AEB

Gorde
Kendu nire zerrendatik

AEBko Auzitegi Gorenak legez kanpokotzat jo ditu Trumpek ezarritako muga-zergak

Ebazpen honen ondorioz, inportazioak garestituta kaltetu diren milaka enpresak auzitara jotzeko aukera izango dute, eta dirua itzultzea eska dezakete.

trump-aranceles-efe

Trumpek bere lehen muga-zergak iragarri zitueneko irudiak. Argazkia: EFE

AEBko Auzitegi Gorenak ebatzi du Donald Trump presidenteak ezin zituela alde bakarrez ezarri 2025eko apirilean iragarritako muga-zergak, eta legez kanpokotzat jo ditu, ostiral honetan emandako epai batean. Sei epailek alde eta hiruk kontra bozkatu dute, eta, horrela, AEBko Gorenak bertan behera utzi du AEBko Administrazioak 1977ko Nazioarteko Larrialdietarako Botere Ekonomikoaren Legean (IEEPA, International Emergency Economic Powers Act) oinarrituta egin zuen interpretazioa.

Epaileen gehiengoak argi esan du lege horrek ez diola presidenteari muga-zergak ezartzeko eskumenik ematen. IEEPAk nazioarteko transakzioak arautu edo debekatzeko tresnak aurreikusten ditu larrialdi egoeretan, baina ez du berariaz aipatzen zergak edo aduana-eskubideak ezartzeko ahalmena. Are gehiago, Auzitegi Gorenak nabarmendu du horrelako neurriak hartzeko Kongresuaren baimen “argia eta zehatza” behar dela.

Epaia Trumpek bere bigarren agintaldian bultzatu duen politika ekonomikoaren kolperik handienetako bat da, muga-zergak bere estrategiaren ardatzetako bat bihurtu baititu. AEBko hainbat estatu eta enpresak auzitara jo dute jada, Trump bere eskumenetatik harago joan zela argudiatuta. Auzitegi askok zalantzan jarri zuten larrialdietarako lege horren erabilera, eta auzia Gorenera iritsi da azkenean.

Itzulketen gatazka, ate-joka

AEBko presidenteak urtarrilaren erdialdean ohartarazi zuen Gorenak muga-zergen aurka egingo balu "erabateko hondamendia" izango litzatekeela, AEBko Gobernuak "hainbat bilioi dolar" itzuli beharko lituzkeelako.

Ebazpen horren ondorioz, inportazioak garestituta kalteak izan dituzten milaka enpresak auzitara jotzeko aukera izango dute, eta dirua itzultzea eska dezakete.

Europaren erantzuna

Europar Batasuna aztertzen ari da Auzitegi Gorenaren epaia, eta harreman estua du AEBko Administrazioarekin. Hala ere, ez du baztertzen Donald Trumpek neurri berriak hartzea, eta Atlantikoaren bi aldeetako enpresek ziurtasuna eta egonkortasuna behar dutela azpimarratu du.

Muga-zergen erretiroaren eragina berehala nabaritu da merkatuetan: Europako burtsek gora egin dute erabakiaren berri izan ostean; Milangoak % 1,48 egin du gora, eta Pariskoak marka ezarri du, % 1,39 igota.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X