Errusiak iragarri du Kieven kontrako erasoak murriztuko dituela, Ukrainarekin negoziazioak errazteko asmoz
Errusiako Gobernuak iragarri du Kiev eta Txernihiv hirien aurkako eraso militarrak "nabarmen" murriztuko dituela, Ukrainarekin izaten ari diren elkarrizketak bide onetik doazela ikusita.
Bi aldeetako talde negoziatzaileak Istanbulen (Turkia) bildu dira gaur goizean, eta topaketa horren ostean iritsi da Errusiaren iragarpena.
Aleksandr Fomin Defentsako ministrordeak adierazi du "bi herrialdeen arteko konfiantza sendotzeko eta akordio bat lortzeko negoziaketak errazteko asmoz" hartutako neurria dela.
Ildo horretan, azaldu du Errusiak ituna egin nahi duela Ukrainarekin, "neutraltasunez" jokatuko duela eta arma nuklearrik gordeko ez duela ziurtatzeko.
"Ulertzen dugu erabaki garrantzitsuenak Kieven hartuko dituztela, eta lan formala egiteko baldintzak sortzea ahalbidetu nahi dugu", erantsi du erasoaldiak hiri horretan murrizteko erabakiaren harira.
Horrez gain, Vladimir Medinski Errusiako Gobernuaren ordezkaritzaren buruak baieztatu du Ukrainako talde negoziatzaileak balizko akordio bat egiteko baldintzak helarazi dizkiola goizeko bileran.
"Proposamena aztertuko dugu, (Vladimir Putin) presidenteari erakutsiko diogu eta erantzun bat emango dugu", ziurtatu du.
Ukrainak NATOn sartzeari uko egingo lioke, bere segurtasuna bermatzen bada
Bestalde, Ukrainako ordezkaritzak adierazi du Ukraina NATOn eta beste edozein aliantza militarretan sartzeari uko egiteko prest egongo litzatekeela, hamar herrialderen segurtasun bermeak idatziz jasoz gero, David Arakhamia Ukrainako taldeko buruak iragarri duenez.
"Funtzionatuko duen nazioarteko mekanismo bat nahi dugu, NATOren 5. artikuluaren antzekoa", esan du. "Gustatuko litzaiguke herrialde bermatzaileak Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilukoak izatea (Erresuma Batua, Txina, Errusia, AEB eta Frantzia), baita Turkia, Alemania, Kanada, Polonia eta Israelgoak ere", azaldu du.
Ukrainaren aurkako eraso baten kasuan, Kievek hiru egunen buruan kontsultak eskatu ahal izango lituzke, eta, gaia bide diplomatikotik konpondu ezean, laguntza militarra eskatzeko eskubidea izango luke, debekupeko aire-eremu bat ezartzea barne.
Berme horiek ematen badira, "Ukrainak neutrala izatea onartuko du, ez du arma nuklearrik izango, eta ez du atzerriko base militarrik onartuko bere lurraldean", gaineratu du Oleksander Chalyi Ukrainako ordezkaritzako kideak.
Bestalde, Mikhailo Podolyak negoziatzaileak adierazi duenez, akordio horrek ez lituzke Errusiak "aldi baterako okupatutako lurraldeen" arazoa jorratuko, Donetsk eta Luhansk eskualdeei eta Krimeako penintsulari dagokienez (2014an Errusiari erantsia).
Lurralde horien estatusa Errusiarekin negoziatu beharko da 15 urteko epean. Nolanahi ere, proposamenak "ez du aurreikusten Ukrainak indarra erabiltzea lurralde horiek askatzeko", azpimarratu du.
Bestalde, Chalyiren hitzetan, akordioak ez du inola ere baztertuko Ukraina Europar Batasunean sartzea. Behin betiko akordioa badago, horren edukia erreferendum bidez onartu beharko da tropa errusiar guztiek lurraldetik alde egin ondoren.
Negoziatzaileek pozoitzea gezurtatu dute
Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea ordezkaritzetako kideei zuzendu zaie bileraren hasieran, eta su-etenerako urratsak emateak Vladimir Putin eta Volodimir Zelenski presidenteen arteko bilera baterako bidea erraztuko lukeela esan die.
Turkiako hedabideek zabaldutako irudietan ikus daitekeenez, Roman Abramovich ere bertaratu da, baina ez da mahai nagusian eseri, bilerak koordinatu dituen Ibrahim Kalin Erdoganen bozeramailearen ondoan baizik. Beraz, oraindik bitartekari lanetan parte hartzen jarraitzen duela ematen du, The Guardian eta The Wall Street Journal hedabideek aurreko asteetan "ustezko pozoiketa baten sintomak" izan zituela zabaldu arren. Rustem Umerov Ukrainako negoziatzaileari ere eraso omen zioten, hedabide horien arabera.
