Sarraskia Gazan
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Israelek hamaikagarren aldiz bonbardatu du Al Aqsa ospitalea

Gainera, zazpi pertsona hil dituzte; tartean, hiru ume, Zerrendan izandako beste bi erasotan: Jabaliako errefuxiatu-eremuan eta Khan Yunisen. Iragan gauerditik Israelek 41 pertsona hil ditu, gutxienez.
Gaza Hiria. Argazkia: EFE
Gaza Hiria. Argazkia: EFE

Israelgo Armadak hamaikagarren aldiz bonbardatu du gaur Al Aqsako Martirien ospitalea, Gazako Zerrendaren erdialdean, eta horrek adierazten du, Palestinako Gobernuaren arabera, Tel Avivek "osasun azpiegitura suntsitzeko asmo argia" duela.

Erasoa Israelen hiru drone egin dute, eta ospitalearen eraikin nagusiaren teilatua bonbardatu dute. Bonbardaketak "kalte materialak" eragin ditu, Gazako Gobernuaren komunikazio bulegoak jakinarazi duenez.

Israelek osasun-zentroari egiten dion 11. erasoa da. Lehenengoa iazko urtarrilaren 10ean izan zen; eta, azkena, apirilaren 13an.

"Eraso kriminal hau hamaikagarren erasoa izan da gerra genozida hasi zenetik, eta nahita egindako bonbardaketen eredu sistematiko baten parte da", adierazi du komunikazio bulegoak, eta gogorarazi du eraso mota horiek "nazioarteko zuzenbidearen urraketa nabarmena" direla.

"Israelen okupazioa, AEBko Administrazioarekin eta estatu konplize guztiekin batera, Gazako osasun azpiegitura suntsitzera bideratutako politika argiaren erabateko erantzuletzat jotzen dugu ", salatu du Gazako Gobernuak.

42 hildako gauerditik; tartean, hiru haur

Zazpi pertsona —tartean, hiru haur— hil dituzte gaur Gazako Zerrendan droneekin egindako bi erasotan: Jabaliako errefuxiatu-eremuan (iparraldean) eta Khan Yunisen (hegoaldean), Palestinako Wafa albiste agentzia jakitera eman duenez.

Wafak aipatutako iturri medikoen arabera, Zerrendako ospitaleak gaitasunaren % 40rekin lanean ari dira ordezko piezak falta dituztelako eta ekipoen % 60 bonbardaketetan suntsitu dituztelako.

Israelgo Armadak 54.607 pertsona hil ditu 2023ko urriaren 7tik, eta 125.341 zauritu, Gazako Osasun Ministerioaren azken zenbaketaren arabera.

Kolonoen erasoak Zisjordanian

Bestalde, gutxienez hamar palestinar zauritu dituzte gaur Zisjordaniako Dair Dibwan hirian, Ramallahko ekialdean, kolono israeldarrek egindako eraso batean.

Wafak kontsultatutako tokiko iturriek azaldu dutenez, dozenaka kolonok hainbat etxebizitzari, ibilgailuri eta zaldi eta ardien ukuiluei eraso diete. Anbulantzia eta suhiltzaileei ere sartzea eragotzi diete, eta harriak jaurti dituzte kale nagusian zebiltzan ibilgailuen aurka.

Halaber, Israelgo Armadak kolonoei babesa eman diete, hiriko sarrera itxi duela eta bertakoei bertan sartzea edo bertatik irtetea galarazi diela adierazi dute.

Laila Ghanem Ramallah eta Al Birehko gobernadoreak azpimarratu duenez, herritar baketsuen aurka egindako erasoek eta "ondasunen eta etxebizitzen kontrako bandalismo ekintzek sistema kolonialaren izaera kriminala agerian uzten dute".

Ildo horretan, nazioarteari eskatu dio dagozkion erantzukizunak bere gain har ditzala, eta Israelen gainean "presio handia" egiteko, "genozidio krimenak, garbiketa etnikoa eta kolonoen erasoak" gelditzeko.

Israelgo Armadaren operazioek eta kolono israeldarrek Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean egindako erasoek 930 palestinar baino gehiago hil dituzte 2023ko urriaren 7az geroztik, eta urte horretako lehen bederatzi hilabeteetan hildakoen kopuruak markak hautsi egin ditu.

Nazio Batuen datuen arabera, 2024an 500 palestinar inguru hil zituzten, eta aurten 120 pertsona baino gehiago hil dituztela jakinarazi dute, okupazioaren eta gatazkaren testuinguruan.

Zure interesekoa izan daiteke

HAVANA (Cuba), 13/03/2026.- A handout photo made available by the Office of the President of Cuba showing Cuban President Miguel Diaz-Canel speaking during a press conference in Havana, Cuba, 13 March 2026. The Cuban government stated that the island 'has not relinquished its sovereign right to receive oil supplies', amid a severe energy crisis and an oil embargo imposed by the US since January, which has led to increased power outages. (La Habana) EFE/EPA/ALEJANDRO AZCUY / CUBA PRESIDENT OFFICE / HANDOUT HANDOUT EDITORIAL USE ONLY/NO SALES
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Diaz-Canelek esan du Kubak "eutsi" egingo diola "AEBk zigor kolektibo" gisa erabiltzen duen "gerra ekonomiko basatiari"

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ohartarazi du erregai-eskasiak Kubako "funtsezko zerbitzuak" kaltetzen dituela, eta hornidura humanitarioen entregak atzeratzen eta hornigaiak garestitzen ari direla. Gainera, ohartarazi du "bildu gabeko zaborra pilatzen" ari dela hiriburuan, Habanan, "airearen kalitatea okerrera" doala "hondakinak eta janaria prestatzeko zura erretzen delako", eta "elektrizitate faltagatik 50.000 ebakuntza egin gabe" geratu zirela otsailean, besteak beste. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X