Arte eszenikoak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Euskal antzerkiak 4 Max irabazi ditu, 'Yerma', 'Eta orain zer?', 'Sexberdinak' eta 'Supernormales' lanengatik

Maria Goiricelayak egokitzapen onenaren saria irabazi du, 'Yerma' lanagatik; Pascal Gaignek, konposizio musikal onenarena 'Eta orain zer?' lanagatik; Tanttaka Teatroak, ekoizpen lan onenarena 'Sexberdinak' lanagatik; eta Iñaki Rikartek, eszena zuzendaritza onenarena 'Supernormales' lanagatik.
'Yerma', Federico Garcia Lorcaren obraren egokitzapena.
'Yerma', Federico Garcia Lorcaren obraren egokitzapena. Irudia: EITB

Euskal antzerkiak lau sari eskuratu ditu Espainiako Autore eta Editoreen Elkarteak gaur Cadizen banatu dituen Max sarien galan. Maria Goiricelaya Buronek antzerki- edo koreografia-lanaren egokitzapen onenaren saria irabazi du, 'Yerma' lanagatik; Pascal Gaignek (Kukai), ikuskizun eszenikorako musika-konposizio onenarena, 'Eta orain zer?' lanagatik; Tanttaka Teatroak, ekoizpen lanik onena, 'Sexberdinak'ekin; eta Iñaki Rikartek, eszena zuzendaritzarik onena, 'Supernormales' lanarekin.

Bilboko Dramatica Errante konpainia, Ane Pikazak eta Maria Goiricelayak sortua, bost Max saritarako izendatuta zegoen 'Yerma', Federico Garcia Lorcaren obraren egokitzapena, eta 'Altsasu' obrengatik. Bigarrena 2016an Koxka tabernan izandako gertakarietik abiatuta idatzi zuten, "zauriak konpontzeko, barkamenaz, adiskidetzeaz eta bizikidetzaz hitz egiteko". Azkenean, lehenengo lanak bakarrik jaso du saria.

Bestalde, Kukai dantza taldeak Maxekin duen idilioari eutsi dio, 'Eta orain zer?' ikuskizuna saritu baitute, ikuskizun eszenikorako musika konposiziorik onena. Argiztapen diseinu onenaren sarirako ere izendatuta zegoen (David Bernues), baina ez du sari hori eskuratu.

Gorakada konpainiaren 'Zuhaitzak landatzen zituen gizona' obra ere izendatuta zegoen, haur, gazte edo familientzako ikuskizun onenaren atalean; Marta Eguileor, errebelazio egile onenaren atalean, 'Borderland' lanagatik, eta Ikerne Gimenez, espazio eszenikoaren diseinu onenaren atalean, 'El cuaderno de Pitagoras' lanagatik. Horiek, baina, ez dute saririk jaso.

Gainerakoan, SGAE Fundazioak ematen dituen Max Sarien XXVI. edizioa historiako banatuenetakoa izan da. 45 ikuskizunetako bi, 'Runa' dantza ikuskizuna eta 'Cucaracha con paisaje de fondo' antzerki ikuskizuna, izan dira Cadizko Falla antzokian bi sari bereganatu dituzten lan bakarrak.

Sariek hiru kategoria berezi ere izan dituzte. Ohorezko Max saria Tricicle hirukoteari eman diote; izaera sozialeko Max sariak Payasospitalen lana saritu du, eta, lehen aldiz, ikusleen Max txalo zaparrada, Antoine de Saint-Exuperyren istorioan oinarritutako 'El petit princep' familia osoarentzako ikuskizunari egokitu zaio.

Zure interesekoa izan daiteke

Juan Cristostomo Arriagaren bustoa Bilboko Arriaga antzokian
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Arriagak kontzertua eta antzerki ibilbideak eskainiko dizkio izena eman zion konpositoreari

2026ko urtarrilaren 17an Juan Crisostomo de Arriaga konpositorearen heriotza goiztiarraren (19 urte zituela hil zen) 200 urte beteko direla eta, haren izena daraman Bilboko antzokiak proposamen bikoitza egingo du. Urtarrilaren 17an, La Ritirata Josetxu Obregón bilbotar musikariak zuzendutako orkestrak Arriaga y el eco de su tiempo kontzertua eskainiko du, eta urtarrilaren 10ean eta 24an, eta otsailaren 1ean, goizez, Koldo Olabarrik eta Ainhoa Etxebarria aktoreek prestatutako antzerki ibilbideak izango dira. Kontzerturako sarrerak 26 eta 52 euro bitarteko prezioan eros daitezke, eta ibilbideetakoak 15 euroan. 

"Muro de piedra" antzezlanak estreinatuko du Garabia Pabellón 6eko Gazte Konpainiaren espazio berria
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

"Muro de piedra" antzezlanak inauguratuko du Pabellon 6ko Gazte Konpainiaren espazio berria, Bilbon

Bilboko udal antzoki berrian ikusiko den lehen antzezlana "oroitzapen baten historia da". Torremolinoseko Pasaje Begoña kalezulo txikian, polizia-sarekada masibo bat egin zuten errepresio frankistatik ezkutuan askatasunez bizitzen saiatzen ari zirenen kontra, 1971an.  Markel Hernandezen testua Aritz Castillok, Nora Urdanpilletak, Nerea Sanzek, Pino de Pablosek, Markel Urrestarazuk eta Arnatz Puertasek zuzendu, sortu eta interpretatu dute, talde lanean. Guk Sanzekin eta Castillorekin hitz egin dugu.  Emanaldiak azaroaren 6tik 23ra egingo dituzte, ostegunetik igandera.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X