion: Jon Mayak salaketak onartzen zituen, bere jardun publikoa eteteko erabakia hartu zuen eta bere jokabideen inguruko errebisio kritikoa egiteko ardura hartzeko prozesu bat abiatu zuen.

Gainera, Kukairen ordezkaritza legala eta udalarekiko solaskidetza aldatu zen, Kukairen presidentearen gain utziz. Une hartatik aurrera, eta 2025. urte osoan zehar, auzi horri dagokionez, Kukairekin harremana presidentearen bidez izan du Udalak, ez Jon Maiaren bidez, ordura arte bezala.

"Udalak, une hartan, Jon Mayak eta Kukaik gaiari arduraz heldu ziotela ulertu zuen, biktimen nahia errespetatzeko hautua egin zutela eta biktimek adierazi zuten borondate ez punitibista eta bai erreparatzailea egin daitekeela. Eta, eremu publikotik apartatu den Jon Maya eta Kukai konpainiaren jarduna bereiziz, Kukairekin dugun hitzarmena eta dirulaguntza izenduna bere horretan uztea erabaki genuen. Urtero bezala, 53 600, euro jaso zituen Kukaik 2025ean, eta ohiko ekimen eta emanaldiak eskaini zituen herrian, Jonen presentziarik gabe", argitu du Otaegik.

Gerora, ordea, 2025eko azaroan, iragarri ziguten Kukaik eta Jon Mayak ohiko jarduera berreskuratzeko asmoa zutela eta 2026ko otsailean horren berri emango ziola formalki konpainiak Udalari. Bilera hori egin eta informazio zehatza eta osoa jaso arte, Udalaren eta Kukairen arteko 2026ko harremana “izoztuta” geratu zen.

Azkenean, apirilean bilera egin zuten, eta, alkatearen hitzetan, "eraikitzen ari ginen adostutako bidetik aldentzen ziren bi mugarri egon ziren:

-Jon Maya jarduera publikora itzuli da.

-Kukairen Gidaritza Taldeko kide batek izenpetuta, ohar bat zabaldu da, ordura arteko printzipio guztiak auzitan jartzen dituena.

Gauzak horrela, krisi bat zabaldu da Udalaren eta Kukairen artean, "bai prozesuari, zein konfiantzari dagokionez".

"Gure ustez, krisi honetatik ateratzeko modu bakarra, prozesura itzultzea da: berriz ere, biktimei dagokien zentralitatea ematea", nabarmendu du alkateak. "Bitartean, 2026. urtea, Kukairekiko harremana izoztuta abiatu genuen, eta horrela jarraitzen dugu", bukatu du.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Joxerramon Bengoetxea (EHU): “Finantzaketa egokia eskatzen dugu, soldata erakargarriak eskaini eta irakasleak erakartzeko”

Joxerramon Bengoetxea Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektorea elkarrizketatu dute Radio Euskadiko Boulevard saioan, eta, finantzaketari buruz galdetuta, adierazi du “ezinbestean” finantzaketa egokia eskatuko dutela, “baldintza eta soldata erakargarriak” eskaini ahal izateko, “irakasleak erakartzea” lortze aldera. Halaber, azpiegiturekin eta digitalizazioarekin lotutako beharrei aurre egiteko ere finantzaketa egokia beharrezkoa dela nabarmendu du.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X