‘'Roman eta Julieta'ko publikoak barre egiten du eta hunkitu egiten da’
Maitasunaren bultzada saihestezina da, maitemina bizia bada, eta amorosak berdin egingo du talka, zintzotasunez bizi bada maitasuna muturrera eramaten denez, montagutarren eta kapuletarren arteko ezinikusiarekin, ‘Romeo eta Julieta’n bezala, edo XXI. mendeko seme-alaben aurreiritzi eta beldurrekin, ‘Roman eta Julieta’ antzezlanean bezala, beren adineko aita etorkin zaintzailearekin maitemindu dela eta.
Shakespeareren istorioak nerabeen arteko maitasuna zuen iturburu, obra on guztiek bezala mundua azaltzeko, eta ‘Roman eta Julieta’ Iñaki Rikartek idatzi eta Anartz Zuazuak zuzentzen duen antzezlanaren jatorria urritasun fisikoa duen adineko gizon dependente baten (Jose Ramon Soroiz) eta atzerritar zaintzaile baten (Tanya de la Cruz) arteko harremana da, eta hortik abiatuta proposatzen zaizkio ikusleari, “komedia tragiko” honetan, zaintza, adinekoen maitasun harremanak, dependentzia, migrazioa, familia barruko harremanak eta beste hainbat gogoetagai.
Ainhoa Aierbe, Asier Sota eta Alazne Etxeberria aktoreak aritzen dira agertokian, Soroizekin eta De la Cruzekin batera, hogei laguneko lantalde baten buruan, azaroan estreinatutako antzezlanean, eta larunbatean, otsailak 2, Durangon ikusi ahalko da, 20:00etatik aurrera, San Agustin Kultur Gunean.

Alazne Etxeberria, Asier Sota eta Ainhoa Aierbe dira Romanen seme-alabak. Argazkia: Iñaki Aranburu.
Egungo mundura ekarri duzue 'Romeo eta Julieta'ren maitasun ezinezkoaren itzala, askotan egunerokoan ezkutuan gelditzen diren ertz asko agerian utzita. Zer mundu irudikatzen du antzezlanak? Zer erakutsi nahi diozue ikusleari?
Familia baten mundua irudikatzen du antzezlanak. Emaztea galdu berri duen gizon edadetu bat da protagonista, iktus baten ondorioz dependentzia fisikoa duena. Bere hiru seme-alabek egoitza batera eraman nahi dute, hilabete luze batzuetan aitaren zaintza beren gain hartu eta gero, baina itxarote zerrendan utziko dute. Orduan, auzoko apaizaren laguntzaz, emakume etorkin bat kontratatuko dute aita zaindu dezan. Erlazio horretan, maitasuna sortuko da.
Aitzakia perfektua da hori seme-alabek gurasoekin duten harremanez hitz egiteko: noiz aldatzen dira rolak? zer adinetatik aurrera pasatzen dira seme-alabak guraso izatera eta gurasoak seme-alaba izatera? noiz hartzen dute seme-alabek gurasoen bizietan erabakitzeko eskubidea? zergatik zapaltzen da duintasuna zentzua aitzakiatzat hartuta?
Aurreiritziak. Askotan arrazoia dugula uste dugu, benetan gertatzen dena jakin gabe.
Iñaki Rikartek idatzi du testua. Zerk eman zizun arreta lehen irakurraldian?
Antzezlanaren ideia izan nuenean eta Iñakiri testua idazteko eskatu nioenean, ez nuen pentsatzen testuak hainbeste une komiko izango zituenik. Antzezlaneko elkarrizketak oso onak dira. Jendeak barre egiten du, ez du istorioaren pasarterik galdu nahi izaten eta hunkitu egiten da.
Azpeitia, Hondarribia, Sopela… Bidetxoa egin du jada antzezlanak. Zer harrera izan du, oro har, 'Roman eta Julieta'k?
Oso harrera ona izan dugu, eta erreakzio bitxiak ikusi ditugu. Gogoratzen dut aurrestreinaldian, funtzioa bukatu zenean, gizon batek Julietarena egiten duen Tanya de la Cruz antzezlea besarkatu zuela, negarrez, eskerrak ematen zizkion bitartean bere bizitzaren pasarteak ikusi baitzituen antzezlanean islaturik.
Gertatzen ari dena gustatuko litzaidakeena baino hobea da: antzerki lana ikusi eta gero, berriz ikusteko gogoz geratzen da jendea.

Argazkia: Iñaki Aranburu.
Askotan ikusleari oharkabean pasatzen zaion atzealdean, baliabide teknikoetan, apustu indartsua egin duzue, eta bi Max saridun jarri dituzue lanean, Ikerne Gimenez jantzitegian eta Roberto Yagüe argiztapenean, esaterako. Kontziente gara horrelako lan batek atzean duen lanaz?
Tamalez, ez. Baina horrelako antzerki lan bat aurrera ateratzeko, jende asko behar da, eta ez bakarrik arlo artistikoan. Esaterako, ‘Roman eta Julieta’n 20 pertsonak lan egin dugu, inprentako langileak, garraioan lan egin dutenak eta beste kontatu gabe.
Antzerkiak ere lana ematen du. Kulturak, oro har, lanpostuak sor ditzake edo mantendu.
94 lagunek hartu dute parte proiektua aurrera ateratzeko finantzazio kolektiboko kanpainan. Espero zenuten halako babesa? Ezinezkoa zatekeen horrelako proiektu bat bestela aurrera ateratzea?
Horrelako kanpaina batean sartzen zarenean, beti pentsatzen duzu ondo joango dela eta lan asko egin dugu horrela izateko, baina erantzuna apoteosikoa izan da.
Borobil Teatroa taldearen apusturik indartsuena da hau, merkatuan oso konpetitiboak izan nahi genuen. Eta Eusko Jaurlaritzak horrela ulertu zuen, eta diru laguntza handia eman zigun.
Dena den, horrekin aurrekontuaren % 49 soilik bete genuen. Horregatik, ezinbestekoa izan da finantziazio kolektiboa. Horri esker, emaitza ikusgarria da.
Bestela, ‘Roman eta Julieta’ beste gauza bat izango zen, baina ez horrelakoa.
Jose Ramon Soroiz eta Tanya de la Cruz dira Roman eta Julieta. Bakoitzak bere paperari zer eman diola esango zenuke?
Jose Ramon Soroiz eta Tanya de la Cruz erraldoi ageri dira beren lanean. Ez da batere erraza egiten dutena.
Biek barru-barrutik egiten dute lan, antzerki laneko egoerak benetan biziz, hau da, benetan sentituz. Eta horrek gauza bera sentitzera bultzatzen du publikoa ere. Ikusgarria da antzokian sortzen dena.

