Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa hari-harian, Epstein auziaren ondorioz
Keir Starmer lehen ministroak AEBrako enbaxadore izendatu zuen Peter Mandelson laborista Epstein auziko dokumentuetan agertu ostean, hautsak harrotu dira Erresuma Batuan. Hala ere, Starmerrek ez du dimititzeko asmorik.
Epstein kasuak hautsak harrotu ditu Erresuma Batuan, Keir Starmer lehen ministroaren jarraipena kolokan jartzeraino. Azken orduetan, bere taldeko bi kidek dimisioa eman dute, eta Alderdi Laboristan bertan ere Starmerren dimisioa eskatu dute.
Starmerrek AEBrako enbaxadore izendatu zuen Peter Mandelson laborista Epstein auziko dokumentuetan agertu ostean, haren lidergoa hari-harian jarri dute.
Erresuma Batuko bi goi karguk dimisioa eman dute, 24 orduan, Morgan McSweeney kabinete buruak eta Tim Allan komunikazio zuzendariak.
Dimisio horiek, ordea, ez dute Starmerren gaineko presioa jaitsi, kontrakoa baizik. Starmerrek barkamena eskatu zuen Mandelsonen gezurrak sinetsi zituelako eta Washingtonerako enbaxadore izendatu zuelako.
Gaur-gaurkoz, Starmerrek ez du dimititzeko asmorik, nahiz eta atzo bere alderdiak Eskozian duen buruak pauso bat atzera emateko eskatu.
Bestalde, bere gabineteko hainbat kidek babesa agertu diote lehen ministroari, tartean, David Lammy lehen ministro ordeak, Yvette Cooper Atzerri ministroak, John Healey Defentsa ministroak eta Shabana Mahmood Barne ministroak.