SAUDI ARABIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

12 pertsona hil eta 309 zauritu dira Riadeko aireportuaren aurkako eraso batean

Yemengo matxino huthiei egotzi diete erasoa. Saudi Arabiak miliziaren kontrako bonbardaketak gogortu ditu, erantzun gisa. Huthiek Saudi Arabiako eremua ez erabiltzeko ohartarazi die gaur bidaiariei eta aire konpainiei.

Iragarkia
18:00 - 20:00

12 pertsona hil eta 309 zauritu dira Riadeko (Saudi Arabia) Khalid erregea nazioarteko aireportuaren kontra egindako eraso batean. Saudi Arabiako agintariek Yemengo huthiei egotzi diete. 

Herrialdeko Abiazio Agintaritza Nagusiaren arabera, hildakoen artean zazpi nazionalitateko herritarrak daude: lau saudiarabiar, bi bangladeshtar, estatubatuar bat, egiptoar bat, jordaniar bat, palestinar bat eta sudandar bat. Erasoan zauritutako batzuk "egoera kritikoan" daudela erantsi du erakundeak. Kalte materialak ere ugariak izan dira, zehaztu duenez. 

Hegaldiak bertan behera geratu dira, eta "kalteak zenbatu eta segurtasuna bermatu arte" ez dituzte berrabiaraziko. 

Azken egunetan huthiek egindako bigarren erasoa da larunbatekoa; izan ere, ostiralean hiru pertsona hil zituzten Riadeko aireportuaren kontra misilak jaurtita. 

Saudi Arabiak "erantzun irmoa" agindu du, eta hasi da Sana hiriburuaren eta Yemengo hego-mendebaldearen kontrako bonbardaketak gogortzen, han baitaude huthiak. 

Matxinoek eraso gehiagorekin egin dute mehatxu

Yahya Sari Yemengo matxino huthien bozeramaile militarrak ohartarazi duenez, Saudi Arabian jarduten duten aire konpainiak eta langileak arriskuan daude, miliziaren "jomuga izan daitezkeelako". "Bene-benetan ari gara", nabarmendu du Iranen babesa duen miliziak. 

Nazioarteko gaitzespena

Saudi Arabiak zuzendutako koalizioko indarrek salatu dute erasoa "gerra krimena" dela, eta "erantzun irmoa" agindu dute. 

Arabiar Ligak (22 herrialdek osatzen dute) ere gogor gaitzetsi du gertatutakoa, baita Jordaniak, Qatarrek, Kuwaitek eta Bahrainek ere.

Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak "erabat hunkituta" dagoela esan du, eta gogorarazi "zibilen eta azpiegitura zibilen aurkako erasoak nazioarteko zuzenbidearen urraketa" direla. "Oldarraldia berehala bertan behera uzteko" eskatu du Guterresek. Hans Grundberg NBEk Yemenen duen ordezkari bereziak ere bat egin du gaitzespen mezuarekin. 

Azkenik, Kaja Kallas Europar Batasunaren Kanpo Politikarako goi ordezkariak gogor gaitzetsi du "terrorismo ekintza lazgarria", eta Saudi Arabiari elkartasuna adierazi dio.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X