Facebook 'Atsegin dut' botoian klik egiten dabil, baimenik gabe
Facebook sare soziala erabiltzaileen ‘Atsegin dut’ botoiak konpainien webguneetan sartzen ari da automatikoki. Erakundeak esan duenez, klik horiek gehitu egiten dira, erabiltzaileak botoia zapaldu ez arren. Sare sozialak mekanismo jakin batzuk ditu hori era automatikoan egiteko.
Mark Zuckerbergen sare sozialak ostegunean marka berri bat lortu zuen: hilean 1.000 milioi erabiltzaile aktibo izatea. Halere, Facebookek errekor berri honen berri ematen zuen bitartean, segurtasuneko AEBetako aditu batek sarearen arlo kezkagarria argitara eman zuen. Horren ostean, sare sozialak berria baieztatu zuen.
Aditu horren arabera, Facebookek era automatikoan klik egiten du ‘Me gusta’ botoian erabiltzaileak ezer kontrolatu gabe. Horrela, lagun bati webgune bat bidalita mezu pribatu baten bidez web orrialde horri bi ‘Atsegin dut’ emango lizkioke. Facebookek babestutako webgune baten iruzkina utzita ere ‘Atsegin dut’ hori orrialdeari gaineratuko zaio.
Sare sozialak gertaera hau baieztatu dio BBC kateari, baina erabiltzaileen informazio pribatua ez dela argitaratzen azaldu du.
‘Atsegin dut’ edo ‘Gomendatu’ botoiak dituzten Facebookeko webgune askok alboan zenbatzaile bat izan ohi dute, azaldu du sare sozialak. Zenbatzaile horrek botoi horietan zenbat pertsonak klik egin duten kontatzen du, baina esteka hori zenbat aldiz partekatu den Facebooken ere.
“Kontua hazten denean webgunean ekintzak eginda, ez da erabiltzailearen informazioa partekatzen”, adierazi du sare sozialeko taldeak.