SARE SOZIALAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Historiako lehen txioa 2,4 milioi euroren truke saldu da enkantean

Txioa 2006an bidali zuen Jack Dorsey Twitterreko kontseilari eta sortzaileak, eta salmentarekin bildutako dirua Afrikako pobreziaren aurka borrokatzeko erabiliko dute.
Historiako lehen txioa. EITBren bideo batetik ateratako irudia.

Historiako lehen txioa, 2006an Jack Dorsey Twitterreko kontseilari delegatu eta sortzaileak bidalia, enkante digital batean saldu dute 2,4 milioi euroren truke. Bildutako dirua Afrikako pobreziaren aurka borrokatzeko erabiliko dute.

Eroslea Sina Estavi izan da, "blockchain" edo bloke-kate sistemei (bitcoin eta beste kriptodibisa batzuen DNA) kanpoko datuak injektatzen espezializatutako Bridge Oracle enpresa teknologikoko zuzendaria. Estavik 700.000 eurotik gorako aldearekin gainditu zuen eskaintza altuena, 1,67 milioi eurokoa.

Dorseyk 2006ko martxoaren 21ean bidalitako mezua "nire twttr kontua sortzen" izan zen, eta sare soziala Odeo podcast enpresako langileak elkarrekin komunikatzeko barne-tresna bat baino ez zenean bidali zuen.

Lehen txioa abenduaren 15ean atera zen enkantean Valuables by Cent plataforman, eta Dorseyk konpromisoa hartu zuen bildutako dirua bitcoin bihurtzeko eta Give Directly gobernuz kanpoko erakundeari emateko, Saharaz hegoaldeko Afrikako muturreko pobreziari aurre egiteko.

Mezua NFT (non-fungible token edo token kriptografikoa) sistemaren bidez jarri zen enkantean, fitxategi digital baten benetakotasuna eta jabetza "blockchain" edo bloke-kateari esker egiaztatzen dituena, originala eta kopiak bereizteko aukera emanez.

Zure interesekoa izan daiteke

tik-tok_20230223
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

TikToken diseinu "adiktiboak" Europar Batasuneko legea urratzen duela ondorioztatu du Bruselak

Europako Batzordeak zehaztu duenez, erabiltzaileak etengabe eduki berriekin "saritzen" dituenez, TikToken diseinuaren zenbait ezaugarrik pantailan mugitzen jarraitzeko beharra elikatzen dute, eta erabiltzaileen garuna "pilotu automatiko moduan" sartzea eragiten dute. Horrek portaera konpultsiboa izatea eta erabiltzaileen autokontrola murriztea ekar dezake. TikTokek esan du "erabat faltsua" dela bere diseinuak mendekotasuna sortzen duenik.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X