TikToken diseinu "adiktiboak" Europar Batasuneko legea urratzen duela ondorioztatu du Bruselak
Europako Batzordeak zehaztu duenez, erabiltzaileak etengabe eduki berriekin "saritzen" dituenez, TikToken diseinuaren zenbait ezaugarrik pantailan mugitzen jarraitzeko beharra elikatzen dute, eta erabiltzaileen garuna "pilotu automatiko moduan" sartzea eragiten dute. Horrek portaera konpultsiboa izatea eta erabiltzaileen autokontrola murriztea ekar dezake. TikTokek esan du "erabat faltsua" dela bere diseinuak mendekotasuna sortzen duenik.
TikTok aplikazioa, sakelako mugikor baten pantailan.
Europako Batzordeak (EB) ostiral honetan, aurretiazko ikerketa baten ondoren, ebatzi du TikTok sare sozial txinatarrak ez duela betetzen Europar Batasuneko Zerbitzu Digitalen Legea (DSA, ingelesezko siglengatik), erabiltzaileentzako "mendekotasuna sortzen duen diseinua" duelako, eta hori aldatu ezean, etorkizunean isuna jar liezaiokeela ohartarazi du.
Europako Batzordeak ohar batean azaldu duenez, diseinu hori "adiktibo" egiten duten ezaugarrien artean daude, besteak beste, scroll edo desplazamendu amaigabea pantailan, bideoen erreprodukzio automatikoa, jakinarazpen automatikoak (push) eta gomendioen sistema "oso pertsonalizatua".
Batzordeak aurretiazko ikerketa bat egin du, eta, horren arabera, plataformak ez du behar bezala ebaluatu "mendekotasun ezaugarri" horiek zein modutan edo zenbateraino egin diezaioketen kalte erabiltzaileen ongizate fisiko eta mentalari, adingabeena eta heldu kalteberena barne.
Zehaztu duenez, erabiltzaileak etengabe eduki berriekin "saritzen" dituenez, TikToken diseinuaren zenbait ezaugarrik pantailan mugitzen jarraitzeko beharra elikatzen dute, eta erabiltzaileen garuna "pilotu automatiko moduan" sartzea eragiten dute.
Europako Batzordeak gogorarazi du ikerketa zientifikoek erakusten dutela horrek portaera konpultsiboa eragin dezakeela eta erabiltzaileen autokontrola murriztea.
Gainera, nabamendu du TikTokek ez dituela bere ebaluazioan kontuan hartu aplikazioaren erabilera konpultsiboaren adierazle garrantzitsuak, hala nola adingabeek plataforman gauez igarotzen duten denbora, erabiltzaileek aplikazioa irekitzeko maiztasuna eta beste adierazle posible batzuk.
"Ez dirudi Tiktokek neurri zentzuzkoak, proportzionatuak eta eraginkorrak inplementatzen dituenik mendekotasun-diseinutik eratorritako arriskuak arintzeko", ziurtatu du Batzordeak.
Batzordearen ustez, ez dirudi TikToken egungo neurriekin, bereziki pantailako denbora kudeatzeko tresnak eta gurasoen kontrolerako tresnak, diseinuak eragiten duen adikzioaren "arriskuak eraginkortasunez murrizten direnik".
Halaber, "erraza" da denbora kudeatzeko tresnei iskin egitea, eta gurasoen kontrolak "ez dira zertan beti eraginkorrak izan, denbora eta trebetasun gehigarriak behar dituztelako".
Diseinua aldatu
Fase honetako aurkikuntzen arabera, TikTokek "zerbitzuaren oinarrizko diseinua aldatu" behar duela uste du Batzordeak, adibidez, denborarekin, adikzioa sortzen duten funtzio nabarmenenenak desaktibatuz, hala nola "desplazamendu amaigabea" eta "pantaila atsedenaldi" eraginkorrak aplikatuz, baita gauean ere, eta bere gomendio sistema egokituz.
Bruselak argi utzi du aurretiazko ondorio horiek ez dutela ikerketaren azken emaitza aurrez epaitzen. Horren arabera, aurretiazko iritzi horiek ikerketa sakon batean oinarrituta daude, eta, besteak beste, TikToken arriskuen ebaluazio txostenen azterketa bat, datu eta dokumentuak eta enpresak informazio eskaera askori emandako erantzunak bildu ditu, bai eta gai horri buruzko ikerketa zientifiko zabalaren berrikuspen bat eta hainbat arlotako adituekin egindako elkarrizketak ere.
Europako Batzordeak adierazi du TikTokek defentsa-eskubidea erabiltzeko aukera duela orain, eta Batzordearen ikerketa-espedienteetako dokumentuak azter ditzakeela eta aurretiazko ondorioei idatziz erantzun diezaiekeela.
Azkenean, Batzordearen iritziak berresten badira, Batzordeak ez-betetze ebazpena egin ahal izango du eta arau-haustearen izaeraren, larritasunaren, errepikapenaren eta iraupenaren araberako isuna ezarri, gehienez ere mundu osoko eta urtebeteko negozio-bolumenaren % 6ra irits daitekeena.
Europako Batzordeak prozedura bat ireki zion TikToki 2024ko otsailaren 19an, Zerbitzu Digitalen Legea betetzen ez zuela susmatuta.
Diseinu adiktiboaz gain, ikerketa honek TikToken gomendio-sistemen "zulo-efektua" ere ikertu du, adingabeek beren adinerako izan dezaketen esperientzia desegokiarengatik, bai eta plataformek pribatutasun-, segurtasun- eta babes-maila handia bermatzeko dituzten betebeharrak ere.
TikTok ondorioak inpugnatzen saiatuko da
TikTok plataforma txinatarrak gaur esan duenez, Europako Batzordeak egindako ikerketaren ondorioak "deskribapen erabat faltsu eta funtsik gabean" oinarritzen dira, sare sozialaren diseinuak "mendekotasuna" sortzen duela esaten duenean.
"Beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko ditugu ondorio horien aurka egiteko, eskura ditugun baliabide guztiak erabiliz", ziurtatu du konpainiako bozeramaile batek ohar batean.
Zure interesekoa izan daiteke
Adimen artifizialarekin egindako kartel gehienek antzeko itxura dute
Kartelgintza sektorean ere gero eta ohikoagoa da tresna hori erabiltzea, merkea eta erraza baita. Publizitate adituen arabera, ordea, adimen artifiziala erabiltzea kaltegarria izan daiteke markentzat.
Sonyk 2028a baino lehenagoko diskoen ekoizpena mantenduko du, baina fabrikazio-mugekin
Konpainiaren azalpenen arabera, garatzaileek lehendik editatutako bideojokoen disko fisikoak eskatzen jarraitu ahalko dute, lantegiek euren fabrikazio-gaitasuna asko murriztuko duten arren.
Eusko Jaurlaritzak ordenagailu kuantikoa enpresen eskura jarri du: "Ilara luzea daukagu"
Basque Quantum (BasQ) aliantzak gidatuta, sarbide protokolo bat zehaztu dute enpresa eta erakunde publikoen sarbidea errazteko.
Europako Justiziak Googleri ezarritako 4.125 milioi euroko isuna berretsi du
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ezetsi egin du Googlek jarritako errekurtsoa, eta zigortu egin du konpainia Android sistema eragilearen bidez nagusitasunezko posizioaz abusatzeagatik.
PlayStationek bideojoko berrien disko fisikoak ekoizteari utziko dio 2028an
Enpresak kontsumo-joera berrietara egokitu nahi du, eta "baliabide digitalen aldeko joera disko fisikoena baino askoz handiagoa" dela adierazi du.
Gaspi argentinar youtuber ezaguna hil da, helikoptero istripu batean
Ibai Llanos bilbotarrak iaz antolatutako boxeo-ikuskizunaren izarretako bat izan zen Gaspi. Sei pertsona hil dira ezbeharrean.
Instagram eta Facebook mundu osoan erori dira
Akatsak 15:00ak aldera hasi dira plataforma horietan, eta erabiltzaileek ezin izan dute saioa hasi, mezuak bidali edota argitalpenak partekatu zein ikusi. Oraingoz ez dute argitu zerk eragin duen arazoa.
Adimen Artifiziala euskara indartzeko aukera ona da, baina nahitaezkoa da denon parte-hartzea
Adituen ustez, nahitaezkoa da denon parte-hartzea eta Adimen Artifiziala euskaraz erabiltzea, gero eta datu gehiago izan ditzan bere lana euskaraz ere ondo egiteko.
Neskek "bazterketa" jasaten dute bideojokoetan eta askok "nortasuna ezkutatzen dute", Deustuko Unibertsitatearen ikerketa baten arabera
Ikerketaren arabera, mutilek borroka eta kirol arloko bideojokoak nahiago dituzte, eta neskek irudiari eta dantzari lotutako edukiak kontsumitzen dituzte gehiago.
Metak harpidetza-planak martxan jarri ditu Whatsapp, Instagram eta Facebook aplikazioetarako
Instagram Plus eta Facebook Plus bertsioek 3,5 euro inguruko kostua izango dute hilean, eta Whatsapp Plusek, 2,5 eurokoa.