Dardara
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Lurrikara indartsu batek Mexiko astindu du eta 225 lagun hil dira

Dardara Mexiko Hirian izan da nagusi, eta dozenaka eraikin erorarazi ditu. Eskola bat behera jausi da, eta han 21 ume hil dira.
18:00 - 20:00
Gutxienez 216 hildako Mexikon, 7,1 graduko lurrikara baten ondorioz

Richter eskalan 7,1 graduko indarra hartu duen lurrikara batek Mexikoko erdialdea eta hegoaldea astindu ditu, Mexiko Hirian milaka heriotza eragin zituen dardararen 32. urteurrenean hain justu, eta izu handia zabaldu da bertan, herritarren artean. 225 hildako zenbatu dituzte orain arte.

Hiriburuan, Mexiko Hirian, 94 lagun hil dira, eta 39 eraikin guztiz erori dira.

Biktimen artean, 21 ume daude. Mexiko Hiriko hegoaldean eskola bat erori da eta han hil dira haurrak, lau heldurekin batera.

Enrique Peña Nieto presidentea Enrique Rebsamen Eskolara joan da. Ikastetxea hiriburuan erori diren eraikinetako bat da (30etik gora erori dira).

Armadako eta Itsas Armadako 500 kide baino gehiago eta Babes Zibileko 200 bat agente ari dira bilaketa lanetan eskolan, gaineratu duenez. Lan horiei esker, 14 ume bizirik atera dituzte.

Lurrikarak Axochiapan (Morelos) udalerriko hego-ekialdean izan du epizentroa, 12 kilometrora, hain zuzen ere. Morelos estatua Mexikoko erdialdean dago. 57 kilometroko sakoneran izan du hipozentroa.

Lurrikararen ondorioz, hamarnaka eraikin erori dira Mexiko Hirian. Argindarrik gabe geratu dira, gas-ihesak izan dira, telefonia zerbitzua eten egin da eta Metroa itxi egin dute.

Zehatz-mehatz, Miguel Angel Macera Mexiko Hiriko Gobernuko buruak azaldu duenez, gutxienez 30 eraikin erori dira eta 50.000 bat agente mugiarazi dituzte hondakin artean pertsonak bilatu eta biktimak artatzeko.

Unerik okerrena lapurreta egiteko

Luis Felipe Puente Babes Zibileko koordinatzaileak Televisa telebistan adierazi duenaren arabera, egoerarik larriena Del Valle, Roma eta Narvarte guneetan dago, hiriburuan, eraikin asko erori baitira.

"Datuak minutuz minutu eguneratuko dira; lan handia dago oraindik egiteko. Ez gara gau osoan geldituko", gaineratu du.

Zenbait pertsonaren arabera, gaizkile batzuk Babes Zibileko agente gisa aurkeztu dira etxebizitza batzuetan lapurtzeko; horren aurrean, Puentek esan du agenteek uniformea jantzita dutela eta identifikazio daramatela.

Amezgaiztoa

Ikastetxeetan ere, bertan behera utzi dituzte jarduera guztiak, segurtasun neurri gisa.

Dardararen ostean, milaka lagun kalera atera dira, eta boluntario ugari hondakinen artean harrapatuta egon daitezkeen pertsonak bilatzeko lanetan laguntzen ari dira.

Tokiko komunikabideek zabaldu dutenez, garraiobideetan ere kalte handiak izan dira. Mexiko eta Acapulco lotzen dituen autopistaren zati bat, adibidez, suntsituta dago, eta aireportua itxi egin dute, pistan kalterik izan ote den egiaztatzeko.

Horrez gain, zirkulazioan kaosa nagusitu da, semaforo asko oker dabiltzalako eta kale ugari itxita daudelako.

Elektrizitatearen Batzorde Federalak emandako datuen arabera, 3,8 milioi lagun argindarrik gabe geratu dira.

Handien laguntza

Googlek eta Facebookek larrialdi sistemak aktibatu dituzte, desagertutako pertsonak eta desagertuen bila daudenak harremanetan jartzeko. Googlek Alerta SOS eta Pertsonen Bilatzailea abiarazi ditu.

Bestalde, Facebookek segurtasun egoeraren Egiaztatzailea jarri du hiritarren esku, sare sozial horretako lagunak onik dauden jakiten laguntzeko.

Lurrikara handi batek kaosa eragin du Mexiko Hirian. Argazkia: EFE

Hondamendi baten urteurrenean

Herritarrak Mexiko Hirian 1985eko lurrikara gogoratzeko kaleetara atera eta bi ordutara gertatu da azken dardara handia. Duela 32 urteko hondamendian, 10.000 lagun baino gehiago hil ziren.

Bestalde, irailaren 7an gertatutako lurrikarak (8,2ko indarra hartu zuen Richter eskalan) baino gehiago astindu du hiriburua gaurkoak, hipozentroa hurbilago izan delako.

Irailaren 7ko lurrikara Mexikon gertatu den indartsuena izan zen 1932tik. 98 hildako utzi zituen herrialdeko hegoaldean: 78 Oaxacan, 16 Chiapasen eta 4 Tabascon.

Zure interesekoa izan daiteke

HAVANA (Cuba), 13/03/2026.- A handout photo made available by the Office of the President of Cuba showing Cuban President Miguel Diaz-Canel speaking during a press conference in Havana, Cuba, 13 March 2026. The Cuban government stated that the island 'has not relinquished its sovereign right to receive oil supplies', amid a severe energy crisis and an oil embargo imposed by the US since January, which has led to increased power outages. (La Habana) EFE/EPA/ALEJANDRO AZCUY / CUBA PRESIDENT OFFICE / HANDOUT HANDOUT EDITORIAL USE ONLY/NO SALES
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Diaz-Canelek esan du Kubak "eutsi" egingo diola "AEBk zigor kolektibo" gisa erabiltzen duen "gerra ekonomiko basatiari"

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ohartarazi du erregai-eskasiak Kubako "funtsezko zerbitzuak" kaltetzen dituela, eta hornidura humanitarioen entregak atzeratzen eta hornigaiak garestitzen ari direla. Gainera, ohartarazi du "bildu gabeko zaborra pilatzen" ari dela hiriburuan, Habanan, "airearen kalitatea okerrera" doala "hondakinak eta janaria prestatzeko zura erretzen delako", eta "elektrizitate faltagatik 50.000 ebakuntza egin gabe" geratu zirela otsailean, besteak beste. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X