Alex Gerediagak “Gesualdo WC Station” estreinatuko du asteburuan Arriagan
Bilboko udal antzokiak ekoitzi duen ikuskizuna Carlo Gesualdo italiar konpositorearen historia du kontagai.
Arriaga Bilboko antzokiak bere ekoizpen berria estreinatuko du apirilaren 11n, eta 12an ere egongo da publikoaren gozagarri. Gesualdo WC Station Alex Gerediagak zuzendu duen ikuskizunak Carlo Gesualdo italiar konpositorearen (1560- 1613) bizitza du ardatz.
“Indar bisual handiko muntaketa bat” da, aurreratu dutenez, “non hizkuntza teatralak eta zinematografikoak bat egiten duten eta, oraingoan, zuzeneko musika ere gehitzen zaien”.
Gesualdoren historia tren geltoki bateko komunetan dauden lau pertsonaiaren bidez kontatzen da, eta Arrate Etxeberria, Txubio Fdez. de Jáuregui, Sandra Fdez. Aguirre eta Aitor Borobia arduratzen dira pertsonaiok interpretatzeaz.
Voces Suaves Basileako (Suitza) taldeak abestuko ditu, a cappella, Gesualdoren madrigalak.
Gesualdo WC Stationen emanaldiek gaztelaniazko, euskarazko eta ingelesezko gainidatziak izango dituzte, bai abestutako zatietan bai ahozko testuan, eta sarrerak salgai daude, 19 eta 36 euro arteko prezioan.