Seguro sozialistak irabazi du Portugalen, hauteskunde presidentzialen bigarren itzulian, botoen % 65,77 lortuta
Ventura ultraeskuindarrak, berriz, botoen % 34,13 lortuko lituzke, botoen % 98 zenbatuta. Herri batzuek hauteskundeak astebete atzeratzea erabaki dute, otsailaren 15era arte, herrialdeak azken bi asteetan jasan dituen denboraleen ondorioz.
Antonio Jose Seguro sozialista da faborito nagusia. Argazkia: EFE
Hauteskunde presidentzialen bigarren itzulia izan da igande honetan Portugalen. Hamaika milioi portugaldar baino gehiago zeuden deituta, Marcelo Rebelo de Sousaren ondorengoa aukeratzeko. Antonio Jose Seguro ministro sozialista ohiaren eta Andre Ventura eskuin muturreko liderraren artean hautatu behar zuten.
Seguro sozialistak botoen % 65,77 lortu ditu. Ventura ultraeskuindarrak, berriz, botoen % 34,13 lortu ditu, botoen % 98 zenbatuta.
Parte-hartzea % 50,96koa izan da, lehen itzuliko datuaren tankerakoa. Izan ere, urtarrilaren 18an izandako lehen itzulian % 52,26koa izan zen parte-hartze osoa, aurreko presidentetzarako hauteskundeetan baino handiagoa. 2021ean, pandemian, % 39,24koa izan baitzen eta txanda bakarra izan zuten.
Antonio Jose Seguro sozialista botoa ematen. Argazkia: EFE
Denboraleak eragina izan du hauteskundeetan
Hauteskundeak astebete atzeratzea erabaki dute 36.852 boto-emaile bizi diren hainbat herritan, azken bi asteetako denboraleen ondorioak direla eta. Alcacer do Sal, Arruda dos Vinhos, Golega, Santarem, Rio Maior, Leiria, Cartaxo eta Salvaterra de Magos herrietan atzeratu da bozketa.
Igande honetan eguraldiak hobera egin badu ere, atzo suhiltzaile bat hil zen Marta ekaitzaren ondorioz eta Portugalgo Itsasoaren eta Atmosferaren Institutuak (IPMA) euria iragarri du berriz ere arratsaldetik aurrera, elurra toki garaienetan, eta haize bolada gogorrak kostaldean eta goialdeetan.
Gai hau hizpide izan du, hain zuzen ere, Andre Ventura presidentegai eta eskuin muturreko buruzagiak botoa ematerako garaian eta azken egunotako uholdeen eta hondamendien ondoren gaur bozketa eguna izatea "errespetu falta" iruditzen zaiola esan du: "Uste dut errespetu falta bat dela pertsonak gaur bezalako egun batean bozkatzera joanaraztea, batez ere atzo arte gertatu zena kontuan hartuta".
Andre Ventura botoa ematen. Argazkia: EFE