Anaia Musulmanek ohartarazi dute "Amorruaren astea" hasi dela
Kairo erdigunean dagoeneko piztu dira lehenengo liskarrak Mohamed Mursi Egiptoko presidente kargugabetuaren jarraitzaileen eta kontrakoen artean, Anaia Musulmanek deitu duten "Haserrearen Eguna"ren baitan egiten ari diren protestetan, segurtasun zerbitzuek jakitera eman dutenez.
Gutxienez 60 pertsona hil eta dozenaka zauritu dira Ramses barrutiko komisariaren kontrako erasoan, Mohamed Mursi presidente kargugabetuaren aldekoen eta aurkarien arteko liskarretan, Egiptoko agintariek baieztatu dutenez.
Segurtasun zerbitzuetako iturrik Anaia Musulmanetako kideei egotzi die komisariaren kontrako erasoa. Izan ere, islamistek egin omen dute tiro lehenik Urriaren 6ko zubitik eta beste eraikin baten gainetik.
Anaia Musulmanen arabera, ordea, Barne Ministerioaren segurtasun indarrek manifestarien kontra tiro egin dute Ramses inguruan, Al Fath meskitatik gertu. Gainera, Poliziak "baltaguiya'ren ("matoien") babesa duela salatu dute.
Ramses inguruan borroka larriak gertatzen ari dira Mursiren aldeko eta aurkarien artean, eta segurtasun indarrek negarra eragiteko gasa jaurti dute protestariak uxatzeko.
Mena albiste-agentzia ofizialak jakitera eman duenez, Tahrir inguruan ere liskarrak piztu dira, Asad bin Al Forat meskita inguruan.
Meskita barruan zeuden islamistak bertatik taldea ateratzen saiatu eta Mursiren kontrakoek galarazi dietenean piztu omen da bertan borrokaldia.
Boluntarioek osatutako batzorde herritarrek inguratuta zegoen ingurua, eta kontrol puntuak ere ezarri dituzte islamisten kontrako herritar horiek, Efek zabaldu duenez.
Muturreko tentsioa
Tentsioa oso altua da hiriburuan; izan ere, Anaia Musulmanek "Haserrearen Eguna" deitu dute eta protesta ugari egiten ari dira, nahiz eta Armadak soldadu eta ibilgailu militar asko zabaldu dituen.
Ramsis inguruan bildu dira protestari gehien, Fath meskita inguruan, eta Urriaren 6ko zubian.
Egiptoko Gobernua "plan terroristen" aurka
Egiptoko Gobernuak salatu duenez, Anaia Musulmanen plan terrorista bati aurre egiten ari da. Hori dela eta, batasun nazionalerako deia egin die herritarrei, eta zatiketa sustatzen duten mezuei jaramonik ez egiteko eskatu du.
Ministroen Kontseiluak agiri batean azaldu duenez, "terroristei eta legea urratzen ari direnei" aurre egiten ari dira, eta arrazoi horregatik atxilotu dituzte Anaia Musulmanetako kideak.
Gaineratu dutenez, "Gobernua, Armada, Polizia eta herria esku bakarra dira Anaia Musulmanen plan terrorista ilunaren kontra".
Era berean, Abdala bin Abdelaziz Saudi Arabiako erregearen jarrera txalotu du, Egipton atzerritarren esku sartzearen kontra agertu delako.
"Amorruaren Ostirala" izatetik "Amorruaren astea" izatera pasa da
Anaia Musulmanek, berriz, ohartarazi dute odolak "kolpe militar odoltsuaren kontrako jarrera indartu" egingo duela.
Egipton izandako liskar larrien ondoren zabaldutako agiri batean azaldu duenez, "etsai arriskutsuek" sortu dute egun bizi duten egoera.
"Krimen horiek gure desberdintasunak areagotzen dituzte. Hasieran desberdintasun politikoak ziren, baina sakondu egin da odolarekin zikinduta. Kolpistek arrazoia, baloreak eta printzipioak galdu dituzte", salatu dute Anaia Musulmanek.
Elkarte horren ordezkari batek ohartarazi du gaurtik aurrera "Amorruaren Astea" hasi dela "kolpea behera botatzeko" eta "egunero, Egipto osoan" manifestazioak egingo dituztela hitzeman du.
