TikToken diseinu "adiktiboak" Europar Batasuneko legea urratzen duela ondorioztatu du Bruselak
Europako Batzordeak zehaztu duenez, erabiltzaileak etengabe eduki berriekin "saritzen" dituenez, TikToken diseinuaren zenbait ezaugarrik pantailan mugitzen jarraitzeko beharra elikatzen dute, eta erabiltzaileen garuna "pilotu automatiko moduan" sartzea eragiten dute. Horrek portaera konpultsiboa izatea eta erabiltzaileen autokontrola murriztea ekar dezake. TikTokek esan du "erabat faltsua" dela bere diseinuak mendekotasuna sortzen duenik.
TikTok aplikazioa, sakelako mugikor baten pantailan.
Europako Batzordeak (EB) ostiral honetan, aurretiazko ikerketa baten ondoren, ebatzi du TikTok sare sozial txinatarrak ez duela betetzen Europar Batasuneko Zerbitzu Digitalen Legea (DSA, ingelesezko siglengatik), erabiltzaileentzako "mendekotasuna sortzen duen diseinua" duelako, eta hori aldatu ezean, etorkizunean isuna jar liezaiokeela ohartarazi du.
Europako Batzordeak ohar batean azaldu duenez, diseinu hori "adiktibo" egiten duten ezaugarrien artean daude, besteak beste, scroll edo desplazamendu amaigabea pantailan, bideoen erreprodukzio automatikoa, jakinarazpen automatikoak (push) eta gomendioen sistema "oso pertsonalizatua".
Batzordeak aurretiazko ikerketa bat egin du, eta, horren arabera, plataformak ez du behar bezala ebaluatu "mendekotasun ezaugarri" horiek zein modutan edo zenbateraino egin diezaioketen kalte erabiltzaileen ongizate fisiko eta mentalari, adingabeena eta heldu kalteberena barne.
Zehaztu duenez, erabiltzaileak etengabe eduki berriekin "saritzen" dituenez, TikToken diseinuaren zenbait ezaugarrik pantailan mugitzen jarraitzeko beharra elikatzen dute, eta erabiltzaileen garuna "pilotu automatiko moduan" sartzea eragiten dute.
Europako Batzordeak gogorarazi du ikerketa zientifikoek erakusten dutela horrek portaera konpultsiboa eragin dezakeela eta erabiltzaileen autokontrola murriztea.
Gainera, nabamendu du TikTokek ez dituela bere ebaluazioan kontuan hartu aplikazioaren erabilera konpultsiboaren adierazle garrantzitsuak, hala nola adingabeek plataforman gauez igarotzen duten denbora, erabiltzaileek aplikazioa irekitzeko maiztasuna eta beste adierazle posible batzuk.
"Ez dirudi Tiktokek neurri zentzuzkoak, proportzionatuak eta eraginkorrak inplementatzen dituenik mendekotasun-diseinutik eratorritako arriskuak arintzeko", ziurtatu du Batzordeak.
Batzordearen ustez, ez dirudi TikToken egungo neurriekin, bereziki pantailako denbora kudeatzeko tresnak eta gurasoen kontrolerako tresnak, diseinuak eragiten duen adikzioaren "arriskuak eraginkortasunez murrizten direnik".
Halaber, "erraza" da denbora kudeatzeko tresnei iskin egitea, eta gurasoen kontrolak "ez dira zertan beti eraginkorrak izan, denbora eta trebetasun gehigarriak behar dituztelako".
Diseinua aldatu
Fase honetako aurkikuntzen arabera, TikTokek "zerbitzuaren oinarrizko diseinua aldatu" behar duela uste du Batzordeak, adibidez, denborarekin, adikzioa sortzen duten funtzio nabarmenenenak desaktibatuz, hala nola "desplazamendu amaigabea" eta "pantaila atsedenaldi" eraginkorrak aplikatuz, baita gauean ere, eta bere gomendio sistema egokituz.
Bruselak argi utzi du aurretiazko ondorio horiek ez dutela ikerketaren azken emaitza aurrez epaitzen. Horren arabera, aurretiazko iritzi horiek ikerketa sakon batean oinarrituta daude, eta, besteak beste, TikToken arriskuen ebaluazio txostenen azterketa bat, datu eta dokumentuak eta enpresak informazio eskaera askori emandako erantzunak bildu ditu, bai eta gai horri buruzko ikerketa zientifiko zabalaren berrikuspen bat eta hainbat arlotako adituekin egindako elkarrizketak ere.
Europako Batzordeak adierazi du TikTokek defentsa-eskubidea erabiltzeko aukera duela orain, eta Batzordearen ikerketa-espedienteetako dokumentuak azter ditzakeela eta aurretiazko ondorioei idatziz erantzun diezaiekeela.
Azkenean, Batzordearen iritziak berresten badira, Batzordeak ez-betetze ebazpena egin ahal izango du eta arau-haustearen izaeraren, larritasunaren, errepikapenaren eta iraupenaren araberako isuna ezarri, gehienez ere mundu osoko eta urtebeteko negozio-bolumenaren % 6ra irits daitekeena.
Europako Batzordeak prozedura bat ireki zion TikToki 2024ko otsailaren 19an, Zerbitzu Digitalen Legea betetzen ez zuela susmatuta.
Diseinu adiktiboaz gain, ikerketa honek TikToken gomendio-sistemen "zulo-efektua" ere ikertu du, adingabeek beren adinerako izan dezaketen esperientzia desegokiarengatik, bai eta plataformek pribatutasun-, segurtasun- eta babes-maila handia bermatzeko dituzten betebeharrak ere.
TikTok ondorioak inpugnatzen saiatuko da
TikTok plataforma txinatarrak gaur esan duenez, Europako Batzordeak egindako ikerketaren ondorioak "deskribapen erabat faltsu eta funtsik gabean" oinarritzen dira, sare sozialaren diseinuak "mendekotasuna" sortzen duela esaten duenean.
"Beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko ditugu ondorio horien aurka egiteko, eskura ditugun baliabide guztiak erabiliz", ziurtatu du konpainiako bozeramaile batek ohar batean.
Zure interesekoa izan daiteke
Ez dute ChatGPTren funtzio erotikoa kaleratuko OpenAIk laguntzailea hobetzen duen arte
Konpainia teknologikoak funtzio hori data zehaztu gabe atzeratzea erabaki du, erabiltzaile heldu egiaztatuek eduki erotikoan sartzeko aukera izan dezaten. Sistemaren adimenean eta pertsonalizatzeko gaitasunean hobekuntzak egitea lehenetsi nahi dute.
AA "erabat kaltegarria" izan daiteke mentalki kalteberak diren pertsonengan, psikiatra batek ohartarazi duenez
Adimen Artifizialak "ez du kontzientziarik, ez du errukirik eta ez du maite" erabiltzailea, hortaz, "berdin zaio zer gertatzen zaion". Gainera, normalean "atsegina" izaten da, eta "erabiltzailari entzun nahi duen erantzuna ematen dio".
X, Meta eta TikTokek delituak egin dituzten ikertzeko eskatuko dio Espainiako Gobernuak Fiskaltzari
"Plataforma horiek gure seme-alaben osasun mentalaren, duintasunaren eta eskubideen aurka egiten ari dira. Estatuak ezin du horrelakorik onartu", azpimarratu du Pedro Sanchezek X sare sozialean.
Sare sozialak gehiegi erabiltzeak gazteak isolatzea eragiten du, ikerketa baten arabera
AEBko 120 unibertsitatetan 18 eta 24 urte bitarteko 64.988 gazteri egindako galdeketaren emaitzak argitaratu ditu gaur Journal of American College Health aldizkariak.
15 urtez azpikoei sare sozialak debekatzearen alde agertu da Txekiako Gobernua
X-en zabaldutako bideo batean, Txekiako gobernuburuak ziurtatu du espainiar edota frantziar estatuetan bultzatutako debekuarekin bat egiten duela.
Dorre kuantikoa barrutik: konputagailu kuantikoa garatzeko txipak egingo dituzte bertan
Donostian, CIC Nanoguneri erantsita, dorre kuantikoa eraiki dute. Bertan, besteak beste, diluzio hozkailua ezarri dute eta han daude ordenagailu kuantikoak beharrezko dituen txipak sortuko dituzten laborategiak.
Australia eta Frantzia, aitzindari: adingabeek sare sozialak nola erabiltzen duten arautzeko bidea ezarri dute
Australia eta Frantzia izan ziren nerabeei sare sozialetarako sarbidea mugatu zieten lehen herrialdeak, eta Espainiako Gobernua antzeko neurri bat hartzera bultzatu dituen aurrekariak ezarri zituzten.
Europako Batzordeak espedientea ireki dio X sare sozialari, Groken bitartez egiten diren irudi sexualizatuengatik
Elon Musken enpresak Grok adimen artifizialari lotutako arriskuak aztertu eta arindu ote dituen argitu nahi du Bruselak.
Pradales, Chivite eta beste erkidego batzuetako presidenteen datu pertsonalen filtrazioa ikertzen ari dira
Eurogosth izeneko hackerrak agintari autonomikoen NANa, helbideak edo telefonoak zabaldu ditu, eta Vindex ezizeneko hackerrak, berriz, Puente ministroaren eta Garraioetako beste goi-kargudun batzuen informazio pertsonala zabaldu du bi fasetan.