Milaka pertsona elkartu dira Bilbon eta Iruñean palestinar herriaren eta erresistentziaren alde
Milaka pertsonak Bilboko erdiguneko kaleak zeharkatu dituzte gaur Palestinako herriari eta erresistentziari elkartasuna adierazteko, Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta. Manifestazioaren buruan ikurrina bat eta bandera palestinar handi bat joan dira.
"Ez da gerra bat, genozidioa da", "Europa babeslea, Israel hiltzailea" eta "Palestina askatu, Israeli boikota" leloak oihukatu dituzte bertan. "Palestina, ez zaude bakarrik" edo "Satanyahu, presidente" zioten kartelak ere eraman dituzte manifestariek.
Esther Muñoz plataformako bozeramaileak hedabideen aurrean adierazi duenez, protestaren helburua Israelen legez kanpoko okupazioaren aurrean palestinarren erresistentziari "babes irmoa" erakustea da, baita "Israelekin konplizitate mota guztiak hausteko beharra berrestea" ere.
"Estatu sionista 'desnormalizatu' behar da, azken egunotan bere benetako xedea eta anbizio espantsionistak argi uzten ari baita, eskualdeko beste herri batzuei eraso eginda", azpimarratu du.
Martxa Bizkaiko hiriburuko udaletxearen aurrean amaitu da, eta ibilbidean zehar espaloietan zain zeuden pertsona askok bat egin dute protestarekin.
Milaka lagun ere, Iruñean
Arratsaldean, antzeko irudia ikusi da Iruñean. Manifestazioaren buruan, "Genozidio bat, 76 urteko erresistentzia" leloa zuen pankarta bat jarri dute, euskaraz eta gaztelaniaz, eta, ondoren, Palestinako bandera handi bat. Deitzaileen arabera, 12.000 pertsona baino gehiago elkartu dira mobilizazioan; Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzaren arabera, aldiz, 2.000 baino ez.
Palestinako banderak eskuetan eta zapi palestinarrak lepoan zituztela, manifestari ugari bildu dira, eta horietako batzuk pankarten atzean kokatu dira. Horien artean hainbat arlotako kolektibo eta profesionalak izan dira, Palestinari elkartasuna adierazteko, suhiltzaileak, kirolariak, osasun-langileak, berriemaileak eta irakasleak tartean. Horiek guztiek, beste milaka lagunekin batera, Donibane auzotik abiatu eta Sarasate pasealekuraino egin dute.
Lidon Soriano ekintzaileak kazetariei azaldu dienez, martxak "gobernuei gogorarazi nahi zien nazioarteko ebazpenak bete behar direla".
"Gobernuak behartuta daude nazioarteko zuzenbidea betetzera ez ezik, betearaztera ere. Eta betetzen ez duenari zigorrak ezarri behar dizkiote", azpimarratu du Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegia eta Nazio Batuen Erakundea Israelen erasoen aurka agertu direla gogorarazi ostean.
"Israeli zigorrak ezarri behar zaizkio. Israelekin mota guztietako harremanak eten behar dira. Israel isolatu egin behar da, legeak hala aginduta", nabarmendu du Sorianok.
Bestalde, "herri palestinarrak, herri okupatua den aldetik, bidezko erresistentziarako eskubidea du", "proportzionaltasunean eta helburu zibilen eta militarren arteko bereizketan" oinarrituta, eta bi horiek "Israelek sistematikoki urratzen ditu".
"Gobernuen arduragabekeriaren aurrean, berriro aterako gara kalera, duela urtebete ez baitzen ezer hasi. Israelek 76 urte daramatza erasoak egiten, ez bakarrik Palestinan, baita Libanon eta Sirian ere, gerraren globalizazio horren bila", esan du.
Gaurko protestaren aurretik, plataformako zenbait kidek 24 orduko "elkartasun baraualdia" egin dute Iruñean, Sakanan, Gasteizen, Donostian eta Bilbon, eta, aldi berean, Palestinan gertatzen ari denaren berri emateko bestelako ekintza batzuk antolatu dituzte.
Ekimenarekin "kontzientziak xaxatu" nahi dituzte, "indarrak batu eta mobilizatzeko"; izan ere, "oso garrantzitsua da", horien ustez, "Israelen proiektu sionista desnormalizatzea, borrokatzea eta boikotatzea, eta estatu terrorista babesten dutenak jomugan jartzea".
