Zer egingo ote du Syrizak agintea lortzen badu?
Inkesta guztiek Syrizari ematen diote garaipena Greziako hauteskundeetan. Emaitza horrek bertako aginte-oreka aldatzea ekarriko luke, azken hamarkadetan sozialdemokratak eta kontserbadoreak txandakatu baitira Gobernuan. Gainera, zorraren zati bat ez ordaintzen saiatuko litzatekeen lehen gobernua izango litzateke alderdi ezkertiarrarena.
Hona hemen egungo egoera ulertzeko eta Syrizaren balizko Gobernuak zer egingo lukeen ulertzeko gako batzuk:
Zergatik aurreratu dituzte hauteskundeak?
Abenduaren amaieran, Andonis Samaras kontserbadorearen Gobernuak ez zuen lortu Errepublikako presidente kargurako zuen hautagaia inposatzea. Hiru bozketa egin ondoren, lehen ministroak hauteskundeen data iragarri zuen, Ministro Kontseilua bildu gabe ere. "Herrialdeak ezin du gehiago itxaron", esan zuen orduan.
Zer da Syriza?
Ezker Erradikalaren Koalizioa (hala du izen ofiziala) 2004an sortu zuten, dozena bat alderdi sozialistak eta komunistak bat eginda. Gehienbat, azken urteetan izan du goraka behinena, krisi ekonomikoaren ondorioen eta troikak Greziari inposatutako baldintza gordinen ondorioz batik bat. Horra hor datuak: alderdiak botoen % 3 lortu zituen 2004ko hauteskundeetan; % 16,8, 2012an, eta igandean % 30 baino gehiago jasotzea aurreikusi dute inkestek. Gehiengo osoaren atarian geratuko da, beraz.
Nor da horren burua?
Alexis Tsipras da Syrizako burua 2007. urtetik. Ikur bihurtu da Greziako ezkerrean, baita Europa osokoan ere. Horren erakusle, 2014ko hauteskundeetan Europako Alderdi Ezkertiarraren hautagaia izan zela.
Greziako inoizko lehen ministro gazteena izango da, igandean boto-emaileek aukeratzen badute, 40 urte baititu.
Zeintzuk dira proposamenak?
Podemosek Espainian egin bezala, Syrizak leundu egin ditu bere proposamenak, ahalik eta hautesle gehiago erakartzeko eta Berlinek eta Bruselak abiatutako beldur-kanpainari aurre egiteko. Hori horrela, Tsiprasek dagoeneko ez du proposatzen zorra ez ordaintzea, kita partzial bat adostea baizik.
Beste proposamen polemiko batzuk ere hauteskunde programatik at geratu dira, hala nola bankuak eta sektore garrantzitsuenak nazionalizatzea.
Alderdiak, baina, besteak beste, neurri hauek babesten ditu oraindik: aberatsenei zergak igotzea eta langabezia-saria, gutxieneko soldata eta pentsioak handitzea.
Syrizaren programa ekonomikoak (Salonikako Programa) hiru ardatz ditu: krisiaren biktimen egoera arintzea, enplegua sortzea eta Estatua erreformatzea. 12.000 milioi euro baino gehiagoko inbertsioak ekarriko lituzke.
Eupar Batasunetik at geratuko al da Grezia?
Aukera hori guztiz baztertuta dago, ez baitute nahi ez Europar Batasunak ez Syrizak berak.
Alderdi ezkertiarrak hauteskundeak irabaziko balitu, Grezia eurogunetik kanporatzea "halabeharrezkoa" izango litzatekeela uste du Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, betiere Der Spiegel egunkariaren arabera. Dena dela, hauteskunde-kanpaina baldintzatzeko saiakera baino ez da hori, herrialdeari euroa kentzeko benetako asmoa baino gehiago. "Atzeraezina da Grezia eurogunean izatea", berretsi du Europako Batzordeak.
Nola adostuko du zorra berregituratzea?
Hauteskundeak irabaziko balitu, Syrizak uztaila arteko epea izango luke hartzekodunekin akordioa lortzeko. Hala egin ezean, herrialdeak likidezia arazo larriak izango ditu.
"Ez dugu alde bakarreko ekintzarik egin nahi, baina ez dugu gobernatuko une oro buruan pistola bat izanda", ohartarazi du Yannis Dragasakis Syrizako buru ekonomikoak.
Uztailean, Greziak 6.700 milioi euro itzuli beharko dizkio Europako Banku Zentralari. Alde guztiei komeni zaie akordioa lortzea, eta hori alde du Syrizak.
Noren babesa izango du?
Gehiengo osoa lortu ezean, hirugarren indar politikoak izango du hurrengo gobernuaren giltza. Testuinguru horretan, PASOK sozialdemokrata da hautagai nagusia, horren ospea krisi larrian murgilduta badago ere.
Egun ez dago batere argi zein izango den hirugarren alderdia (bigarrena Demokrazia Berria kontserbadorea izango dela dirudi), lehia estua baitute PASOKek, Urrezko Egunsentia neonaziak, To Potami zentro-ezkertiarrak eta KKE komunistak. Botoen % 5en bueltan daude denak.
PASOKek ez du argitu Syrizaren edo Demokrazia Berriaren alde egingo lukeen, baina kontserbadoreei babesa emango liekeela iradoki du Eva Kaili bozeramaileak: “Zentro-ezkertiarrak izanda, gure ideologiatik gertu daudenak izan beharko lirateke gure lehentasuna; alabaina, une kritikoetan, interes nazionalaren aldeko programa-akordioek dute lehentasuna”.
