Netflixek Warner erosteko borroka utzi du Paramountek beste eskaintza bat egin ostean
Enpresak azaldu duenez, Paramounten azken eskaintza berdintzeko behar zen prezioarekin, Warner Brosekin zuen akordioa "dagoeneko ez da finantzarioki erakargarria", eta, beraz, uko egin dio aste honetan eskaintza hobetu duen Paramounten zenbateko berbera eskaintzeari.
Netflixek uko egin dio Warner Bros. Discovery (WBD) eskuratzeko Paramount Skydance Corporationekin lehian jarritzeari, horrek egindako azken eskaintza ez hobetzea erabakita, konpainiak ohar batean iragarri duenez.
Enpresaren arabera, Paramounten azken eskaintza berdintzeko behar zen prezioarekin, Warner Brosekin zuen akordioa "dagoeneko ez da finantzarioki erakargarria", eta, beraz, uko egin dio aste honetan bertan eskaintza hobetu duen Paramounten zenbateko berbera eskaintzeari.
Paramounten eskaintza hobetua jasotzean, Warner Brosek, Warner Brosen eta Netflixen arteko fusio akordioa betez, jakinarazpena bidali zion Netflixi esanez Paramounten azken proposamena eurek egindakoa baino "hobea" zela.
Aste honetan bertan, Paramountek akzioko 31 dolarrera igo zuen Warner Bros lehiakidearen % 100a erosteko prezioa, aurreko eskaintzako 30 dolarren aldean. Bestalde, Netflixek 27,75 dolar eskaintzen zituen WBDren estudioak eta streaming negozioa eskuratzeko.
Ted Sarandos eta Greg Peters Netflixeko zuzendari nagusiek ohar bateratu batean adierazi dutenez, "Warner Brosen marka ikonikoen administratzaile onak" izango ziren, eta haien akordioak entretenimenduaren industria indartu eta AEBko ekoizpenaren sektorean lanpostu gehiago sortu eta babestuko zituen.
Hala ere, aitortu dutenaren arabera, "transakzio hori beti izan da desiragarria prezio egokian, baina ez ezinbestekoa edozein preziotan", eta, programazioak eta streaming zerbitzuak bultzatuta, Netflixen negozioa "sendoa eta indartsua" dela eta modu organikoan hazten ari dela nabarmendu dute.