Estatu Batuen eta Iranen arteko elkarrizketak bi egun barru berrekin litezkeela iradoki du Trumpek
Joan den asteburuan Islamabaden (Pakistan) negoziazioen lehen erronda akordiorik gabe itxi ostean, Etxe Zuriko maizterrak iragarri du "zerbait" gerta litekeela datozen bi egunotan.
Zuzenean esan ez badu ere, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak aditzera eman du litekeena dela bi egun barru berriro biltzea AEBko eta Irango ordezkariak Islamabaden (Pakistan).
New York Post egunkariari telefonoz eskainitako elkarrizketa batean iradoki du albistea presidente estatubatuarrak. Kazetariak Islamabaden geratzea gomendatu du, datozen egunotan "zerbait" gertatu omen liteke eta. "Han geratu beharko zenukete, benetan. Litekeena da datozen bi egunotan zerbait gertatzea, eta hara begira gaude", zehaztu du.
Halaber, Asim Munir Pakistango Armadako burua bitartekari gisa egiten ari den lana goratu du Trumpek. "Lan zoragarria ari da egiten", adierazi du, eta, horregatik, ez du baztertu berandu baino lehen bertara itzultzea, negoziazioei berrekiteko.
Estatu Batuen izenean, JD Vance presidenteordea joan zen Islamabadera joan den asteburuan, Iranekin negoziatzera. 1979tik bi herrialdeon arteko hartu-emanak hautsita egon ondoren, lehendabiziko goi-bilera izan zen.
Ia 20 orduko elkarrizketek, baina, ez zuten emaitzarik eman eta akordiorik gabe itxi zuten lehen erronda. Trumpek berehala eman zion AEBko Armadari Ormuzeko itsasartea blokeatzeko agindua.