Victoriano del Rioko zezenek korrikalari bat adarkatu dute eroriko asko izan dituen entzierro azkar batean
Aurreko bi entzierroak bezala, aurtengo sanferminetako hirugarren entzierroa ere azkarra izan da eta 2 minutu eta 23 segundo iraun du. Adarkatutako pertsonaz gain, beste hamar pertsona zauritu dira, denak kolpeengatik.
2026ko sanferminetako hirugarren entzierroa. Argazkia: EFE
Sanferminetako hirugarren entzierroan, gaur, Victoriano del Rio ganadutegiko zezenak izan dira protagonista. Aurreko biak bezala, azkarra izan da (02:23) eta eroriko asko gertatu dira ibilbide osoan. Korrikalari bat adarkatu dute eta beste hamar pertsona ere zauritu dira, denak kolpeengatik.
Animaliek bat eginda eta abiada bizian egin dituzte lehendabiziko metroak eta segituan joaldun bat eta zezen beltz bat jarri dira buruan.
Horrela iritsi dira udaletxe plazara eta jarraian Mercaderes kalean sartu dira. Erorikoak izan dira tarte horretan.
Estafetako bihurgunea arazorik gabe gainditu ondoren, taldea luzatu egin da eta korrikalariek zezenen aurrean jartzeko aukera izan dute. Abiadura handia tarteko, eroriko asko gertatu dira hemen ere.
Taldea luzatu arren, ez da inongo momentutan banatu eta bat eginda heldu dira Telefonicako zatira. Gaurkoan ere jende asko bildu da eremu horretan eta erorikoak eta arrisku uneak gertatu dira.
Kalezuloan ere eroriko asko gertatu dira, baina aparteko gorabeherarik gabe. Azkenik, animaliak zezen plazan sartu dira eta zuzenean egin dute ukuilurako bidea.
Adarkatu bat eta hamar zauritu, kolpeengatik
Hamaika pertsona zauritu dira aurtengo sanferminetako hirugarren entzierroan, Nafarroako Unibertsitate Ospitaleak egindako lehen balantzearen arabera. Zezenek korrikalari bat adarkatu dute besoan, Telefonicako zatian. Halaber, beste hamar pertsona zauritu dira, denak kolpeengatik.
Zaurituetako bederatzi Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dituzte eta gainerako biak San Martingo osasun zentroan artatu dituzte.
Ikusi sanferminetako hirugarren entzierroa
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera