Sanferminetan salaketek % 31 egin dutela behera nabarmendu du Joseba Asiron alkateak
Joseba Asiron Iruñeko alkatea izan dute gaur gonbidatu Euskadi Irratian, jaien laugarren egunean. Aurtengo sanferminak oraingoz "oso ondo" doazela esan du; horren erakusle da delituen beherakada.
Sanferminetako laugarren egunean, "momentuz oso ondo" doazela aitortu du Joseba Asiron Iruñeko alkateak Euskadi Irratiko mikrofonoen aurrean. "Beroa eta lasaitasuna" dira, orain arte, aurtengo jaietako ezaugarri nagusiak, alkatearen esanetan.
Orain arteko datuak eskuetan, salaketek % 31 egin dutela behera adierazi du, gehienak lapurreta txikiei eta ukituei loturikoak. Emakumeen aurkako erasoen harira alkateak azpimarratu du atzora arte jarritako hiru salaketen aurrean polizia-operazioek azkar erantzun dutela, eta hirurak amaitu direla atxiloketekin: "Horrek berresten du hasieratik esan duguna: horrelako basakeriak egiten dituenari Iruñeak zigorrarekin erantzuten dio".
Nagore Laffageren erailketaren eta La Manada auziaren urteurrenen harira, Asironek aitortu du eraso horien itzalak "min berezia" eragiten duela oraindik Iruñean. Hala ere, gaineratu du Iruñea aitzindari bilakatu dela borroka honetan: "Iruñea eredu bihurtu da munduan; kanpoko hiri askotatik datoz gure protokoloak ikustera".
Bestalde, azken urtean eraso homofoboek gora egin dutela eta gizarteko sektore batzuetan ultraeskuineko ideiak sartzen ari direla eta, alkateak argi hitz egin du: "Iruñea hiri irekia da, jende anitza dago, eta guztiok dugu kalean aske eta errespetuz ibiltzeko eskubide bera. Horren aurka egiten duenak bidean aurkituko gaitu". Eraso homofoboen inguruan galdetu diote, Maruxa taldeak asteazken honetan egindako salaketaren harira.
Entzierro azkarrak eta araudi berria
Lasaitasuna sanferminetan ez ezik, entzierroetan ere nabaria da. Azken urteetako joerari jarraituz, azkarrak eta ondorio larri gutxikoak izaten ari baitira orain arte. Orain 20 urte entzierroko ibilbidean irrist ez egiteko likidoa botatzen denetik entzierroak "sosoagoak" bihurtu izana, zorioneko albistea da Iruñeko alkatearentzat.
Aurtengo araudi berriak ibilbidean sartzeko ordua aldatu eta sarbide bakarra ezartzen du. Neurri hori "berpentsatzeko" prest azaldu da Asiron alkatea, sarbidea gehiegi zailtzen duela ikusiko balitz.
Elkarbizitzaren aldeko diskurtsoa prozesioan
San Fermin eguneko prozesioan alderdi politiko desberdinen aurka (alkatetzaren eta UPNren aurka) izandako oihuen inguruan galdetuta, Asironek esan du azken urteetako prozesiorik lasaiena izan dela aurtengoa.
Hala ere, elkarbizitzaren aldeko mezu bakarra defendatu du: "Mundu guztiak du kaletik ibiltzeko eskubidea, zinegotzia bada ere. Gustatuko litzaidake beste alderdi batzuek ere diskurtso bera izatea eta denok elkarbizitzaren alde egitea".
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera