Takaichik irabazi ditu hauteskundeak Japonian, eta gehiengoa handitu du
Hauteslekuak itxi osteko lehen kalkuluek 274 eta 328 eserleku artean eman dizkiote lehen ministroaren Alderdi Liberal Demokratikoari, gehiengo absolutua aise gaindituta.
Sanae Takaichi Japoniako lehen ministroak irabazi ditu Parlamentuko Behe Ganberarako hauteskunde orokorrak, eta koalizioaren gehiengo estua nabarmen handitu du, NHK telebista kate publikoaren arabera.
Lehen ministro kontserbadorearen Alderdi Liberal Demokratikoak (PLD) 274 eta 328 eserleku artean lortu ditu Behe Ganberan, NHKk adierazi duenez.
Horrela, Takaichik 233 eserlekuko gehiengo absolutua aise gaindituko luke. Bere aliatuak, Japoniako Berrikuntzaren Alderdiak (Ishin), 28 eta 38 eserleku artean lortuko lituzke, NHKren esanetan.
Gaurko hitzorduaren kaltetu nagusia Aliantza Erreformista Zentrista berria litzateke, Alderdi Demokratiko Konstituzionalaren (PDC) eta Komeito (PLD koalizioaren kide ohia, baina Takaichi buruzagi hautatu ondoren aliantza utzi zuena) budistaren arteko batasuna; izan ere, 27 eta 91 eserleku artean soilik lortuko lituzkete, hauteskundeak aurreratu aurretik zituztenak baino askoz gutxiago.