Netanyahu atxilotzeko agindua abiatzea eskatu du Hagako fiskalak
Karim Khan Hagako Nazioarteko Auzitegiko (ICC, ingelesez) fiskalak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroa eta Yahyar Sinwar Hamaseko buruzagia atxilotzeko aginduak ematea eskatu du gerra eta gizateriaren kontrako krimenak egotzita.
Fiskalaren ustez, "arrazoizko zantzuak" daude esateko Israelgo lehen ministroak baduela "zigor ardurarik Gazan egindako gerra krimenen eta gizateriaren aurkako krimenen kasuan".
Aipatutako hiru buruzagi horiez gain, Mohamed Diab al Masri Hamasen arlo militarreko burua eta Ismael Haniye buruzagi politikoa ere atxilo hartzeko aginduak galdegin ditu fiskalak.
Hagako Nazioarteko Auzitegian bost pertsona horiek atxilotzeko eta epaitzeko lehen pausoa da honakoa.
Agintari israeldarren kasuan, gosea zibilen aurkako "gerra metodo" gisa erabiltzea eta "nahita egindako hilketak" leporatzen dizkie.
"Nire Bulegoak uste du, jaso ditugun frogetan, lekukoen testigantzetan, bideoetan, argazkietan, audioetan, sateliteetako irudietan eta ustezko egileen deklarazioetan oinarrituta, Israelek nahita galarazi diela Gazako osoko herritarrei bizirauteko oinarrizko objektuak edukitzea", adierazi du Khanek.
Gainera, azpimarratu du epaileei aurkeztu dien eskaera bere bulegoaren "ikerketa independente eta inpartzialaren emaitza" dela.
Hamaseko buruzagiei dagokienez, Khanek uste du Israelen eta Palestinan egindako gizateriaren aurkako krimenen arduradun penalak direla, gutxienez 2023ko urriaren 7tik aurrera, eta tartean "ehun zibil israeldarren hilketa" eta "gutxienez 245 pertsonaren bahiketa" egotzi die.
Israelek "eskandalagarri"tzat jo du eskaera
Israel Katz Israelgo Atzerri ministroak esan du "eskandalagarria" dela Auzitegiaren eskaera: "Hagako auzitegiaren fiskal nagusiaren erabakia eskandalagarria da. Urriaren 7ko biktimen eta Gazan bahituta dauden 128 pertsonen kontrako eraso zuzena eta mugagabea da".
Karim Khanen bulegoak kaleratutako oharrean Netanyahu eta Gallant "Hamaseko munstro nazkagarri nazien ondoan" agertzen direla salatu du, hori "betiko geratuko den zoritxar historikoa" izango dela erantsi aurretik.
Hori horrela, "batzorde berezi bat" osatuko omen dute "berehala", erabaki horren aurka egiteko, "helburu bakarra Israelgo Estatua lotzea eta autodefentsarako eskubidea ukatzea" duela iritzita.
Era berean, Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministroak, Ben Gvir ultraeskuindarrak, esan du Khanen eskaerarekin "lehen ministroa eta Defentsa ministroa Hamaseko buruzagien maila berean" jartzen dituela, eta agerian geratu dela "auzitegi antisemitara ordezkariak bidaltzea akats larria" izan zela.
Zentzu horretan, Bezalel Smitrich Finantza ministro ultraren esanetan, "propaganda nazitik ez da horrelako hipokresia eta juduen aurkako gorroto adierazpenik egin".
Hamasen ustez "zazpi hilabete berandu" iritsi da
Hamas Erresistentzia Mugimendu Islamikoak esan du Fiskaltzaren eskaera "zazpi hilabete berandu" iritsi dela, eta gainera, "hiltzailea eta biktima parekatzeko saiakera" dagoela horren atzean, Hamaseko hiru goi-kargudun atxilotzea ere aurreikusten duelako.
Hamasek kritikatu du "erakunde sionistako bi gerra kriminal soilik" aipatzen dituela fiskalaren eskaerak, eta zazpi hilabeteko epean "Israelen okupazioak milaka krimen" egin dituela palestinarren aurka, tartean "haurrak, emakumeak, medikuak eta kazetariak hiltzea; eta jabetza pribatua eta publikoa suntsitzea, meskitak, elizak eta ospitaleak, besteak beste".
Hori horrela, islamistek diote Khanek "aginduak eman zituzten okupazioko funtzionario guztien", "krimenetan parte hartu zuten soldaduen", eta "krimenak agindu, sustatu, egin edo babestu zituzten" guztien aurkako atxilotze aginduak eskatu behar lituzkeela.

Hagako Auzitegia. Argazkia: EFE
Herrialdeen laguntza
Auzitegia Erromako Estatutuan oinarritzen da, eta horren arabera, auzitegiak ezin du inor epaitu bera presente ez badago fisikoki. Atxiloketa, beraz, nahitaezkoa da epaiketa egiteko.