Argazkia: Iñaki Aranburu.
Zer bide aurreikusten diozu lanari hemendik aurrera?
Bide luzea aurreikusten diot antzerki lan honi. Poliki-poliki, Euskal Herrian emanaldiak ateratzen ari dira. Martxoan, Dferian, Donostiako antzerki ferian, egongo gara, eta gaztelaniazko bertsioa estreinatuko dugu bertan.
Ziur naiz Estatutik ibiliko garela. Eta, Tanyaren iritziz, Kolonbiatik ere bai. Zergatik ez?
Zure interesekoa izan daiteke
“Andereño” antzezlana saritu dute Max sarietan
Anita Maravillas euskal konpainiaren txotxongilo ikuskizunak haur, gazte eta familientzako lan onenaren saria jaso du bart, Meridan. Gainera, Jesus Cimarro ermuar ekoizleak Ohorezko Max saria irabazi du, eta Ezezagunok Irungo afizionatuen antzerki elkarteak, gizarte arloko Max saria.
“Laster eroriko da” Metrokoadrokaren “komedia basatiak” irabazi du Korrikaren Sorkuntza Beka
Metrokoadroka kolekitboaren proiektuak 23.000 euroko laguntza jasoko du, eta emaitza 2027ko azarotik 2028ko apirilera bitartean antzeztuko da, Korrika Kulturalaren barruan.
Euskal antzerkia, Meridara begira
Max arte eszenikoen Espainiako sariak ekainaren 1ean banatuko dituzte, Meridako Erromatar Antzokian. "Andereño" da hautagaitza gehien dituen euskal lana, hiru. Ganso & Co konpainiaren "Welcome & Sorry" kaleko ikuskizun onenaren atalean da finalista, Iruñeko Las Nenas Theatrek lan berri onenaren saria lor lezake "Torcidxs" sariari esker, Irungo Ezezagunak taldeak zaleen Max saria jasoko du eta Jesus Cimarro ermuar ekoizleak Ohorezko Maxa.
Euskaldunak zazpi ikuskizun aurkeztuko ditu Aste Nagusiko programazioan
‘Euskalduna Nagusia’ izenburupean, "Cabaret" musikala, "El Caserío" zarzuela, "Menú cerrado", "Operación Maletero - Kastañuela Western" eta "El amor no se reproduce en cautividad" antzezlanak, "Z.U.K.U.A." euskarazko umore ikuskizuna eta "Marika de Gernika" bakarrizketa programatu dituzte abuztuaren 19tik irailaren 26ra arte.
Tilda Swintonek perfomance bat gorpuztuko du Guggenheimen
House of Gestures Olivier Saillard komisario eta performerrak sortutako lana Swintonek haragituko du. Sarrerak, doako 220 txartel, minutu gutxian saldu dira.
Xabier Anduaga, Angel Ruiz eta Ana Garay saritu dituzte Talia sarietan
Arte Eszenikoen Espainiako Akademiak bere sarien laugarren edizioa egin du bart Madrilen.
45 konpainia eta ia 100 emanaldi Leioako Umore Azokan, maiatzaren 14tik 17ra
Kale antzerkiko Leioako azokaren 26. edizioan, hogei bat euskal konpainiak hartuko dute parte. Gainera, topaketa profesionaletan, sektoreko 300 agente inguru bilduko dira.
“La maestra”, “Welcome & Sorry” eta “Torcidxs”, Max sarietarako izendatuta
Arte eszenikoen Espainiako sarietan, gainera, Jesus Cimarro bizkaitar ekoizleak Ohorezko saria jasoko du. SGAE Egile eta Editoreen Espainiako Elkarteak antolatzen duen sariketa ekainaren 1ean egingo dute, Meridan.
Shakespeare Alkizara eraman du Dantzertik
Dantzerti eskolako Arte Dramatikoko graduko 4. mailako ikasleek "Shakespeare ez zen inoiz hemen egon" antzezlana estreinatu dute bart Barakaldon; gaur, Barakaldon izango da ikusgai ostera ere, eta apirilaren 27an Errenterian. 2026an, Gipuzkoako herri txiki batean Shakespeareren lan argitaragabe bat aurkitu zutela zabaldu zen. Kazetari eszeptiko baten etorrerak interes ezkutuak, engainuak eta anbizioak azaleratuko ditu eskuizkribuaren inguruan, benetakotasunari, iruzurrari eta botereari buruzko komedia honetan.
Arriaga Antzokiak La Cubana taldearen "La cuisine de ma cousine" lana eskainiko du udan
Kataluniar konpainiak 29 emanaldi egingo ditu Bilboko antzokian, abuztuaren 13tik irailaren 13ra bitartean.