Zure interesekoa izan daiteke
Emakume bat hil da Suitzako Alpeetan, bera zegoen teleferikoko kabina maldan behera erorita
Ezbeharra izan da asteazken honetan Titliseko eski estazioan, Suitzako erdialdean. Teleferikoa lokabe geratu da, eta maldan behera erori da. Hildakoa zen kabinako bidaiari bakarra. Suitzako Meteorologia Bulego Federalaren arabera, istripuaren unean 100 eta 130 km/h arteko haize-ufadak zeuden.
Txertoak agortu dira eta farmaziak gainezka daude Erresuma Batuan, meningitis-agerraldi baten ondorioz
Kezka zabaldu da Erresuma Batuan. Unibertsitate-ikasleak biltzen diren Canterburyko diskoteka batean hasi da agerraldia. Dagoeneko bi pertsona hil dira, eta gutxienez 20 kutsatu dira.
Petrolio-upelaren prezioa 113 dolarrera igo da, eta gasa % 30 garestitu, Qatarko energia-azpiegituren aurka abiatutako erasoen ondorioz
Ekialde Hurbileko gatazkak merkatuak astintzen jarraitzen du: Asiako burtsek behera egin dute gogor, eta Europakoetan eguna negatiboan hastea aurreikusten da, Europako Kontseiluaren bileraren zain.
Israelek eta Estatu Batuek eraso egin diote Iranek eta Qatarrek duten munduko gas aztarnategi handienari
Iranek ohartarazi du bere azpiegitura energetikoaren aurkako erasoek "ondorio kontrolaezinak" ekar ditzaketela, eta egoera are gehiago zaildu eta mundu osoari kalte egin diezaioketela.
Diaz-Canelek esan du Kubak "eutsi" egingo diola "AEBk zigor kolektibo" gisa erabiltzen duen "gerra ekonomiko basatiari"
Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ohartarazi du erregai-eskasiak Kubako "funtsezko zerbitzuak" kaltetzen dituela, eta hornidura humanitarioen entregak atzeratzen eta hornigaiak garestitzen ari direla. Gainera, ohartarazi du "bildu gabeko zaborra pilatzen" ari dela hiriburuan, Habanan, "airearen kalitatea okerrera" doala "hondakinak eta janaria prestatzeko zura erretzen delako", eta "elektrizitate faltagatik 50.000 ebakuntza egin gabe" geratu zirela otsailean, besteak beste.
Irango zentral nuklear bati eraso egin diotela salatu du NBEk
Oraingoz, ez dute biktimen ezta kalteen berririk eman. Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak Ekialde Hurbileko gatazka baretzeko deia egin du, istripu nuklearrak gertatzeko arriskua saihesteko.
Iranek misilekin eraso egin du Tel Aviven aurka, Ali Larijaniren hilketaren mendeku gisa
Irango Guardia Iraultzailearen esanetan, "100 helburu militar eta segurtasun helburu baino gehiago" jo dituzte, erasoan Israelgo aireko defentsa sistemak gaindituta.
Iranek baieztatu du Ali Larijani Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko idazkaria hil duela Israelek
Martxoaren hasieran Khamenei aiatola hil zutenetik, Larijani Irango buruzagi garrantzitsuenetakoa zen. Halaber, eraso berean Golamreza Soleimani Basij indar paramilitarreko buruzagia hil dutela baieztatu du Irango Guardia Iraultzaileak. Hilketa horien aurrean, Irango agintari politiko eta militarrek "mendekua" agindu dute.
Espainiak euskara, katalana eta galegoa Europar Batasunean hizkuntza ofizialak izan daitezen nahi du
Fernando Sampedro EBko Estatu idazkariak esan du presioa egiten jarraituko dutela, nahiz eta gaiak bederatzi hilabete daramatzan Ministerioaren agendatik kanpo.
Israelgo Armadak iragarri du "eskala handiko" beste erasoaldi bat egingo duela Teheranen aurka
Israel Katz Defentsa ministroak iragarri duenez, Ali Larijani Irango Segurtasun Nazionaleko agintaria hil dute.