Errusiaren eta Ukrainaren arteko su-eten energetikoa iragarri du Trumpek
Errusiak ez du balizko itun horren inguruko adierazpenik egin. Ukrainak esan du "xehetasunak" ezagutzeko zain dagoela eta su-etenaren aldekoa dela; "Putinek, ordea, ez du nahi", nabarmendu du Zelenskik.
Donald Trumpen artxiboko irudia. Argazkia: Europa Press
Donald Trump AEBko presidenteak Errusiak eta Ukrainak euren azpiegitura energetikoen aurkako erasoak bertan behera uztea adostu dutela iragarri du, azken asteotan eraso horiek areagotu ostean.
"Berehalako eragina izango duen su-eten bat ezarri da energia arloan Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerran. Bi aldeek oniritzia eman diote akordioari. Ez urratu!", zabaldu du Trumpek Truth Social sare sozialean. Mezuan ez du beste daturik eman.
Moskuk ez du balizko akordio horren inguruan adierazpenik egin.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, berriz, esan du zain daudela AEBk itunaren inguruko "xehetasunak" noiz bidaliko. Nabarmendu duenez, "Ukraina su-etenaren aldekoa da, erabat", baina ohartarazi duenez, "Vladimir Putin Errusiako presidenteak ez du nahi".