Lehenengo hildakoak Kairotik kanpo
Gutxienez lau pertsona hil dira Mursiren aldekoen eta aurkarien arteko liskarretan, Ismailiyan, Suez kanaletik gertu.
Salehin meskitatik gertu sortu dira enfrentamenduak, eta Armadak esku hartu du, Mena albiste-agentziaren arabera.
Bestalde, beste zortzi pertsona hil dira Damieta herrian, Mursiren aldekoen eta aurkarien arteko liskarretan, segurtasun iturriek azaldu dutenez.
Aipatu iturrien arabera, hildakoetako bost Mursiren aldekoak ziren eta borroka komisariaren aldamenean gertatu da.
Egiptoko armadak "segurtasun neurriak" handitu ditu
Gaurko deitu dituzten manifestazioen harira, sor daitezkeen istiluak direla eta, Egiptoko armadak neurriak hartu ditu oinarrizko azpiegiturak babesteko. Hala, Tahrir plaza guztiz itxi dute militarrek eta tankeak ere kalera atera dituzte. Halaber, Nilo ibaia zeharkatzen duten hainbat zubietan, militarren presentzia handia da.
638 hildako eta ia 4.000 zauritu
Istiluak asteazkenean hasi ziren, Polizia eta Armada Mohamed Mursi Egiptoko presidente kargugabetuaren jarraitzaileek Kairon eraiki zituzten kanpalekuak desegiten hasi zirenean. Ondorengo istilu eta liskarretan ehunka lagun hil eta beste milaka zauritu ziren.
Bien bitartean, hildakoen kopuruak gora egiten jarraitzen du, eta 638 hildako eta ia 4.000 zauritu izan zirela onartu du Egiptoko Gobernuak. Anaia Musulmanen esanetan, ordea, hildakoak 2.000tik gora dira.
Orotara, 534 lagun atxilotu dituzte azken egunetako istiluetan. Hala ere, Mohamed Ibrahim Egiptoko Barne ministroak ukatu egin du horien artean Anaia Musulmanen 8 kide egotea.
Gobernuak larrialdi-egoera ezarri du hilabeterako herrialde osoan. Halaber, etxeratze-agindua ezarri du 11 probintziatan, 19:00etatik 06:00etara.
Poliziak benetako munizioa erabiliko du erasoen aurka
Egiptoko Barne Ministerioak indarrei benetako munizioa erabiltzeko agindua eman die, Gobernuaren aurkako edozein erasori aurre egiteko.
Ohar batean esan duenez, erabaki hau "Anaia Musulmanen instituzioaren eta Poliziaren aurkako eraso terroristak kontuan izanda, armak lortzeko saiakerak eta bideak mozteko," hartu du. Halaber, segurtasun indarrek legea bide guztien bidez betearaziko dutela nabarmendu du, "herritarren eta agintarien aurkako erasoak ekiditeko".
AEBek bertan behera utzi dituzte Egiptorekin egin beharreko maniobrak
Ameriketako Estatu Batuek bertan behera utzi dituzte Egiptorekin datorren hilean egin behar zituzten maniobra militarrak. Barack Obama AEBetako presidenteak indarkeriari amaiera jartzeko eskatu dio Egiptoko Gobernuari, baina Obamaren gobernuak ez du "inoren alde" agertu nahi izan. Edonola ere, Obamak ez du aipatu ere egin AEBek Egiptori 1.200 milioi euroko laguntza ematen diola.
Nazio Batuen Segurtasun Kontseilua, kezkatuta
Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak kezka agertu du, eta indarkeriarekin amaitzeko eskatu die bi aldeei.
EBk Gobernuari leporatu dio errua
Catherin Ashton Europar Batasuneko diplomaziaren arduradunak Egiptoko Gobernuari leporatu dio zuzenean "tragediaren" ardura, eta EBko estatuek erantzun bateratua emango dutela jakinarazi du.
Ashtonen ustez "beldurgarria" da hildakoen eta zaurituen kopurua eta "tragedia horren ardura Gobernuarena da, baina baita klase politikoarena ere, zentzu orokorrean".
