Hauteskundeak Danimarkan
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Ezkerreko blokea nagusitu da Danimarkan, baina akordioak beharko ditu

Moderatuek edukiko dute Gobernua osatzeko giltza: 14 eserleku lortuta, ezkerreko blokearen (84) eta eskuinekoaren (77) artean erabaki beharko dute.

Copenhagen (Denmark), 25/03/2026.- Chairwoman of the Social Democrats, Mette Frederiksen, speaks during the Social Democrats' election celebration in Copenhagen, Denmark, 24 March 2026. Danish voters on 24 March headed to the polls for a snap parliamentary election. (Elecciones, Dinamarca, Copenhague) EFE/EPA/MADS CLAUS RASMUSSEN DENMARK OUT
Danimarkako lehen ministroa, Mette Frederiksen, Alderdi Sozialdemokratakoa, hauteskunde gauean. Argazkia: EFE

Mette Frederiksen lehen ministro daniarraren ezkerreko blokeak hauteskunde legegileak irabazi ditu, Danimarkako Parlamentuan, 84 diputatu lortuta. Emaitza horrek, halere, akordioak egitera behartuko du gobernatzen jarraitu nahi badu, gehiengoa 90 eserlekutan baitago. Etorkizuneko gobernuaren giltza Moderatuek izango dute. Alderdi zentristak 14 eserleku lortu ditu, eta erabaki beharko dute Frederiksenen alde egin ala eskuineko blokearen alde (77 eserleku).

Guztira, ezkerreko blokea osatzen duten alderdiek 12 eserleku galdu dituzte, batez ere Alderdi Sozialdemokratak izan duen beherakadagatik. Danimarkako alderdirik indartsuena da oraindik ere, baina nabarmen ahuldu da hauteskunde hauetan. Alderdi Sozial Liberala (Radikale Venstre), Ezker Berdea alderdi sozialdemokrata, Aliantza Gorri-Berdeko ekosozialistak eta Alternatiba alderdi europarzalea dira blokea osatzen duten gainerako alderdiak.

“Gustatuko litzaidake Alderdi Sozialdemokratak beste emaitza bat lortu izan balu, baina hau ondo dago”, adierazi du Frederiksenek.

Eskuineko blokea

Ezkerreko blokearen 84 diputatuen aurrean, eskuineko alderdiek —Alderdi Liberala (Venstre), Aliantza Liberala, Kontserbadoreak eta beste hiru alderdi— 77 diputatu izango dituzte Danimarkako behe ganberan.

Hala, gehiengo argirik ezean, Moderatuak —zentroko alderdia— giltzarri izan daitezke, 14 eserlekurekin, eta erabaki beharko dute Frederiksenen ezkerreko blokearen alde egin ala eskuinaren alde.

Bestalde, itsasoz haraindiko lurraldeei dagokienez, Faroe Uharteetako bi eserlekuak Faroe Uharteetako Alderdi Sozialdemokrataren eta Alderdi Unionistaren artean banatu dira, bana bloke bakoitzarentzat. Groenlandian, berriz, boto gehien lortu dituen alderdia ezkerreko eta independentista den Inuit Komunitatea (IA) izan da.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X