Libano eta Israelen arteko aurrez aurreko elkarrizketak gaur hasiko dira, Washingtonen, elkarren jarrerak urrun daudela
Hezbollahren buruzagiak Libano eta Israelen arteko negoziazioak gaitzetsi ditu, Israelek 2024ko azaroan adostutako su-etenaren "klausula bakar bat ere" bete ez duela argudiatuta.
Israel eta Libanoren arteko negoziazioen aurkako protesta, astelehen honetan, Beirut erdigunean. Argazkia: Europa Press
AEBk eta Iranek adostutako bi asteko su-etenak indarrean jarraitzen du, nahiz eta Israelek Libano erasotzen jarraitzen duen. Israel eta Libanoko ordezkariak gaur aurrez aurre elkartuko dira Washingtonen (Ameriketako Estatu Batuak), Libanorako su-etena negoziatzeko.
Israelek eta Libanok Washingtonen dituzten enbaxadoreak eta Marco Rubio AEBko Estatu idazkaria deitu dituzte gaurko bilerara.
Bien bitartean, Naim Qassem Hezbollahren liderrak atzo ohartarazi zuen Israelek ez duela 2024ko azaroan adostutako su-etenaren klausula bakar bat ere bete. Are gehiago, Israelen erasoak areagotu egin direla salatu zuen.
Era berean, Israelekin aurrez aurre negoziatzea "amore ematea" dela adierazi zuen, eta Joseph Aoun Libanoko presidenteari ohartarazi zion Hezbollahren aurka jartzea Israelen mesederako dela .
Israelgo ordezkaritzaren helburu nagusia Hezbollah armagabetzea lortzea da, su-etenik adostu gabe.