Hollandek eta Merkelek EBren premiazko bilera deitu dute
François Hollande Frantziako presidenteak eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak Europar Batasuneko Atzerri ministro guztiak deitu dituzte bilera batera datorren ostiralean, Egiptorekin dute harremana berraztertzeko eta Afrika iparraldeko herrialdeari indarkeria bazter dezala exijitzeko.
"Indarkeria berehala amaitzeko eskatzen dugu, eta elkarrizketak berrabiaraz ditzatela egiptoarren artean. Herrialdeak demokraziaren bidera itzuli behar du lehenbailehen", adierazi dute bi agintariek sinatutako agiri batean.
Zure interesekoa izan daiteke
Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa hari-harian, Epstein auziaren ondorioz
Keir Starmer lehen ministroak AEBrako enbaxadore izendatu zuen Peter Mandelson laborista Epstein auziko dokumentuetan agertu ostean, hautsak harrotu dira Erresuma Batuan. Hala ere, Starmerrek ez du dimititzeko asmorik.
Takaichi lehen ministroak nagusitasunez irabazi du Japonian, eta immigrazioaren aurkakoek gora egin dute
Kontserbadoreen buruak bi hereneko gehiengoa lortu du eta bere politikak aurrera atera ahal izango ditu. Orain arte indar gutxi izan duten bi alderdik ezustekoa eman dute: Sanseito ultraeskuindarrak eta Team Miraik.
Albiste izango dira: Bad Bunny Super Bowl-en, greba Tubos Reunidosen eta lanuzteak Renfen
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Bad Bunnyk batasun mezua zabaldu du Super Bowleko ikuskizunean, eta Trumpen kritikak jaso ditu
Artista puertorricarrak historia egin du Super Bowleko finaleko atsedenaldian egin ohi den ikuskizunean. Lady Gaga eta Ricky Martinekin batera, kontinentearen batasunaren aldeko aldarria egin du. Trump AEBko presidenteak adierazi du "herrialdeari zaplaztekoa eman" diola.
Seguro sozialistak irabazi du Portugalen, hauteskunde presidentzialen bigarren itzulian, botoen % 65,77 lortuta
Ventura ultraeskuindarrak, berriz, botoen % 34,13 lortuko lituzke, botoen % 98 zenbatuta. Herri batzuek hauteskundeak astebete atzeratzea erabaki dute, otsailaren 15era arte, herrialdeak azken bi asteetan jasan dituen denboraleen ondorioz.
Irango auzitegi batek zazpi urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri dio Mohammadi Bakearen Nobel saridunari
Starmerren aholkulari nagusiak dimisioa eman du Epsteinen artxiboen eskandaluagatik
Kabineteko buruak bere gain hartu du Mandelson enbaxadore kargurako izendatu izanaren errua. "Akats bat izan zen. Gure alderdiari, gure herrialdeari eta politikarekiko konfiantzari kalte egin die Mandelsonek", gaineratu du.
Takaichik irabazi ditu hauteskundeak Japonian, eta gehiengoa handitu du
Hauteslekuak itxi osteko lehen kalkuluek 274 eta 328 eserleku artean eman dizkiote lehen ministroaren Alderdi Liberal Demokratikoari, gehiengo absolutua aise gaindituta.
Hauteskunde aurreratuak Japonian, azken urteetako elurte handienaren erdian
Sanae Takaichi lehen ministroak bozak aurreratzea erabaki zuen, Parlamentuan dituen babesak handitzeko asmoz. Inkesten arabera, helburua lortuko du, baina ez dira ohiko hauteskundeak izango, elurraren eraginez ordutegia aldatu behar izan baitute hautesleku batzuetan.
Istiluak izan dira polizien eta manifestarien artean Milanen, Olinpiar Jokoen aurkako protesta jendetsu batean
Poliziak ur-kanoiak eta negar-gasa erabili ditu manifestarien aurka, protestari batzuek agenteei suziriak, bengalak eta bestelako objektuak jaurti ostean. Milaka lagun bildu dira protestetan, Neguko Olinpiar Jokoak hasi eta biharamunean.