Euskal Herriko emisio gutxiko eremuak: nora ezin da sartu etiketarik gabe?
Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean 200 euroko isunekin zigortzen dituzte ingurumen-etiketarik gabeko ibilgailuak, eta Barakaldo, Getxo eta Irun bide beretik doaz, baina oraindik ez dute neurria indarrean sartu.
Uda zirkulazio sarrieneko garaia izan ohi da, eta emisio gutxiko eremuak (EGE) indarrean jartzeak erabat aldatu du 50.000 biztanletik gorako Hego Euskal Herriko udalerrien mugikortasun-mapa. Baimendutako ingurumen-etiketarik gabe sartzeak 200 euroko zigorra dakar Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean; eta hiriguneetan zein erdigune historikoetan dabiltzan ibilgailuen gaineko kontrola bateratua izango da.
Non ari dira isunak jartzen?
BILBO
Bizkaiko hiriburuan eremu gutxiko eremuak 2 km² inguru hartzen ditu bere baitan, Abando eta Indautxu auzoak. Isuna dute Bilboko Itsasadarrak, Sabino Arana etorbideak, Trenbidearen etorbideak eta Autonomia, San Frantzisko zein Bailen kaleek mugatutako zonatik barrualdera sartzen diren autoek.
Debekua astelehenetik ostiralera dago indarrean, 07:00etatik 20:00etara. Asteburuz eta jaiegunetan dabiltzan eta lurpeko aparkalekuetara doazen autoek ez dute isunik.
DONOSTIA
Donostiak erdialdeko eremura mugatzen du sarbidea, eta etiketa gabeko ibilgailuak zigortu eta B etiketadunen joan-etorriak mugatzen ditu. Araudiak 1,2 km² koadroko azalerari eragiten dio (Kontxa pasealekua, San Roke aldapa, Amara Zaharreko muga eta Urumea ibai artean).
Matrikula-irakurgailuen bidez, Alde Zaharreko (oinezkoen eremua) eta Erdialdeko sarbide guztiak kontrolatzen dituzte, baita Groseko oinezkoen lehentasunezko sarbideak ere.
GASTEIZ
Gasteizko murrizketak hirigune historikoari eragiten dio, Erdi Aroko hiriguneari eta Zabalguneko zati bati. Baimenik gabe debekatuta dago Vicente Goikoetxea, Antzinako Aldapa (Zerkabarren kalea), Aldabe, Magdalena eta Landazuri kaleetara sartzea, baita Erdi Aroko hiriguneko oinezkoentzako kale eta barne-bide guztietara sartzea ere.
EBEak 0,64 km² azalera du egungo fasean. Aurreikusitakoaren arabera, baina, perimetroa pixka bat zabalduko da 2027ko irailean abiatuko den bigarren fasean, 0,82 kilometro koadroraino iritsi arte.
IRUÑEA
Nafarroan, Iruñeko erdialdeak kontrol zorrotza du matrikula-irakurgailuen bidez. Mugatutako eremua Alde Zaharrean kontzentratzen da, Taconerak, Navas de Tolosa kaleak, Sarasate pasealekuak, Ahumada Dukearen eta Joan Albretekoaren kaleek, Vergel kaleak eta Santo Domingoko Baratzeetako parkeak mugatutako perimetroan.
Zein udalerri daude oraindik probetan edo ezartze-fasean?
Zigorrak ez dira oraindik Euskal Herriko mapa osora iritsi, eta hainbat herritan aurretiko fase teknikoetan ari dira buru-belarri. Bizkaian, Barakaldon eta Getxon matrikulak irakurtzeko kamerak jartzen eta ordenantzak zehazten ari dira. Behin sistemak martxan jarrita, proba-fase teknikoa abiatuko da: denboraldi horretan, arau-hausteak egiten dituzten gidariek informazio-abisuak jasoko dituzte, baina ez isun ekonomikorik
Gipuzkoan, Irunen, kamerak jartzen eta seinaleztapena egokitzen ari dira.
Ipar Euskal Herrian bertan behera geratu da neurria
Ipar Euskal Herrian, emisio gutxiko eremuen ezarpena gelditu egin da uda honetarako. Hasierako plana ingurumen-murrizketak aurten aplikatzea zen eta 68 euroko isunak jartzea Bokale, Urketa, Larresoro eta Hendaia artean; halere, adostasun faltak eta Parisko blokeoak bertan behera eta kolokan utzi dute neurria.