Maite Gurrutxaga eta Harkaitz Canorentzat, Euskadi Literatura Sariak
Maite Gurrutxagak, Harkaitz Canok, Joseba Gabilondok eta Jon Juaristik irabazi dituzte Euskadi Literatura Sariak ilustrazio, haur eta gazte literatura, euskarazko saiakera eta gaztelaniazko saiakera arloetan hurrenez hurren.
Gainerako irabazleen berri hilaren 8an eman zuten. Euskaraz Bernardo Atxagak irabazi zuen (“Nevadako egunak”), euskarazko itzulpenaren atalean Iñigo Roquek (“Gauzen ordena naturala”, Antonio Lobo Antunes) eta gaztelaniazko arloan Idoia Estornesek (“Cómo pudo pasarnos esto”).
Maite Gurrutxagak (Amezketa, 1983) “Habiak” lanean egindako lanagatik merezi izan du, epaimahaiaren arabera, 18.000 euroko saria. “Ilustratzailearen gaitasun narratibo eta adierazkor izugarria” goraipatu dute saria emateko arduradunek; “lan poetiko eta intimista honetan istorioa marrazkiek eraikitzen dute”, azalpenaren arabera.
Abiadura handiko trena haren lurretatik pasatzen dela-eta baserria galdu duen Simon zaharraren eta, Balkanetako gerra atzean utzita, Euskal Herrira heldu den Selma erizain bosniarraren arteko harremana da “Habiak” liburuaren ardatza.
Gazte literatura
Euskarazko haur eta gazte literaturako saria, bestalde, Harkaitz Cano idazlearentzat izan da, “Orkestra lurtarra” lanagatik. “Eraginkortasunez eta maisuki erabiltzen ditu nola hizkuntzaren bitarteko guztiak, hala literaturaren esparrukoak ere” Canok istorio horretan, Xabier Olaso atal honetako sariaren iazko irabazlea buru izan duen epaimahaiaren arabera.
Euskadi Literatura Saria beste bi aldiz irabazi duen lasartear idazlearen azken liburu honek Manuren istorioa kontatzen du. Orkestra bat sortu nahi du Manuk, eta bertan joko duten lagunen bila abiatuko da, umorez eta irudimenez beteriko gertakariei atea irekita.
Saiakera
Euskarazko saiakerari dagokionez, Joseba Gabilondori egokitu diote saria, “New York-Martutene. Euskal postnazionalismoaren utopiaz eta globalizazio neoliberalaren krisiaz” lanagatik.
Lanean, "Martutene" Ramon Saizarbitoriaren eleberriaren (2012) azterketa egiten du Gabilondok; izan ere, lehena eta geroa berrikusteko perspektiba berria ematen digu Saizarbitoriaren eleberriak, Gabilondoren arabera: “Euskal XX. mende luzea (1898-2012) abertzaletasunak definitua (Arana, ETA) eta globalizazio neoliberalaren krisiak (2008) amaitua dago. Saizarbitoriak mende horretan galtzailearen kultura euskaldunak izan duen zentraltasuna esplikatzen digu”.
Gaztelaniazko atalean, Espaciosa y triste. Ensayos sobre España Jon Juaristiren hausnarketa jarri dute iaz ekoitzitako beste ororen gainetik. “Identitate politikoa sortzen duten diskurtsoei buruzko hausnarketa proposatzen du lanak batetik, eta azken mendeetan zehar andaluziar, euskal edo espainiar nazionalismoen azpian egon diren mito identitarioei buruzko hausnarketa, bestetik”, epaimahaiaren arabera.
Hogeita bost urteko epean idatziak, Espaciosa y triste liburuko saiakera lanak “egungo identitate erregional guztien aitzindari den identitate espainiarraren jatorriaz eta historiaz” ari dira. Horiek ez dute ordezkatzen, Juaristiren hitzetan, nazioa baino lehen existitu ziren herrien jarraikortasuna. Aitzitik, “pribilegioa lortzeko elite tradizionalen arteko lehiaren emaitza dira, Erdi Aroaren amaieran hasi eta Estatu modernoa osatu arte”.
Zure interesekoa izan daiteke
Astiberri Bilboko argitaletxeak Edizio Lan Kultural Onenaren Espainiako saria irabazi du
Astiberrik 25 urteko bidea du atzean, eta “komikigintza goi literaturaren mailara igotzeko egin duen ezinbesteko ekarpena” saritu dio epaimahaiak.
Ramon Saizarbitoria: "'Ene Jesus'en ez dago moderno izan nahirik"
Erein argitaletxeak Ene Jesus Ramon Saizarbitoriak 1976an argitaratu zuen eleberria berrargitaratu du. Joxean Muñozen hitzaurre eta ilustrazio sail batek laguntzen du "amari buruz" diharduen istorioa, Muñozen hitzetan, "zaila baino gehiago, gogorra den kontakizuna".
Marjane Satrapi "Persepolis" komikiaren egilea hil da, 56 urte zituela, "tristurak jota"
Senideek zabaldutako oharraren arabera, Satrapik ezin izan du senarraren heriotza jasan.
Joseba Sarrionandiak "Leturiaren egunkari ezkutua" eleberriaren irakurketa abiatu du
Iurretar idazleak ireki du Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi Jarraitua. Leturiaren egunkari ezkutua Txillardegiren liburua irakurriko da aurten.
Zuzenean: Klasikoen XIX. Irakurketa Jarraitua
Bilbo Zaharra euskaltegiaren ekimenez, "Leturiaren egunkari ezkutua" Txillardegiren eleberria irakurriko dute aurten etenik gabe jendaurrean.
Ehunka Joxeba Leturia, ostegunean Arriagan
Hilaren 4an, “Leturiaren egunkari ezkutua” Txillardegiren eleberria irakurriko dute jendaurrean etengabe, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren 19. edizioan.
Literaturia, literaturaren erritmoan dardarka
Euskal Letren Plaza zabalduko da Zarautzen maiatzaren 29tik 31ra, “Dar-dar” lelopean: liburu azoka, aurkezpenak, perfomancea, mahai inguruak, ikastaroak, musika, kontzertuak…
Pamielak "Lehoikumea" berrargitaratu du, 1948an Orixek euskaratuta erbesteko Jaurlaritzaren eskariz
Lehoikumea album ilustratuak Jacques Preverten testuak eta Ylla argazkilariaren irudiak biltzen ditu, eta Nikolas Ormaetxea Orixek euskaratu zuen 1948an. Erbestean zen Eusko Jaurlaritzaren eskariz euskaratu zen, aberritik kanporatutako haur euskaldunek zer irakurri izan zezaten. Ia 80 urte geroago, Pamiela argitaletxeak moldatu eta berriz argitaratu du.
Egileekin topaketak, azokak eta ibilbide literarioak protagonista, Liburuaren Egunean
Liburuaren Egunaren ospakizuna Hego Euskal Herriko plaza, liburutegi eta kultur etxeetan zentralizatuko da, publiko guztientzat pentsatutako ekimenekin.
Espainiako Kritikarien Elkarteak Eider Rodriguez eta Ane Zubeldia sarituko ditu
Gipuzkoar idazleek lortu dituzte euskarazko sariak: Rodriguezek, narratiba atalean, Dena zulo bera zen lanagatik, eta Zubeldiak, poesian, Kontra liburuari esker.