Dmytro Kuleba Ukrainako Atzerri ministroak "ezer ez jateko edo edateko" gomendioa egin die negoziatzaileei, baita "ahal bada, ezer ez ukitzeko" ere, Sky News telebista britainiarrak jaso duen bezala.
Umerovek berak, hala ere, "ondo" dagoela esan du Facebooken argitaratutako mezu batean. "Hori da prentsa sentsazionalistari erantzuten diodana. Ez sinetsi egiaztatu gabeko berririk. Informazio gerra bat dago martxan", ohartarazi du.
Martxoaren 10ean, Antalyan (Turkia) bildu ziren Sergei Lavrov eta Dmytro Kuleba Errusiako eta Ukrainako Atzerri ministroak. Aurrekoetan, Bielorrusian bildu dira bi taldeak.
Zure interesekoa izan daiteke
Hungariak Orbanen aroa ixteko aukera izango du igandean
Peter Magyar liberalak (inkestetan faborito argia da) garaipen sendoa behar du lehen ministro ohiak 16 urteko agintaldian altxatutako egiturak aldatzeko.
'Orion' ontzia itsasoratu da jada, eta amaitu da Artemis II misioa, 50 urtean Ilargira egindako lehen bidaia
Lau astronautak (Reid Wiseman, Victor Glover, Christina Koch eta Jeremy Hansen) osasun egoera onean daudela baieztatu du NASAk.
Artemis II misioko astronautak prest dira 02:07an Kaliforniako kostaldearen parean itsasoratzeko
Hego Euskal Herriko 02:07an, NASAren aurreikuspenen arabera, San Diegoko (Kalifornia) kostaldean itsasoratuko da Orion espazio ontzia.
Ekuadorrek % 50etik % 100era igoko ditu Kolonbiako inportazioen muga-zergak, merkataritza-gerra gogortuz
Noboaren gobernuaren arabera, "segurtasun nazionala" bermatzeko hartu dute erabakia, eta "erantzukizun partekatua indartzea du helburu, mugan narkotrafikoaren presentziari aurre egiteko". Petroren ustez, neurri hori "gehiegikeria" da, eta "errespetua" eskatu du "narkotrafikoak eraildako 200.000 kolonbiarrentzat".
Israelek iragarri du Hezbollahko buruzagiaren idazkaria eta iloba hil duela
Hildakoa Ali Yusef Harshi da, Naim Qassemen iloba.
Iranek itxi egin du Ormuzko itsasartea, hainbat orduz irekita egon ondoren
Itsasartea irekita egon da hainbat orduz. Itsasoko trafikoa monitorizatzen duten plataformek mugimenduak atzeman dituztela adierazi dute. Hala ere, Israelek Libanori egindako erasoaren ostean, Irango agintariek berriro etenarazi dute petrolio-ontzien nabigazioa, Guardia Iraultzailearekin lotutako Fars agentziak jakinarazi duenez.
Milaka indigena Brasiliara iritsi dira, 2026ko Lur Librea Kanpamentuan parte hartzeko
Brasilgo indigenek martxa bat egin dute Brasilgo Kongresu Nazionalera euren eskubideak aldarrikatzeko, Brasilian urtero egiten duten kanpaldiaren testuinguruan.
Israelek gutxienez 250 pertsona hil ditu Libanoren aurka egindako "erasorik handienean", su-etena izan arren
AEB eta Iranen artean bitartekari lanak egin dituen Pakistanen arabera, Libanori ere eragiten dio tregoak. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, ordea, akordiotik kanpo utzi du herrialdea.
Iranen bake-plan proposamenaren hamar gakoak
Iranek arma nuklearrak ez fabrikatzeko konpromisoa hartu du, eta bere kontrako zigor guztiak kentzea eta jasandako kalteak konpentsatzeko funts bat sortzea eskatu du. Horiek dira, besteak beste, Teheranek AEBrekin gerra amaitzea negoziatzeko aurkeztu duen planaren puntuak.
AEBk eta Iranek bi asteko su-etena adostu dute, Ormuz ireki egingo dutela bermatuta
Pakistanen bitartekaritzak su-eten akordioa lortzea ahalbidetu du. Ituna berehala sartuko da indarrean, eta Islamabadeko bake negoziazioei ateak irekiko dizkie.