Hala eta guztiz ere, gorteak ez du erakunde propiorik atxiloketa gauzatzeko, eta estatu kideen esku uzten du ardura hori. Gaur egun 123 herrialdek izenpetu dute Erromako Estatutua, eta Israel eta AEB ez daude tartean. Gainera, Netanyahuk ez du atzerrira bidaiatu Hamasek urriaren 7an egin zuen erasotik.
Gaur egun Nazioarteko Zigor Auzitegiak emandako dozena batetik gora atxilotzeko agindu daude indarrean, bete gabe, eta zerrendan agertzen da, besteak beste, Vladimir Putin Errusiako presidentea.
Izan ere, auzitegiak aitortzen du atxilotzeko agindu bat ematen duenean herrialdeen laguntza behar duela, nahiz eta ez duten derrigor Erromako Estatutuaren sinatzaileak izan behar.
Gainera, eta Erromako Estatutuaren sinatzaileek atxilotzeko aginduak gauzatzeko betebeharra badute ere, ez da beti hala izan. 2015ean, Hegoafrikak uko egin zion Omar al Bashir Sudango presidentea atxilotzeari, Afrikako batasunaren goi-bilerara joanda inmunitatea zuela argudituta.
Zure interesekoa izan daiteke
Emakume bat hil da Suitzako Alpeetan, bera zegoen teleferikoko kabina maldan behera erorita
Ezbeharra izan da asteazken honetan Titliseko eski estazioan, Suitzako erdialdean. Teleferikoa lokabe geratu da, eta maldan behera erori da. Hildakoa zen kabinako bidaiari bakarra. Suitzako Meteorologia Bulego Federalaren arabera, istripuaren unean 100 eta 130 km/h arteko haize-ufadak zeuden.
Txertoak agortu dira eta farmaziak gainezka daude Erresuma Batuan, meningitis-agerraldi baten ondorioz
Kezka zabaldu da Erresuma Batuan. Unibertsitate-ikasleak biltzen diren Canterburyko diskoteka batean hasi da agerraldia. Dagoeneko bi pertsona hil dira, eta gutxienez 20 kutsatu dira.
Petrolio-upelaren prezioa 113 dolarrera igo da, eta gasa % 30 garestitu, Qatarko energia-azpiegituren aurka abiatutako erasoen ondorioz
Ekialde Hurbileko gatazkak merkatuak astintzen jarraitzen du: Asiako burtsek behera egin dute gogor, eta Europakoetan eguna negatiboan hastea aurreikusten da, Europako Kontseiluaren bileraren zain.
Israelek eta Estatu Batuek eraso egin diote Iranek eta Qatarrek duten munduko gas aztarnategi handienari
Iranek ohartarazi du bere azpiegitura energetikoaren aurkako erasoek "ondorio kontrolaezinak" ekar ditzaketela, eta egoera are gehiago zaildu eta mundu osoari kalte egin diezaioketela.
Diaz-Canelek esan du Kubak "eutsi" egingo diola "AEBk zigor kolektibo" gisa erabiltzen duen "gerra ekonomiko basatiari"
Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ohartarazi du erregai-eskasiak Kubako "funtsezko zerbitzuak" kaltetzen dituela, eta hornidura humanitarioen entregak atzeratzen eta hornigaiak garestitzen ari direla. Gainera, ohartarazi du "bildu gabeko zaborra pilatzen" ari dela hiriburuan, Habanan, "airearen kalitatea okerrera" doala "hondakinak eta janaria prestatzeko zura erretzen delako", eta "elektrizitate faltagatik 50.000 ebakuntza egin gabe" geratu zirela otsailean, besteak beste.
Irango zentral nuklear bati eraso egin diotela salatu du NBEk
Oraingoz, ez dute biktimen ezta kalteen berririk eman. Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak Ekialde Hurbileko gatazka baretzeko deia egin du, istripu nuklearrak gertatzeko arriskua saihesteko.
Iranek misilekin eraso egin du Tel Aviven aurka, Ali Larijaniren hilketaren mendeku gisa
Irango Guardia Iraultzailearen esanetan, "100 helburu militar eta segurtasun helburu baino gehiago" jo dituzte, erasoan Israelgo aireko defentsa sistemak gaindituta.
Iranek baieztatu du Ali Larijani Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko idazkaria hil duela Israelek
Martxoaren hasieran Khamenei aiatola hil zutenetik, Larijani Irango buruzagi garrantzitsuenetakoa zen. Halaber, eraso berean Golamreza Soleimani Basij indar paramilitarreko buruzagia hil dutela baieztatu du Irango Guardia Iraultzaileak. Hilketa horien aurrean, Irango agintari politiko eta militarrek "mendekua" agindu dute.
Espainiak euskara, katalana eta galegoa Europar Batasunean hizkuntza ofizialak izan daitezen nahi du
Fernando Sampedro EBko Estatu idazkariak esan du presioa egiten jarraituko dutela, nahiz eta gaiak bederatzi hilabete daramatzan Ministerioaren agendatik kanpo.
Israelgo Armadak iragarri du "eskala handiko" beste erasoaldi bat egingo duela Teheranen aurka
Israel Katz Defentsa ministroak iragarri duenez, Ali Larijani Irango Segurtasun Nazionaleko agintaria hil dute.