Twitterrek itzalaldia izan du
Twitter sare sozialak itzalaldia izan du goizean. “Bezero batzuek” ezin izan dute zerbitzua mugikorrarekin erabili, ezta weberako bertsioarekin ere.
“Twitterren sartzeko arazoak dituzte erabiltzaile batzuek. Horren jakitun gara, eta konpontzeko lanean ari gara”, azaldu du AEBko konpainiaren Euskarri departamentuak.
Zerbitzuak 09:00ak aldera utzi dio funtzionatzeari. “Timeline” edo denbora-lerroko edukiak berritzeari utzi dio mugikorren bertsioak, eta mahaigaineko ordenagailuetarako bertsioa errore-mezua erakusten hasi da.
“Zerbait teknikoki oker atera da. (…) Konponduko dugu eta laster guztia normaltasunera itzuliko da”, adierazi du sare sozialak.
Sare soziala 11:00ak arte egon da erorita, eta oraingoz ez dute horren arrazoien berri eman, sare sozialeko iturriek erantsi dutenez.