Syrizatik zehaztu dutenez, koalizio handia adosten saiatuko dira hauteskundeen ostean, eta Tsiprasek ez du baztertu PASOKekin egitea, 2010etik aurrera Gobernuak ezarritako murrizketa programen egilea izan zen arren.
To Potami izan liteke alderdi ezkertiarraren beste aliatu bat. Duela hamar hilabete eskas sortu zuen Stravros Theodorakis kazetariak, eta, Europako hauteskundeetan, botoen % 6,5 eskuratu zituen.
Zeintzuk izango dira erronkak?
Bigarren erreskatearen luzapena martxoan amaituko da, eta, hortik aurrera, diru arazoak izango ditu Greziako Gobernuak. Horregatik, hartzekodunekin negoziazioak abiatzea izango du lehen erronka Syrizaren balizko Gobernuak.
Abenduaren hasieran, Atenasek eta Bruselak erreskatea luzatzea hitzartu zuten. Horren ondorioz, troikak 1.800 milioi euro eman behar zizkion Greziari, eta, trukean, herrialdeak kaleratzeak doakoak izatea eta etxegabetzeen aurkako neurriak kentzea onartu behar zuen.
Orain, hauteskunde deialdiak kolokan utzi ditu negoziazioak. Gobernu berriak berriz abiatu beharko ditu, baina nekez onartuko lituzke Syrizak baldintza horiek.
Nazioarteko hedabideen arabera, troika Greziari sei hilabeteko luzapena ematea aztertzen ari da, negoziatzeko denbora gehiago izateko.
Bien bitartean, greziarrek krisiaren ondorioak pairatzen jarraitzen dute. Adierazle ekonomikoak gordinak dira, oso: zorra Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 175ekoa da; defizita, 3.640 milioi eurokoa, eta langabezia, % 26koa.
Zure interesekoa izan daiteke
Liam Conejo haurra eta bere aita aske utzi dituzte eta Minneapolisen dira dagoeneko
Dilleyko zentrotik (San Antonioko hegoaldean, Texas) askatu dituzte aita-seme ekuadortarrak, Fred Biery epaile federalak larunbatean emandako agindua betez.
Drone errusiar batek 15 meatzari hil ditu Ukraina erdialdean
Energia sistemak helburu dituzten erasoak denbora baterako etenda egon beharko lirateke, AEBk, Errusiak eta Ukrainak adostutakoa betez gero. Muturreko hotza tarteko, ituna egin zuten hiru herrialde horiek, eta Kremlinaren arabera, gutxienez gaur arte iraun beharko luke meniak.
Rafahko pasabidea bihar zabalduko dute, Israelen arabera
Gazako Zerrenda eta Egipto lotzen dituen pasabidea gaur irekiko zutela iragarri arren, prozesuaz arduratzen den erakunde militarrak argitu du "atariko prestaketen fase pilotu bat" egiten ari direla, eta palestinarrak ezin direla oraindik bertatik igaro. 16.500 gazatarrek baino gehiagok premiazko osasun arreta behar dute, baina egunero 150 baino ezingo dira bertatik igaro.
Liam Conejo Ramos bost urteko haurra eta haren aita kartzelatik ateratzeko agindu du epaile batek
San Antonio Express-News egunkariak jasotzen duenez, datorren asteartean askatzea aurreikusten da.
Milaka israeldar eta 1948ko palestinar bildu dira Tel Aviven, hiri arabiarretan sufritzen duten indarkeria salatzeko
2025ean 252 arabiar israeldar hil zituzten komunitate arabiarretan, aurrekaririk gabeko zifra bat, hein batean, agintari eta polizia israeldarren pasibitatearen edo konplizitatearen ondorioz.
Milaka pertsona kalera atera dira Minneapolisen eta AEBko beste hiri batzuetan, ICEren eta Trumpen kontra
Astebete da agente federalek Alex Pretti erizaina tiroz hil zutela, eta orduan gertatu zen bezala, manifestazioez gain, greba deitu dute protesten deitzaileek. Bruce Springsteenek kontzertua eskaini du, eta irabazitakoa ICEk hildako herritarren familiei emango diela esan du.
Israelek 32 lagun, tartean 7 haur, hil ditu larunbat honetan Gazan
Israelgo Armadak Zerrendaren aurkako "eraso ugari" baieztatu ditu, eta Hamaseko eta Jihad Islamikoko lau "komandante eta beste terrorista batzuk" hil dituela esan du, eraso horiek non gertatu diren zehaztu gabe.
Aznar Epsteinen paperetan ageri da, pederastaren ordainketa baten eta bi paketeren hartzaile gisa
Argitaratutako azken dokumentuetan jasotzen denez, Epsteinek 1.050 dolar ordaindu zizkion Jose María Aznarren izenean bere bidaia-agenteari 2003ko urriaren 17an. Paketeei dagokienez, esplizituki bidali ziren presidente ohiaren izenean: lehenengoa, Moncloara, 2003ko irailean, eta bigarrena, FAES fundazioaren egoitzara, 2004ko maiatzean.
Delcy Rodriguezek amnistia orokorra proposatu du Venezuelan "zauriak sendatzeko"
Chavismoaren agintaldi osoari eragingo lioke, baina ez lituzke barkatuko hilketak, droga-trafikoa edo giza eskubideak urratzea egotzita zigortutako pertsonak.
Guterresek ohartarazi du Nazio Batuak "finantza-krisi" baten atarian daudela
Honako herrialde hauek dira zordun handienak: AEB, Txina, Errusia, Venezuela, Brasil, Argentina, Mexiko eta Iran. NBEk finantza-krisi larriari aurre egin behar dio, eta 1.570 milioi dolarreko marka ezarri du ordaindu gabeko zorretan.